Biribilgunea

Gora titi askeak

Erabiltzailearen aurpegia Elaia Aizpurua

Elaia Aizpuruak iraileko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Hondartza egunak amaitutzat jo ditut duela astebete, ez da kresal arrastorik etxekotu nahi dudan Erasmus hiri honetan. Uda, oro har, iruditu zait garai korapilatsua, baina dena da arraroagoa alde egitear zaudenean, eta oraindik parean duzunaren falta sumatze horretan, ahalik eta gehien jaitsi naiz toldora, Danubion behintzat ez naiz bainatuko eta.

Danubion ez naiz harroketan hamarratz bila ere ibiliko, txikitan nebarekin jarduten nintzen moduan. Amarekin udan egunero egiten dudan itsasertzeko bueltan ohartu gara geroz eta hamarratz gutxiago gelditzen direla urtetik urtera. Hamarratzen antzeko zerbait gertatzen da titiekin, eta ez daukat inongo obsesiorik ezezagunen gorputzekin edota gorputzen aurkezpenarekin, baina esku bakarrarekin zenba ditzaket uda honetan topless egiten ikusitako emakumeak.

Hamarratzen desagerpena arrazoi biologikoei zor zaie, eta bada azalpenik ziurrenik, dela itsasoaren berotzea edo arrantza. Titien desagerpenari dagokionez arrazoi soziologikoren batek behar du; ordea, ez nago hain ziur olatu erreakzionarioari bota errua, lotsei edo kamerei. Mugikorrekin nahikoa ez bagenuen, duela gutxi kaleratu dituzte kameradun betaurrekoak, zeinekin ohartu ere egin gabe graba zaitzaketen. Distopikoa dirudien arren, salgai daude Interneten zein optika arruntetan. Ez da harritzekoa, beraz, titi askeak ezkutatzea, inork ez baitu ohartu gabe grabatua izan nahi, eta badirudi distopia horren aurkako arauek oraindik denbora gehiago behar dutela iristeko.

Gorputzak kontsumorako bide bihurtu dira aspaldi, uda hasi baino lehenago ere ari zaizkigu dietak, krema miraritsuak eta gimnasio planak saldu nahian. Ez dago gorputz neutrorik merkatuaren begietan, denak du 'aferaren' bat; baina gorputz batek 'afera' horri entzungor egitea erabaki eta bere horretan dagoenean, ez denean kontsumorako, existentzia hutsa denean baizik, kameren mehatxua eta etengabeko sexualizazioa eta epaia agertzen dira.

Emakumezkoen titiek ez dute jasaten gizonekoen titien trataera bera, nahiz eta aldea zer begirekin begiratzen den soilik izan, ez baitago genitalik titietan. Erradikalegia da agian diodana gizartea dagoen unerako, baina iparra galtzen ari gara. Titiak erakusteko eskubidea izan nahi dut, hala egin nahi badut; ingurukoen kamerek eta begirada lizunek harrapatu eta Whatsappeko talderen batean amaitzeko beldurrik gabe. Askatasuna ez baita titiak erakustea, titiak erakusteko arazorik ez izatea baizik.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide