Erabakiak hartzea erraza ala zaila den ez galdetu niri. Batzuetan Hamlet naizela egiten dut amets, kaskezur zikin hori esku ahurretan dudala, "izan ala ez izan" esaten, interesgarri plantak egiten ditudan bitartean. Baina ez dizut gezurrik esango, irakurle: azken urteetan barne gatazka inportante bati aurre egiten saiatzen ari naiz. Behinola lehenesten nituen zaletasunak edo motibatzen ninduten gauzak egun ezerezean geratu zaizkit, antigoaleko museo batean ezkutatuta; eta ez hori bakarrik, apatiaz gainbegiratzen ditut, berriro heltzeko behar adina indarrik izango ez banu bezala. Horra nire auzi eternala: "Zerk betetzen nau?".
Existentzialismoaren teoria aspergarriekin ez zaitut itoko, irakurle. Itotzeko sobera naiz baleko, eta nahikoa dut basoerdi bat horretarako. Marrazkiak egitea gustuko omen nuen ikastola garaian, eta komikiren bat egiteko kapaz izango nintzela sinetsiko nuen noizbait. Kaka zaharra. Musika talde bat ere sortu genuen lagunok, baita hainbat maketa eta disko grabatu zein kontzertu eman ere. Inoiz distiratu ez zuten rock izar izan ginen, konstelazioaren kutsadura luminikoan. Kaka zaharra. Literaturaren errimetan nire sentimenduak azaleratu nituen, eta ilusioz hasi banintzen ere, armiarma sarean itsatsita geratu nintzen, ez aurrera, ez atzera. Kaka zaharra.
Pazientzia falta baino gehiago, helburu larriegiak finkatu dizkiot neure buruari. Hori izan da nire bekatu nagusia, nire frustrazio guztien abiapuntua eta helmuga. Inkonformista eta perfekzionista omen naiz, eta horiek eraman naute gustuko nuen hori guztia gorrotatzera. Nire buruan maisuki modelatuta zegoelako, baina nire eskuekin adierazten ez nekielako. Azaleratzeko gai ez nintzelako. Benetako sortzaile izateko azken zizelkada hori-edo falta zitzaidalako, akaso. Eta horrek egundo amorrarazten ninduen, eta oraindik ere ernegatzen nau.
Orduan, gauzarik errazena egin nuen: dena pikutara bidali. Bolada batez, aizu, mesede egin zidala onartu behar dizut. Arnasberritu egin nintzen, eta nire kezkak [a.k.a. antsietatea eta depresioa] baretu egin ziren. Larre berde gozo eta heze baten erdian ordu luzez etzanda zeru urdinari begira geratzea bezala. Begitazio eder bat izan zela badakit, Hamlet! Nire barne gatazkak ispiluaren aurrean neukan pertsonaren ahotik entzuten hasi bainintzen atzera: "Izan ala ez izan".
Udako opor zoriontsuen ondoren, errutina gordinaren gurpilean erori gara berriro, eta jendeak ikasturte berrirako aisialdi planak eginak ditu edo dauden aukerak aztertzen ari da. Kirola praktikatu, arte tailerretan hasi, irakurle taldeetan parte hartu, musika eskoletan trebatu, yoga edo meditazio saioetara joan... Hamaika bide daude pertsona gisa errealizatuta sentitzeko, baina niri erabakia hartzea kostatzen zait. Kaka zaharra.