SAINA ZAINETAN

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2026ko otsailaren 25a

1565-eko urriaren 23a. Butuseko amarralekua.

Azken egunotan tenperaturak asko egin du behera. Negua goiz dator baina zorionez, gizonek gau eta egun dihardute lanean iritsi ginenetik eta sain upela gutxi faltako zaizkigu gure ontzia guztiz betetzeko. Gauzak honela, atzo harrapatutako balea azkena izan dadila agindu dut, nahiz eta ez den nahikoa izango San Juan- aren gehiengo edukiera osatzeko. 

Ofizialekin bildu naiz eta nirekin ados daude guztiak. 

Ramos de Arrieta ontzi jabearentzat, galera onartezina litzateke hemen izotzak harrapatuta geratu eta Joannes de Portuk, Burgos-eko itsas konsulatuan, idi-gurdi garraiolariekin sinatutako hitzarmenari huts egitea. Europa guztitik datozen eskariak asebetetzeko aukera galduko lukeelako eta garraiolariek trukean dakartzaten artile eta enborren entrega kolokan geratuko litzatekeelako. Halaber, tripulazioak ere ez luke begi onez ikusiko egonaldi hau luzatzerik, ofizialak ez direnei soldatak ez baitzaizkie Pasaiara itzuli arte ordaintzen.

Konfiantza osoa dut nire gizonengan baina ez nuke Labradorreko negu gordina beraien ondoan igaro beharrik izan nahi, poltsikoetan ordainsariaren promesa bat besterik ez dutela jakinda.

Aste honen amaiera arteko epea eman zaie guztiei lanak amaitzeko. Ez daukat epea beteko dutenaren inongo zalantzarik.

                                          

J.L. de Aguirre, Kapitaina.

 

     Lanari ekiten lehenak izan ziren modu berean, upelagileak izan ziren hau amaitzen lehenak ere.

     Ohi bezala, Butus portuko egonlekuan bertan egin zituzten saina gordetzeko ehundaka upel. Baleontziaren edukieraren arabera, haritz egurrezko mila barrika inguru egin zituzten, bertan horretarako eraikitako upelategian. Beti egiten zituzten, bada ezpada, behar baino gehiago; barrika batzuk kutsatu, hautsi edo galeraren bat izango balute ere, ordezkoak eskuragarri izateko.

     Gizon hauek ordurako, ongi irabazitako atsedena hartzen ari ziren badiako aterpe eta taberna bakanetan. Gainerako marinelak ari ziren orain, jo eta su, beraien betebeharrekin. 

     Batetik, arpoilari eta arrantzaleak, azken balea haren zatikatzearekin ziharduten. Aurreko balea guztiekin bezala, azken haren bi hegatsak mozketa taula bezala erabili eta ugaztun erraldoiaren gantzaren azken puskak erauztear zeuden. Animaliaren haragiari, bertakoak elikatzeaz gain, ez zioten etekin handiegirik ateratzen, ezinezkoa baitzitzaien etxeraino garraiatzea alferrik galdu gabe. Aitzitik, balea bizarrak lehortu eta gorde egiten zituzten, aterkiak eta kortseak egiteko probesten baitziren.

     Lan talde honen atzetik, gantz hura olio preziatu bihurtzeko prozesuaren arduradunak zebiltzan erlojuz kontra lanean. Eguraldi traketsari aurre eginez, harrizko labeak sutan mantendu eta gizendura zatiak kobrezko ontzietan urtzen ziharduten, ahalik eta upela gehien bete eta ontzian biltegiratzeko.

     Bizimodurako baldintza gogorrak zituen arren, Balea Baya izendatzen zuten badian beharrezko guztia eraiki edo antolatua zegoen, neurri batean, bertara iristen ziren itsas gizonen egunerokoa erraztu eta balea olioaren ustiapenak ahalik eta irabazi gehien eman zezan. Hala nola, portu edo amarralekua, upelategia, zatikatze guneak, harrizko labe eta kobrezko lanabesak, taberna edo aterpeak eta baita ermita bat ere. 

     Halabeharrez, badiaren bestaldeko Saddle uhartean bazen hilerria ere, horrenbeste gizonen joan etorrian ez baitziren falta gaixotasun eta istripuak.

     Ostiral arratserako, lanak guztiz amaituta zituzten. San Juan baleontzia, bi azpi-kubiertatako biltegiak bederatziehun eta laurogeita bi sain upelez beteta, Butuseko portuan lotuta zegoen. Itsasontzia arindu eta espazioa lortze aldera, balea arrantzurako zortzi metro luzeko bost txalupak bertan behera utzi zituzten eta baita aurrez itzuli beharraren ondorioz soberan gelditutako sagardo upela batzuek ere, badiako egonlekurako hornigai modura.

     Ohikoa zen ere, ofizialentzat gordetako Xerezko ardo upela batzuk bidaiarako ontzitratzea eta hauetakoren bat ere soberan geratzear zenez, Aguirre kapitainak bere gizonei eskeini zizkien, egindako lan eskergaren errekonozimendu modura, azken gaua merezi bezala ospa zezaten.

     Artean, gaua gero eta ilunagoa eta hotzagoa zen lokatzezko kalexka umeletan. Han hemenka zintzilikatutako oliozko farolek nekez argiztatzen zituzten hauek. Elurra zeharka ari zuen haize gogorrak astinduta eta arima bakan batzuek besterik ez zebiltzan inguruan, babes bila.

     Tabernako atea ireki zenean, haize korronteak mahaien erdiko kriseiluetako suak dardararazi zituen, hauetan edanean zebiltzan arrantzale nekatuak bere presentziaz ohartaraziz.

     Bertako guztiek iritsi berriari so egin zioten baina ergelek bakarrik mantendu zuten begirada. Beste guztiek zuhurtziaz burua makurtu eta hainbeste denboran faltan botatako ardo goxoaren edalontzian hondoratu zituzten beraien gogoetak.

     Handia zen gizasema. Oso handia. Tabernaren su argi ahulak ez zuen haren aurpegia bistaratzeko adina indarrik, ezta beharrik ere. Haren garaiera eta bizkar zabala denek ezagutu zuten berehala. Simon Etxaniz oriotarra zen, arpoilari burua.

     Bere anaia Domingo eta Simon bera, guztiz kontrako arrazoiengatik begiko zituen kapitainak: Lehenengoaren burua eta bigarrenaren indarra.

     Domingo izan zen, setati, lehen egunetik ahalik eta lan gehien aurreratzearen gomendioa egin ziona. Azken urteetako eguraldi baldintzen joera aztertuta, aurtengoan izotzak garaiz aurretik iritsiko zirenaren susmoa baitzuen.

     Simonenganako konfiantza berriz, haren ausardia eta lan gogorrenetarako amaigabeko borondatean oinarritzen zen. Haren izaera basatiak bere alde iluna bazuen ere, arpoilari batentzat dohain paregabea zeritzon.

     Pauso geldo baina ziurrarekin, esku batean arrantzurako kakoa eta bestean mehatxua estu helduta, barra aurrean topatutako lehen taburetean eseri zen Simon, bertako guztiei bizkarra eman eta atentzio berezirik eskaini gabe.

     -Atera edateko zerbait...- marmar egin zion tabernariari.

     Beldurrez, ur eta ardo botila bana ipini zizkion aurrean, berorrek aukera zezan. Ustekabean, eskutada batez, ur botilla barra atzeko ispilu zabalaren aurka jaurtiki eta leherrarazi egin zuen, ispilua bera ere zatikatuz. Era berean, beste eskuaz tabernariari paparretik heldu eta bere aurpegira hurbildu zuen ile luze eta bizar itxiaren artetik ondorengo azalpen emanaz:

     -Laguna asko galdu ditu urak. Eskorbutoz ez bada, itota. Ez dadila errepikatu.-eta ardo botilari lepotik heldu eta trago luze bat eman zion.

     Oraindik barran guztiei bizkarra emanda, bi eskuez ile luzea eta bizarra atondu zituen elur arrastoak hatz artean urtaraziz, eta arnasa sakon hartu ondoren, honakoa esan zuen, ozen:

     -Norbait hilko da hemen gauerdia aurretik. Zehazki, nire ordainsaria lapurtu duen sasikumea!

     Kalean baino izoztuago geratu ziren bertako guztiak, elkarri begira. 

     Simonek apur bat burua altxa eta aurrean zuen ispilu zatikatuan islatuta ikusi zituen tabernako bezero guztiak. Hauek era berean, haren begirada ispilu zati bakoitzean biderkatuta ikusteko gai ziren, bakoitzari zuzen begira ari balitzaie bezala. Simonek kristalezko begiarekin bezain zuzen zelatatu zituen bertako guztiak begi onarekin.

     -Itxuraz, aurreko tabernan lo kuluxkan nengoen bitartean, nire berokiaren barrualdeko poltsikoan nuen diru poltsa beretzat hartzea, ideia ona iruditu zaio norbaiti...-jarraitu zuen.

     -Hilabeteak eman ditugu elkarrekin San Juan ontzian. Hamaika balea arpoitu, zatitu eta biltegiratu ditut haren sabelean eta ez zait oso nekeza izango zuetako batekin gauza berbera egitea.

     Ontzikideak zurbil geratu ziren. Bazekiten ez zebilela txantxetan. Euren begiz ikusia zuten Etxaniz lanean eta ez zen huskeriengatik atzera botatzen zen horietakoa. Esaterako, azken kanpaina hartan  bertan ikusi zuten, nola balea oldarkor bat ehizatu nahian, Simonek arpoiaz hura zauritu eta ezusteko tirakada batek eskuin eskuko bi hatz erauzi zizkion, arpoiaren soka eta brankako toletaren artean harrapatuta. Halere, garrantzi gabeko zauritxoa bailitzan, Simonek tinko eutsi zion jazarpenari, balearen indarrak ahitu eta portura atoian erman zuten arte.

     Are gehiago, arpoilari nagusia izaki, berea zen baleen heriotza ziurtatzearen ardura. Harrapatutako  balea bakoitzeko, haren bizkarrera igaro eta arpoiaz azken aldiz jotzen zituen arnas tututik barrena. Animalien azken arnasak eragindako odol euritan, barre algaraka blaitzen zen Etxanizen irudiaren oroimenak, oraindik hotzikarak eragiten zizkion bati baino gehiagori.

     Bere hizketaldiarekin jarraitu zuen Simonek:

     -Sortu zaigun arazo hau era helduago batean konpontzeko beste aukera bat emateko prest nago. Gauerdira arte utziko dizuet, diru poltsa ostu didanak hemen bertan utz dezan- eta kakoa iltzatu zuen barra gainean.

     -Zu! - Ohiukatu zion barraren bestaldean beldurrez uzkurtuta  zegoen tabernariari, eskuin besoa altxa eta falta zitzaion hatz erakusle ikusezinaz seinalatuz. -Ni itzuli aurretik norbaitek alde egiten badu, zu egingo zaitut arduradun. Iheslariak bere burua salatuko du eta laster batean bidaliko zaituztet biok, hemengo hotza faltan botako duzuen infernu zulora.

     Taburetetik jaitsi, guztiei aurpegia eman, burua apurbat makurtuz arrantzale guztiak agurtu eta tabernatik atera zen. Atea ixtean, danbatekoak kriseiluetako sugarrak itzali eta mahai bakoitzean sabairanzko ke ubera dardarti bana utzi zuen. 

     Kanpoan jada, Etxanizek berokiaren lepoa estutu eta lehen pausoa ematean, lurreko izotzarekin irrist egin eta hankaz gora erori zen, lepo-hezurra hautsiz. Airean igaro zuen segundo erdian gogoratu zuen, diru poltsa, zuhurtziaz berokiko poltsikotik eskuin botara aldatu zuela lokartu aurretik. Bere hezurrek lurra jotzerako, airean irten zen diru poltsa, txanpona mordo bat elurretan barreiatuta utziz.

     Elizako kanpaiak gauerdia jo zuenean ez zen oraindik inor mugitu taberna barruan, ezta diru poltsarik azaldu ere. Etxaniz agertzen ez zela arduratuta, tabernako atetik kanpora begiratu zutenean, lurrean aurkitu zuten haren gorpua, txanpon konstelazio batean galduta.

     Gertakari hauei arrotz, denboralea okerragotzen zihoan nabarmen eta olatu erraldoiek eten gabe kolpatzen zuten Saddle uharteko hego kostaldea. Itsasoak uhartea aparretan bildu eta Atlantisen patu bera izango zuela zirudien. Balea Baya ozeanoaren erasoetatik babestuago bazegoen ere, ordu gutxi geroago, itsaso kolpe batek San Juan baleontziaren brankako amarrak eten, kabrestantea lehertu eta hondoa jo arte eskoratu zuen portuan bertan, ababorreko estrabea eta pago egurrezko lemari atzera bueltarik gabeko kalteak eraginez. Ez zegoen ezbehar hura konponduko zuen mundrun ukendurik, ezta Miguel de Beroiz armadoreak bertako baliabideekin aplika zezakeen teknikarik ere.

     Bertan lokartu zen betirako, 1563-an, Pasaiako ontziolan egindako sei hilabeteko lanaren fruitua. Hogeita bost metroko luzera, zazpiko erruna eta kubierta hirukoitzeko ontzia. Berrehun tonako baleontzi transatlantikoa, bere karga eta guzti.

     Oraindik tabernako gertakariarekin harrituta aterpera bidean zihoazela, ontziaren izei egurrezko hiru mastak okertuta ikusi zituzten gizonek. Denboralearen erdian, arrapaladan portura iritsi zirenerako, ontziak hondoa joa zuen jada baina oraindik karga salbatzeko garaiz zeudela ohartarazi zuten Aguirre kapitaina. 

     Labradorreko hego kostaldean igaroko zuten azken gaua uste zutena, denetan luzeena izan zen itsas gizon haientzat. Zorionez, olio upela guztiak garaiz ateratzea lortu zuten. 

     Sain upelak ondo gordeta zeuden arren, Terranovako bizimodua ez zen batere samurra. San Juan ontziaren galeraren berri eman zioten inguruan arrantzan zebilen bakailao-ontzi bati, baita gizon batzuk ontziratu ere etxera itzul zitezen, baina besteentzako laguntza ez zen udaberrira arte iritsiko.

     Itsas hierarkiak agindu bezala, ofizialek izan zuten bakailao-ontzian bidaiatzeko lehentasuna eta gizon batzuk gehiagorentzako lekua bazeukaten ere, marinelek nahiago izan zuten elkarrekin neguari aurre egitea, kideak atzean uztea baino.

     Luze joan zen negua etxetik urrun, oso luze.

     Bere gordinenean sartu ahala, Simon Etxaniz-en anaia, Domingo, egunetik egunera okerrago sentitzen zen. Berak ez zekien arren, bere ontzikideengatik apurka apurka pozoitua izaten ari zen, bere anaia Simonekin izandako gatazkaren errua leporatu eta haiekin mendekua hartuko zuen beldur baitziren.

     Gauzak horrela, bere biziaren amaiera zetorrela sumatuz, abaenduak 24, gabon egunean, Domingok ontziko zirujauari testamentua har ziezaion eskatu zion, senitartekoek bere irabaziak kobratzeko eskubidea izan zezaten. Ez zuen urte berria argitzen ikusi.

     1566–ko maiatzean iritsi zen laguntza. Egiari zor, baleontzi berri haren helburu nagusia,  gizonak etxeratzea baino, sain upelak berreskuratzea zen baina ez zion inork ontziratzeari muzinik egin.

     Kapitainak urruneko paraje hura zapaldu eta babeslekuko atea ireki zuenen, ahuldutako biziraule ausartak topatu zituen.

     -Iritsi gara jaunak! Zer moduz zaudete? - oihukatu zien.

     -Apaizac obeto...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide