Bizilagunaren zakur puta.

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko ira. 4a, 10:24

Bolada luze batean ipiniko dudan azken kontakizuna.
Gustoko izan dituzuelakoan, eskerrik asko irakurri dituzuen guztioi.

BIZILAGUNAREN ZAKUR PUTA

Zaunka! Zaunka! Zaunka!
 

Bizilagunaren zakur puta. 

 

Oso goiz oraindik. Kalean argirik ez. Esna jada. 

Buelta batera, buelta bestera. Begiak erdizka zabaldu. Sudurrean hazka, hazka, hazka. Mukia ahora. Kaka! Haginean itsasi. 

Gau mahai gaineko irakurketa argi txikia piztu. Ohean eseri, hatzari so. Odola. Kaka! Sudurrean odola! 

Lurrera begiratu. Begira ezkerrera, begira eskuinera. Galtzerdiak jantzi gabe jaiki ezkero, laster doministikuka. 

Galtzerdi bat aurkitu. Usaindu. Bah… Egun bat gehiago bai. Bestea falta. Kaka! Bestea falta! 

Galtzerdia utzi eta etxeko oinetako itxiak, atzealdea zapalduta jantzi.

Makurtu, hatza 
orpo azpitik pasa eta oinetakoa ondo jantzi? Ja, ja, zertarako? 
 

Makurtu beharra ekidin. Ondo!. 

Erdi lo, pareta tentuz jarraitu. Galtzerdi pare garbi baten bila armairuraOrkatilaz ohearen hanka izkina jo. Kaka! Izkina jo eta zeharo esnatu! 

Galtzerdien kajoia ireki. Mendirako galtzerdi lodiak. Udako galtzerdi motzak. Galtzerdi normalik ez. Kaka! Normalik ez! Denak arropa zikinaren saskian. 

Kaltzontzilotan, sukaldeko arropa zikinen saskira, galtzerdi pare baten bila. Bezperan erabilitako kamiseta soinean. 

Gaur gauean pijama garbia
? Ja, ja, zertarako? 
 

Arropa berrerabili. Garbitu beharreko gehiegizko arropa ekidinOndo!. 

Saskian bi eskuak sartu. Arropa zikin andana irabiatu eta galtzerdi pare bat berreskatatu. Usaindu. Bah…, janzteko moduan. 

Galtzerdiekin gelara buelta. Ohean eseri, galtzerdiak jantzi eta aste betean erabilitako galtzak jantzi.

Galtza garbiak jantzi? Ja, ja, zertarako?
 
 

Berrerabili. Murriztu. Ondo!. 

Ezker hanka, galtza barrura. Eskuin hanka, galtza barrura. Eskuin oina galtza muturretik irtetearekin batera, falta zen galtzerdia lurrera. Kaka! Falta zen galtzerdia, galtza barruan! 

 

Zaunka! Zaunka! Zaunka! 

Bizilagunaren zakur puta. 

 

Egunero zakurra giltzapetu eta lanera. Bizilagun kabroia. 

Berriz etxeko oinetakoak jantzi.
Orpoan 
ondo sartu? Ja, ja, zertarako?
 

Zutik. Oheari begiratu. Ohea egin? Ja, ja. Zertarako? Gauean berriz desegin behar. 

Ohea hobekiago egurastu eta egunero ohea egin beharra ekidin. Ondo! 

Pixagura. Komunera. Galtzak askatu, belaunetaraino jaitsi eta komunean eseri. Pixa egin. 
Zutik? Ja, ja. Zertarako? 
 

Lurreko pixa zipriztinak garbitu beharra ekidin. Ondo!. 

Gosea. Sukaldera. Zabor usaina. Konposta jaitsi behar. Kaka! Konposta jaitsi behar! 

Gosea. Gosaria. Zukua.
Laranja
k ebaki, aiztoa eta zukugailua zikindu eta basokada naturala egin? Ja, ja. Zertarako? 
 

Tetra brick-ekoaOntziak zikintzea ekidin. Ondo! 

Basokada zuku edan. Berriz edalontzia bete eta mahaian utzi. 

Katilukada bat esne. Esnea ez. Olo edariaVive Soy. Besteek baino zapore hobea. Hotza. Bezperan hozkailuan sartutakoa. 

Sinusitisari aurre egiteko hobea. Gehiegizko muki jarioa ekidin. Ondo!

Amaitutako tetrabrik-a ipurditik heldugoraino zanpatu eta tolestu. Berriz airea sar ez dadin, tapa ondo itxi eta ontzi arinen poltsara bota.  

Poltsaren edukiera maximora probestu eta kaleko edukiontzira bidaiak murriztu. Ondo! 

Goilarekada haundi bat Nesquick. Cola Cao? Ez, Nesquick.  

Goizeroko irabiatze denbora murriztu eta disolbatu gabeko txokolate hauts traidoreek eragindako eztul erasoak ekidin. Ondo!
 

Katilua mahaira. Zukuaren ondora. 

Gosea. Ogi xigortua.
Eguneko ogia erostera atera, itzultzean aiztoaz ebaki, sukaldea apurrez bete e
ta xigorgailuan ezin sartu ondoren, gainean, hala moduz, etzanda ipini eta erdizka xigortu? Ja, ja. Zertarako?
 

Bimbo. Poltsatik xigorgailura. Honen zuloen tamainako ogi xerra perfektuak. Bi minutu. Prest. Tostadak mahaira. 

Zeharo jantzi, kalera irten, 500 metro ibili, dirua xahutu eta sukaldean erratza pasa beharra ekidin. Oso Ondo!. 

 

Zaunka! Zaunka! Zaunka!, 

Bizilagunaren zakur puta. 

 

Hozkailua ireki. Gurina eta marmelada hartu. Mahaian utzi.  

Gurina, Central Lechera Asturiana. Zabaltzeko erraza, palma oliorik gabea. Marmelada, marrubizkoa. Hero. Azukre gabea. 

Goilara handia eta aizto borobildu kamutsa, katiluaren alde banatan ipini. 

Mahaian eseri. Telefonoa mahai gainean jarri, ezkerretara. Ezker eskuaz, Twitter aplikazioari eragin.
Sukaldeko argi fluoreszentearen isla, telefonoaren pantailan. Ezin ongi ikusi.
Amazonen
, mugikorrarentzat euskarri bat eskatuta. Oraindik iritsi ez. Kaka! Oraindik iritsi ez!
 

Aiztoaz, gurina tostadetan zabaldu. Gurina ezin ontzian dioena bezain erraz zabaldu. Kaka! Ezin zabaldu! Central Lechera Asturiana puta. 

Goilara bete marmelada tostada bakoitzean zabaldu. 

Baso erdi zuku edan. 

Twitter-eko azken berriak irakurri ahala, eskuin eskuaz tostada esnetan busti. Koska. Sirian bonbaketa. Busti. Koska. Gary Oldman-i Oscar-a. Busti. Koska. Aktoresa bortxatuak. Busti. Koska. Koska. Koska. 

Ogia amaitu. Gainontzeko Nesquick-a derrotean edan. Egarria. Beste zuku erdia edan. Egarria. Baso bat ur bete, eta edan. Egarria. Kaka! Egarria! Azukre gabeko marmeladen edulkorante puta. 

 

Zaunka! Zaunka! Zaunka! 

Bizilagunaren zakur puta. 

 

Gurina eta marmelada hozkailura. Katilua, edalontzia eta goilarea, ontzi garbigailura.
Lehendabizi uretan pasa? Ja, ja. Zertarako?
 
 

Alferrikako ur gastua ekidin. Ondo! 

Mahaian ogi apurrak eta gurin, marmelada eta Nesquick arrastoak.
Harraska azpitik 
trapua hartu, busti, bihurritu, mahaia garbitu, busti, bihurritu eta berriz harraska azpian gorde? Ja, ja. Zertarako? Afalostean hiru jatorduetako arrastoak batera garbitzearekin nahiko. 
 

Sukaldeko mahai garbiketa lanak %66.6 murriztu. Ondo!

Zabor usaina. Konpost ontzia ireki, usaindu, aurpegia alderatu eta atzera pausoa. Kaka! Azkenean kalera irten behar! 

Harraska azpitik kuboa atera.
Poltsa ontzitik
 atera? Ja, ja. Zertarako
 

Sukalde erdian poltsaren tanta-jarioa, eta muturreko kasuan, poltsa apurtu eta zabor organikoa sukaldeko lurrera erori eta garbitu beharra ekidin. Oso Ondo!.

Zabor organikoa, ontzi eta guzti, irteera atearen ondoan utzi. 

Leihotik kalera begiratu. Eguraldia aztertu. Hotz, baina ateri. 

Sukaldetik, saloira.

Bezperan saloiko mahai azpian utzitako botak hartu. Sofan eseri. Botak jantzi.
Beste oinetako batzuk jantzi? Ja, ja. Zertarako? 
 

Gauero oinetakoak armairuan gorde eta goizero plantillak oinetakoz aldatu beharra ekidin. Ondo!
 

Zutitu. Soineko kamiseta, bi hatzez paparretik heldu, sudurrera urbildu eta usaindu. Bah…, gaurkorako nahikoa. Bihar garbia. Ziur! 

Bezperan saloiko aulki batean zintzilika utzitako txamarra jantzi.
Txamarraz aldatu? Ja, ja. Zertarako? 
 

Gauero txamarra armairuan gorde, eta goizero kartera soinean eramatea ziurtatu beharra ekidin. Ondo!
 

Sarrerako mahaitxoko ezker kajoi gorena ireki. Etxeko giltzak hartu. Konpost ontzia hartu eta kanpora. Atea itxi aurretik, giltza egokiak hartu izanaz ziurtatu. Atea itxi. Giltzari bi buelta eskuinera. Atea ongi itxi. Aspaldian lapur asko omen. Kabroiak! 

Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. Eskuin eskuaz igogailuaren botoiari sakatu.
Hiru solairuak eskilaretatik
 oinez jaitsi? Ja, ja. Zertarako? 
 

Erorketa arriskua eta alferrikako energia xahutzea ekidin. Ondo!
 

Zain. Igogailuaren zain. Botoiaren gainean, solairuaren zenbakia. 3. Zenbakiz, erliebez eta Braille-z. Braille; noizbait ikasteko gogoa. 

Atearen gainkaldean, argi gorriz, solairu zenbaki aldakorra eta norantza gezia. 1…, 2…, 3… 

Igogailuaren ateak ireki. Bizilaguna aurrez aurre. Igandea. Eskuan ogia. Ja,ja. Ogia. 

-Kaixo. 

-Kaixo. 

Bizilaguna kanpora. Ni barrura. Konpost ontzia eskuan zintzilik, barrura.
 
 

Ispilua, ni. Ni, ispilua.  

0 dioen botoia sakatu. 0. Zenbakiz, erliebez eta Braille-z. Braille, noizbait ikasteko goga. 

-Ateak ixten- dioen ahotsa. 

Behera. Igogailu barruan zakur kiratsa. Behera. Kiratsa. Behera.  

Bizilagunaren zakur puta.
 

Behera iritsi. Ateak zabaldu. Kanpora begira, igogailu barnean geldi. Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. Geldi. Kanpora begira, geldi. 

3 dioen botoia sakatu. 3. Zenbakiz, erliebez eta Braille-z. Braille; noizbait ikasteko goga. 

-Ateak ixten- dioen ahotsa. 

Gora. Igogailu barruan zakur kiratsa. Gora. Kiratsa. Gora. Bizilagunaren zakur puta.

3. solairura iritsi. Igogailuaren ateak ireki. Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. Zintzilik. Zintzilik. 

Eskuinetara bizilagunaren atea.  

Hurbildu. Atearen aurrean “ONGI ETORRI” dioen lanpasa. Atean, 3-B. Ate gainean, larrialdi argia eta Euskaltel-en zuntzaren kanaleta. Ezkerretara, txirrina. 

Txirrina jo. Atea ireki. 

-Kaixo. 

-Kaixo.

Klik. 



Salto de página
Klik. 

Ispilua, ni. Ni, ispilua. 

Izerdia. 

0 dioen botoia sakatu. 0. Zenbakiz, erliebez eta Braille-z. Braille; noizbait ikasteko goga. 

-Ateak ixten- dioen ahotsa. 

Ispilua, ni. Ni, ispilua. 

Ulahi (Orona). “Zu zauden tokian gaude”. Gure teknikaria. Izena. Joanes. Berrikuspena. Hilabetea. 2. 

Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. Behera. Zintzilik. Behera. 

Izerdia.
 

Ispilua, ni. Ni, ispilua. 

Ulahi (Orona). 24 H zerbitzua. NON STOP. 901 900 005. 

Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. Behera. Zintzilik. Behera. 

Izerdia.
 

Ispilua, ni. Ni, ispilua. 

Igogailuaren ateak ireki. Ezkaratzeko atea ireki eta kalera.
Konpost edukiontzia
kalearen beste aldean.
Espaloitik oinez
, eskuineraGoiz. Jende gutxi. Dagoena, mugikorrari begira. Zombi putak.
 

Bi pausotik behin, baldosa zuria, zuria, zuria, gorria. Zuria, zuria, estolda tapa, baldosa gorria. Zuria, Euskaltel tapa, zuria, zuria, puntuzko erliebedun baldosa gorriak. Itsuentzatzapaltzeko Braille modukoa. Braille; noizbait ikasteko gogoa.
 

Zebra bidea. Ezkerretara begiratu. Eskuinetara begiratu. Autorik ez. Goiz. 

Marra zuria, marrarik ez, marra zuria, marrarik ez, zuria, ez, zuria, ez. Espaloia. Puntuzko erliebe dun baldosa gorriak. Itsuentzat, zapaltzeko Braille modukoa. Braille; noizbait ikasteko gogoa. 

Ezkerretara. Bi pausotik behin, baldosa zuria, zuria, zuria, gorria. Zuria, zuria, konpost edukiontzia. Itxita. Kaka! Edukiontzia irekitzeko txartel berria ahaztu. Udaletxe puta! 

Konpost poltsa ontzitik atera behar.  

Korapiloa egin eta tantaka atera. Edukiontzi gainean utzi eta konpost ontzia ezker eskuan zintzilik, buelta etxera. 

Bi pausotik behin, baldosa zuria, zuria. Gorria, zuria, tanta gorria, baldosa zuria, zuria. 

Puntuzko erliebe dun baldosa gorriak. Itsuentzatzapaltzeko Braille modukoa. Braille; noizbait ikasteko gogoa.
 

Zebra bidea. Ezkerretara begiratu. Eskuinetara begiratu. Autorik ez. Goiz. 

Marrarik ez, zuria, tanta gorria. Marrarik ez, tantak, marra zuria, marrarik ez, zuria, marrarik ez, zuria. Espaloia. Puntuzko erliebe dun baldosa gorriak. Itsuentzatzapaltzeko Braille modukoa. Braille; noizbait ikasteko gogoa.

Baldosa zuria, tanta gorriak. Baldosa zuria, Euskaltel tapa, tanta gorria. Baldosa zuria. Baldosa gorria, estolda tapa. Baldosa zuria, zuria, tanta gorria, zuria, tantak, zuria, tantak, tantak, tantak. Baldosa zuria.
 

Etxeko atarian. 
Eskua poltsikoan sartu, 
giltzatakoa atera, giltza guztien artean, ezkaratzekoa bilatu, zerrailan sartu, biratu eta atea ireki? Ja,ja. Zertarako? 
 

Askotan atea bakarrik ongi ixten ez. Ziurrenik irekita. Atera iritsi. Bultza. Irekita. Alferrikako giltza hautaketa ekidin. Ondo!
 

0 dioen botoia sakatu. 0. Zenbakiz, erliebez eta Braille-z. Braille; noizbait ikasteko goga.

Atearen gainkaldean, argi gorriz, solairu zenbaki aldakorra eta norantza gezia. 3…, 2…, 1… 

Igogailuaren ateak ireki. Barrura. Lurrean odol putzua.  

Ispilua, ni. Ni, ispilua.

3 dioen botoia sakatu. 3. Zenbakiz, erliebez eta Braille-z. Braille; noizbait ikasteko goga. 

-Ateak ixten- dioen ahotsa. 

Gora. Igogailu barruan zakur kiratsa. Gora. Kiratsa. Gora. Kiratsa. 

Bizilagunaren zakur puta. 

Ispilua, ni. Ni, ispilua.
 

Eusko Jaurlaritza. Igogailuak. Aldizkako azterketa. Azterketaren data. 2016. VII. Hurrengo azterketa (Urteak). 6. 

Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. Gora. Zintzilik. Gora. 

Izerdia.
 

3. solairura iritsi. Igogailuaren ateak ireki. Konpost ontzia ezker eskuan zintzilik. 

Eskuinetara, bizilagunaren etxeko atea erdizka irekita. Ate irekiaren aurren, zabor organiko mordoa lanpas gaineanHandik igogailura, odol tantak. Lurrean. Tantak. Odol tantak. 

Ezkerretara, etxeko atea. Giltza egokia hautatu, zerrailan sartu eta bi buelta ezkerretara. Atea ireki. 

 

Zaunka! Zaunka! Zaunka! 

Bizilagunaren zakur puta. 

 

Etxera sartu. Atea itxi. Giltza zerrailan sartu. Bi buelta ezkerretara. Barrutik giltzaz atea ondo itxi. Aspaldian lapur asko omen. Kabroiak!
 

Sukaldera sartu.  

Poltsa berria jarri aurretik konpost ontzia lixibaz garbitu?? Ja,ja. Zertarako? Zuzenean poltsa jarri, haren ertza ontziaren perimetroaren gainetik tolestu, kiratsa isolatu eta harraska azpian gorde.  

Etxeko lan higuingarriena egitea ekidin. Oso ondo!

Komunera.
Bainuontziko iturria ireki. Eskuaz ur txorro
ta ukitu. Hotza, hotza, hotza. Epela, epela, beroa. Beroegi. Kaka! Beroegi!
 

Tenperatura egokian utzi eta biluzten hasi. Txamarra erantzi. Galtzak erantzi. Kamiseta, kaltzontzilo eta galtzerdiak erantzi. 

Bainuontzian sartu. Poliki. Beroa. Beroegi? Ez, beroa. Bainuontzian etzan.

Garrasia. Kaleko garrasia entzun. 

Norbaitek bizilagunaren burua aurkitu. Konpost edukiontziaren gainean. Norbaitek. Burua. Aurkitu.
 

Odoleztatutako aizto borobildu kamutsa garbitu. Bainuontziko uretan garbitu. Haren sorbatzari so.  

Aiztoa, ni. Ni, aiztoa.

Bi eskumuturrak labanaz ebaki. Alde batetik bestera? Ja, ja. Zertarako? Luzetara ebaki. Esku ahur azpitik, ukondo pareraino. 

Suizidio saiakera patetikotzat hartzea ekidin. Ondo!
 

Lan nekeza. Aizto borobildu kamutsaz egiteko, lan nekeza. Norbaiten burua moztea bezainbeste ez, baina nekeza.
 

Odol huste azkarra. 

Polizia ate joka.  

Hotza. 

Kaleko edukiontzira bidaiak, goizeroko irabiatze denbora eta sukaldeko mahai garbiketa lanak murriztu. Ondo!
 

Polizia ate joka.  

Hotza. Begirada lausotua 

Makurtu, egunero ohea egin, lurreko pixa zipriztinak garbitu, zeharo jantzi, kalera irten, 500 metro ibili, dirua xahutu, sukaldean erratza pasa, gauero oinetakoak armairuan gorde, goizero plantillak oinetakoz aldatu, gauero txamarra armairuan gorde, goizero kartera soinean eramatea ziurtatu eta sukaldeko lurretik zabor organikoa garbitu beharra ekidin. Oso ondo!
 

Poliziak atea eraitsi.  

Hotza. Bizilagunaren zakurra zauriak miazkatzen. Alferrik lagun, berandu. 

Garbitu beharreko gehiegizko arropa, ontziak zikintzea, gehiegizko muki jarioa, disolbatu gabeko txokolate hauts traidoreek eragindako eztul erasoak, alferrikako ur gastua, erorketa arriskua, alferrikako energia xahutzea, alferrikako giltza hautaketa, etxeko lan higuingarriena egitea, suizidio saiakera patetikotzat hartzea, eskuak buruan jartzea, lurrean belaunikatuta atxilotua izatea eta bizi aldiko kartzela zigorra pairatzea ekidin. Bikain!
 

Anbulantziaren sirena hots urruna.  

Hotza. ZorabioaIluntasuna. Kaka! Iluntasuna. Eta Braille ikasi gabe! 

 

Zaunka! Zaunka! Zaunka! 

Bizilagunaren zakur puta. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide