BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (X)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko abu. 23a, 10:15

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu. Azken atala.

“Zarauzko alkateak emandako epea, amaitzear”

                                                                                                          -Urola Kostako Hitza-

Tomaxen teoria eta Peru, Xabaten jangelako lurrean hilda.

Tomaxek erantzun bila Xabati begiratu zionean, hark begirada maltzurra itzuli zion eta bihotza eztarrian zuela, Tomaxek bere burua hiltzailearekin aurrez aurre topatu zen. Biak ala biak, eskuak izter ondoan zabalik, errebolberra lehenbizi nork aterako zain egongo balira bezala izoztu ziren.

Errebolberra beharrean ordea, Xabat izan zen zortziko txikia ateratzen lehena:


Guztiz oker henbilen

Tomax detektibe

Kasua argitzeko

Ideiarik gabe

Ni neure jardunean

Bai izan naiz trebe

Zu gaur nire eskutan

Bertan hilda hobe.

 
                Azken gertakariek guztiz irauli zuten Tomaxen garuneko datu basea eta ideiak berrantolatzeko denborarik gabe, desafioa onartu eta modu berean erantzun zion:


Nolatan okertu haiz

Xabat horrenbeste

Zati txikitan egin

Hainbat mutil gazte

Nireak egin dik bai

Ez nian nik uste

Bizitzen utzi behintzat

Hau ulertu arte.

 

Xabatek, Tomaxen azken desioa betetzea erabaki zuen:

 

Neskatan ez nauk izan

Inoiz ni abila

Gauero jasan behar

Giri guapo pila

Behin hurbildu zitzaidan

Neuri neskatila

Ni konturatzerako

Peru haren bila

 

Australiar guaperasak

Ehizatzea xede

Goizeko bostetako

Mozkortuta daude

Garbiketa eginaz

Herrian mesede

Esker txarreko lana

Egin dut debalde

 

Peru atxilotzeko

Nik zu nahi zintudan

Eskura jarritare

Ez zinen gai izan

Gonbitea jasota

Aukera hor neukan

Zuen bizitzen truke

Garaile jokuan.

 
                    Motiboak ulertuta baina, bizkarretik beherako hotzikaraz, etsaiari aurka egitea beste aukerarik ez zitzaion geratzen Tomaxi:

 

Ez dek harritzekoa

Barruko sugarra

Gauero guzti hori

Aguantau beharra

Jelosiaren erruz

Galdu duk altxorra

Lagun bat hil duk eta

Berdin haiz zatarra

 
                     Xabatek kolpea nabaritu eta pauso bat atzera eman zuen saihets aldeari helduta. Bazuen ordea oraindik erantzuteko adorerik eta gogorrago ekin zion:

 

Grissom izan nahi eta

Arlote jokatu

Detektibe ustetan

Pailazo bihurtu

Zarauzko herritarrak

Gogotik lotsatu

Barre eragiteaz

Ez al haiz aspertu?

 

TAO-ko txalekoa

Pipa ta bonbina

Behin eta berriz hanka

Sartzeko makina

Irabazi nahi huen

Herriko domina

Ez duk hala izango

Nire dolumina

 

Falta zaizkik oraindik

Giza arrastoak

Neuk emango dizkiat

Neure errezetak

Arrai zopa ederra

Ta piper beteak

Estarlux-aren ordez

Gizaki pusketak

 
                 Tomaxek ere larri eutsi zion jipoiari. Aurpegia, RAL 6011 makina berde kolorekoa jarri zitzaion, aho ertzetik bitsak zerion bitartean. Arnasestuka, eskuak belaunetan, hauspoa bete eta azken erasoari ekin zion:

 

Gorputza landu eta

Luxuan gastatu

Baina oinarrizkoaz

Ez haiz konturatu

Aurpegi zatar hori

Hobe operatu

Oraindik sexu gela

Ez dek estreinatu

 

Ezin izan zuen Xabatek azken bertso hura irentsi. Ezustean, barren barrenean kolpatu zuen Tomaxen zortziko txiki zorrotzak eta konbultsio artean, zurbil, galtzaile ikusi zuen bere burua.

 

-Hi Xabat, sudurrian piperra dakak…- adierazi zion Tomaxek.

 

Xabatek hatza dardarka sudurrera eraman, hari begiratu eta – Ez… odola dek- esan, eta bertan hilda erori zen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide