Narrazioa: Bertsokiller-a Zarautzen (VIII)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko abu. 7a, 00:05

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.

“Zarauzko turismoari kolpea: 10 australiarren buruak toldo zutoinetan iltzatuta azaldu dira.”

                                                                                  -Urola kostako Hitza-

Etsipen eta umiliazio publikoaz gaindituta, adorerik izan balu, Tomaxek bere buruaz beste egingo zukeen baina ez zion jada ezerk gehiegi ardura. Ohi bezala, hiltzaileak emandako hitza betetzen bazuen, laster topatuko ziren biak eta hark emango zien amaiera bere egunei.

Basarriren mezu aluzinogeno, psikodelikoari kasu eginaz, txikitako lagunekin afari bat antolatzeari ekin zion.

Pare bat telefono deiren ondoren, Peruk errezeloz gonbitea onartu eta Xabat prestaketetarako boluntario aurkeztu zen, baita bere etxea eskaini ere, aspaldiko lagunak bildu eta haien berri izateko irrikatan.

Xabati, mutil zahar izanik, Nautikoko soldatak askorako ematen zion eta sekulako etxea zuen golf inguruan. Nagusiak gainera, hainbat gehigarri eransten zizkion bere soldatari, Xabatek negozioaren irabazien optimizaziorako erakusten zituen ekimen eta proposamen berritzaileengatik.(2)

Tomaxen susmoak zuzenak baziren, Peru aurrez-aurre hitz egin arazten saiatuko zen eta oker bazegoen berriz, barkamena eskatu eta aspaldiko kontua bazen ere, inoiz izan zituen lagun maiteenekin igaroko zituen bere azken orduak. Xabat eta Perurekin.

 

(2) Xabaten proposamen iraultzaileek negozioaren irabazien %30-eko igoera ekarri zuten. Hona neurri arrakastatsu nagusienak:

1-Amaitutako konbinatuen edalontzietan geratutako izotz soberakinak gorde eta izotzdun kafeak serbitzeko probestu. Izotz gastuaren beherakada nabarmenaz aparte, kafe izoztuaren kontsumitzaileak, etortzean baino alaiago alde egiten zuten tabernatik, Brugal, Pampero edo Beefeater-aren lurrinetan dantzan.

2-Urteen poderioz, Xabatek erraz antzeman zitzakeen, goizeko ordu txikietan, eskatutakoa ordainduko zuketen bezero mozkorrak. Ez zuen beraz horretarako aukerarik ere inoiz galtzen.

3-Alkoholdun edariak uraz nahastuta ugaritzea amarru zaharra bazen ere, bezero askok susmoa hartzen zioten eta Xabatek pauso bat haratago eman zuen teknika honen hobekuntzan. Uraren ordez, Brummel koloniarekin ugaritzen zituen, zaporearen galera handirik gabe, bezeroengan eragin berbera lortuz.

4-Urte guztian, bai neguan, bai udan, gaueko hamabietatik aurrera, berogailua 43ºC- tan ipintzen zuen baita aire aparatuak lurretik 1,70 metroko altuerara jarri ere. Era honetan, aire zorrotada beroa bezeroen aurpegietara bideratzen zuen, haien ezpainak zartatu arte lehortu eta kontsumoa nabarmenki sustatuz. Azken neurri honek, patata frijitu eta fruitu lehor gaziekin konbinaturik, emaitza harrigarriak ematen zituen.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide