BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (IV)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko uzt. 11a, 16:06

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.


“Giza hatz bat aurkitu dute Domiko-ko sotoan”

                                                                                  -Zarauzko Hitza- 

            Tomaxek ez zuen gaizkilearen jolasera jolastea beste aukerarik. Bide batez, emazteak zerrendan ipinitako, brokoli, azenario eta piper potoa (gozoa, ez mina) erosi eta Domiko-ko ateak prezintoz ixteko agindua eman zuen.   

            Udalak hatz markak identifikatzeko teknologiarik ez zuenez, hatza etxeko izozkailuan gordetzeko eskatu zion emazteari, 7 Mares-en erositako txatka makiltxoengandik aparte, nahas ez zitezen. Egunen batean hatz hura falta zuen norbait aurkitzeko esperantza eduki beharra zuen Tomaxek.

            Denborarik galdu gabe, udaltzaingoko agente guztiak  bigarren bertsoko ezaugarriak betetzen zituzten etxe guztiak hustu(2) eta arakatzera bidali zituen. Bitartean, eta bezperako malekoiko paseoaren porrota kontuan izanda, Donibane plazako parkera joan zen lasaitasun bila, bertsoa behin eta berriz irakurriz.

            Une batez, begiak paperatik aldendu, urmaeleko hesira hurbildu eta begira geratu zen, buruari bueltaka.

-Domiko lehen Errekondo huala baldin bazekik, zarauztarra behar dik izan-zioen marmarka. Dortokak lasai zeuden irlako arrapalan eguzkia hartzen eta bi ahate berriz, elkarri mokoka zebiltzan, itxuraz, zizare lodi batengatik borrokan. Hain zebiltzan oldarkor, Tomaxen arreta bereganatzea lortu zutela. Hobeto begiratu eta, borroka haren benetako arrazoiaz ohartu zenean, “klik”, bertsoa eskuetatik erori, jauzi batez hesia gainditu, uretan murgildu, izurde jauzi akrobatiko batez irlan lehorreratu, ostikoz ahateak uxatu, eta esku artean hartu zuen. Giza oin bateko behatz lodi bat zen!         

            Ordurako buruz zekien bertsoa gogoratuz, “luxuzko etxea, terreno pribatua, piszina, oparia” -Kabroia! Adarra jotzen ari zaidak gainera!- oihukatu zuen.
            Dardara batean, ahateen etxolan sartu eta hauek jada irekia zuten beste zapata kaxa batean, beste bederatzi behatz lodi topatu zituen, ondorengo bertsoa atxikita:

 

Putzuan sartu zaitez

zapata ta guzti

hanka egingo zaizu

ziur aski busti

zulotik atera ta

nonbaiten eskegi

nik halaxe egin dut

ez esan inori!

                        666

 

(2) Kasua argitu bitartean, Aritzbatalde polikiroldegian eman zien ostatu udalak etxebizitza haietako bizilagunei. Haien erosotasuna ahalik eta gutxien murriztu nahian, udal igerilekua erabiltzeko baimena zuten, baita egunean behin frontoian sokamuturra antolatzekoa ere. Han bildutako jendearen profila ikusita, Azpeiti Txiki (Little Azpeiti) deitu zioten zarauztarrek behin-behineko bilkura harri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide