BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (III)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko uzt. 5a, 09:23

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.

            Zur eta lur geratu zen mezu harekin. Mehatxu tonuko bertso borobila, zortziko txikian, “666”-k sinatua. Zer demontre esan nahi ote zuen? Ez zion esaldi bakar bati ere zentzurik hartzen baina sinadura ikusten zuen bakoitzean, hotzikarak eragiten zion bizkar hezurretik behera.

            Kasu batean nondik nora jo ez zekien bakoitzean bezala, gauean malekoitik paseo bat ematera irten zen, oraindik uniformea (1) soinean zuela. Aintzinako filosofoek esana da, oinez hobeto pentsatzen dela eta horrelaxe garatzen zituen bere teoriak; bere bibote kiribildua ferekatzen zuen bitartean, paseatuz.

            Etxera itzultzean, zapatak kalimotxoz blai eta pipa marihuanaz kargatuta zuen baina ez zuen bertsoa ulertzerik izan.

            Hurrengo goizean, merkatura erosketak egitera zihoala, bi emakume hizketan entzun zituen:

-...bai ba, koñatan arreba. Ta Errekondoneko alaba Bartzelonatik etorri omen den...-

Begiak zabal, ideia bat otu zitzaion- Errekondo..., erreka ondo..., ERREKAREN ONDOAN!!.

            Korrika batean, garai batean Errekondo supermerkatua zen Domiko dendara sartu eta detektibe plaka ateraz,- Udaletxetik nator, utzi pasatzen!-oihukatu zuen.

-¿Pero qué dice señor?- erantzun zion kutxan kobratzen zebilenak.

-¡Que vengo del ayuntamiento, cojones! ¡Dejen paso!

Bitartean, Tomaxen burua lanean zebilen jo ta su: “Hondoaren hondoan oparia duzu

-Ireki sotoa!!

-Dispense licenciado, mas no le comprend…

-¡¡Al sótano, dediooooo!!

Sotoa goitik behera arakatu eta lurrean, taula batez estalitako zulo batean, zapata kaxa bat aurkitu zuen. Barruan, giza hatz bat eta ohar bat:

 

Zarautzen bada inon

luxuzko etxerik

terreno pribatu ta

piszina duenik

beste oparitxo bat

hantxe gorde dut nik

dirudunek ez dute

ni ekiditerik.

                        666

 

 

            (1) Azken urteetan bere lanak emandako fruitu bakanak eta aurrekontuen optimizazioa argudiatuz, udalak errekorteak aplikatu zituen ikerketa sailean. Egun, TAO-ko bulegoak utzitako uniforme erreflektante bat zeraman soinean. Konpentsazio modura, bere poltsikotik erositako pipa eta bonbina erabiltzeko baimena eman zioten; bere eredu literarioen izpirituaz blaitu eta korapiloak desegiteko behar beharrezkoak zituela argudiatu bait zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide