Narroseko jauregi parean orillerak hartzen zebiltzan Xabat, Peru eta Tomax, udako arratsalde trumoitsu hartan. Marea gorantz, muturreko kirol haren zailtasuna areagotzen zihoan momentu oro. Bularraz hondarra kolpatzean, arrokaren bat patata ta guzti ez jateaz arduratzeaz aparte, toldoen zutoinak ekiditea lortu eta malekoiko paretaren kontra hortzak txikitu aurretik, gelditze maniobra kalkulatu beharra zegoen.
Halako batean, Peru eta Tomax ipurdiko erreteneraino hondarrez beteta itsasora itzultzear zirela, Xabatek olatu erraldoi bat harrapatu zuen. Bere burua olatuaren muturrean ikusi eta behera begiratzean, aurretik zuen ur guztia bat-batean desagertu zitzaiola ohartu, damutu eta atzera egiten saiatu zen, baina egin ahalak egin arren, olatuak bere hatzaparretan zuela konturatu zen.
Amorru osoz, albozka, hondarraren kontra jaurtiki zuen olatuak. Noraezean, pinballeko bolaren modura, izter hezurrarekin 16 zenbakidun toldoaren zutoina jo eta bizkarrez malekoiko paretaren aurka bidali zuen. -“kling, kling, kling!”
Bere bi lagunak izututa hurbildu zitzaizkion:
-Hiiiiiiii Xabat, ondo al hao? Hoidek ostiya, hiiiii! Sudurrian odola dakak!-esan zioten.
Xabat, ohetik jaikitzen ariko balitz bezala, lasai asko zutik jarri, hatza sudur zulotik ahora eraman eta ardura zipitzik gabe- Lasai, piperra dek…- erantzun zien.
Ernio puntatik entzun ziren barre algarak isildu zirenean, itsasoak zerbait gehiago ere ekarri zuela ikusi zuen Tomaxek.
-Eh!, zer dek hori? Belarri bat emateik!
-Bai zea! Nola izangoek belarri bat, hi!!-erantzun zion Peruk
-Baietz ba, jodeee! Ta gaña eztek belarriya bakarrik, inguruko haragiyare bazekak. Buru pusketa bat emateik!
Eztabaidan zebiltzan bitartean, Xabat makil batez, zena zelako hura ukitzen zebilen.
-Txerri belarriya dekela esango nikek...
-Bueno, baño ze ingoyau, munipata eraman? Ertzañeta?- galdetu zuen Tomaxek- Nik aurrena amai esango ziot.
-Bale, esayok- onartu zuten beste biek – baño aurrena heure belarritako hondarra kendu zak, bestela masallian emangoik!