Modelo zinemako filmeen inguruan egiten hasi naizen idatzi hauen aitzakiarekin, normalean ikusten ez ditudan filmeak ikusten hasi naiz. Zer botako duten jakin, aurrez ikusi (interes minimo bat pizten badit behintzat) eta fundamentuzko iritzi bat partekatu nahian.
Askotan zinema denbora pasa soila dela uste dugu (eta sarritan hala behar du izan) baina beste batzutan beharrezkoak diren beste mezu batzuk igortzeko balio du, esaterako, ezkutuko bidegabekeriak erakutsi, historiako pasarte garrantzitsuak gogoratu (edo zoritxarrez, askori, lehen aldiz erakutsi) edo El Porvenir filmearekin gertatzen den bezala, errealitate zaplada bat emateko.
Adinean aurrera doan emakume batek, bere bizitzan aldaketa handiak jasango ditu denbora gutxian eta bizimodu berrira egokitzeko pasa behar dituen lanak erakusten dizkigu.
Aipagarria da filmeak orokorrean transmititzen duen naturaltasuna, hau da, ez dut jendea antzezten ikusten, eguneroko bizitzan grabatua izan den jendea baizik. Ez gara konturatzen baina horrek partaide guztien aldetik izugarrizko talentua eskatzen du eta zer esanik ez Isabelle Huppert-en kasuan.
Filmearen kontra zerbait esatekotan, gehiegizkoa iruditzen zait protagonistari hain denbora gutxian gertatzen zaizkion gauza mordoa. Ez dut azalpen gehiago eman nahi irakurleak filmea ikusi aurretik. Orduan ulertuko duzue.
Bestalde, bere ikasle ohien bizimodua pixkat maldan gora egin zait.
ONENA:
Isabelle Huppert eta filmearen hasiera eta batez ere bukaera. Hau da, kamera pertsonaien bizitzara nola sartzen den eta amaieran nola aldentzen den, abesti zoragarri batekin, gure testigantza gabe aurrera jarrai dezaten.
TXARRENA:
-Protagonistaren ikasle ohi intelektual-idealista-pedante-perroflauta.
-Frantziar zinema: Hain hurbil eta hain urrun.
GOMENDIOAK:
Frantziar zineman hanka motz nabil. Norbaitek proposamenik badu, bota hemen!
El Porvenir ikusten baduzu, partekatu iritzia!