Behatxuloa

Hilezkortasuna, baina atzeraka

Erabiltzailearen aurpegia Alex Gurrutxaga

Alex Gurrutxagak urriko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

2012an, Zarauzko eskola batean, eztabaida izan nuen irakasle batekin. Hark, irakurketa bikoteka ordenadorearekin egin behar zutela ikasleek. Nik, ordenadorea baldin bazeukaten ez zutela irakurtzen, hobe zela paperean irakurri. Ezetz, hark, teknologia berriak, aurrerapena... Ez nion iritzia aldatu, ezta hark niri ere.

Gustura galdetuko nioke gaur ea denborak lortu duen iritzia aldaraztea. Eta ez dut erresuminez esaten, kezkatuta baizik.

Eskola 2.0ren ipuina sinetsi genuen, orain AArena ere sinetsita dabil makina bat. Quousque tandem, ordea, noiz arte!

Gero eta disimulu gutxiagorekin agertzen zaizkigu handi-mandiak, trumpetan, muskarak kenduta, helburuak disimulatzeko ahaleginik ere egin gabe. Nork sinetsi, orain, zenbait gauza gure onerako direnik, hobeto komunikatzeko eta bla eta bla? Zakurraren putza.

Jakina, etorri da PISA, eta eskuak jaso ditugu, eta oihuka hasi, harrituta (edo ez), PISAk azalerazi duenak aztoratuta. Oker doa gauza, Pisako dorrea baino okerrago. Baina, mesedez, ez gaitezen aztoratu hainbeste, eta izan gaitezen zintzoak: elefantea gelan zegoen, dorre okerraren arrakalak aurrean genituen, aspaldi ikusi genuen kontua; baina beldurragatik, karka itxura ez emateagatik edo zinismoagatik, nik zer dakit, bestaldera begiratu genuen.

Orain "atzera egin beharra dago", esaten dute batzuek, "urrunegi joan gara". Orain arte aurrera joan izan bagina bezala...

Baina beno, ados, goazen atzera, beldurrik gabe gainera. Umberto Eco maisuak esana da: irakurketa hilezkortasuna da, atzeraka. Goazen, bada.

Pedrosaren errosarioak behin eta berriz dio digitalizazioan inbertitu behar dela; erregutu ezazu gu, euskaldunon alde... Nik nioen eta diot irakurketan inbertitu behar dela, gizaldi eta gizaldi guztietan, amen, Pedrosa han eta ni hemen.

Digitalizazioaren balizko onura haiek gezur galanta direla onartzeko garaia da. Kontrara, gero eta datu gehiagok erakusten dituzte kalteak: kontzentrazioan, ulermenean... Aldiz, irakurketaren onurak aski frogatuta daude.

Bai, goazen atzera, beldurrik gabe, aurrera jauzi egiteko karrerilla hartzera. Irakurketa hilezkortasuna da, atzeraka.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide