Behatxuloa

Turista zu

Erabiltzailearen aurpegia Alex Gurrutxaga

Alex Gurrutxagak iraileko Zarautz Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Eskerrak turistak behingoz joan diren. Benetan esaten dizut, uste dut gehiago nekatzen nautela turistek beroak baino, eta pentsa aurten ere bero latzak egin dituela... Zarautz ederra da, gauza jakina da hori, baina udan… ez dakit ba, gehiegi. Bateko udatiarrak, badakizu, beraneanteak; besteko giriak… Eta bueno, udatiarren artean batzuk aspaldikoak dira, aspalditik dutenak hemen etxea. Baina izan gaitezen zintzoak, aberaskilo galantak, eta gainera urtean zehar etxea hutsik; eta ondorioz hala daude etxeen prezioak, klaro… Eta gero daude giriak, zera, uste dutenak hau Salou dela; ez gaizki hartu, e, baina, ea, gordin samar esanda, ez dira integratzen batere, bost axola zaie Zarautz den edo Marbella, surfa eta parranda, hanka-hutsik batera eta bestera. Eta ez dituzu ikusiko euskaldunekin nahasten, bai zera, pizza eta hanburgesa, eta beti euren artean. A, eta sangria, hau Espainia balitz bezala. Bueno, eta dena esateko, batzuek edonon aparkatzen dute, eta furgonetak berdin; aizu, zoazen tokian, ba egokitu hangora, ezta?... Ba hori, esaten nizuna, gehiegi…

E? Gu gutxi, ez pentsa. Ez dugu apartekorik egiten. Hemen, eta Pirinioetan. Badakizu, Jacan etxea daukagu. Aspalditik, bai, oso bertako egin gara, egia esan. Urtean zehar ez gara asko joaten; umeen planak, futbola eta hau eta bestea, azkenaldian oso gutxi, zer esango dizut. Baina udan hilabete edo hiru bat aste bai. Eta ondo, mendi bueltaxkak, igerilekua, bizikletan pittin bat… Txikiteoa ere bai, kar-kar, egia hori ere. Denetik egin behar omen da. Aurten pizzeria bat deskubritu dugu… bikaina. Eta euskaldun asko dagoenez, gainera, ondo, haiekin juntatzen gara, giro ederrean. Gero egun batzuk furgonetan ibili gara, Pirinioetan bertan. Bai, oso ondo, zer esango dizut ba. Txoko polit bat aurkitu genuen, naturan, pixka bat de extranjis… super ondo, eta umeak ere oso gustura.

Bueno, baina bukatu da uda. Orain errutina. Baina, bestalde, orain datoz asterik onenak Zarautzen, ezta? Turistarik gabe, eguraldi ona… Hori da, bai, ondo pasa. Eskumuinak etxean…

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide