Atzera begira

Gerra etxera iritsi zenean

Aritz Mutiozabal 2025eko irailaren 19a

Zarauzko haur milizietako kideak, gezurrezko fusilekin desfilatzen Munoan. (Renoko unibertsitatea)

Tropa frankistak gaurko egunez sartu ziren Zarautzera 1936an. Gertatutakoaren atzera begirako bat landu du Zarautz Gukak iraileko aldizkarian.

Azaroaren 20an 50 urte beteko dira Francisco Franco diktadorea hil eta erregimen frankista amaitu zenetik. Sasoi benetan latzak izan ziren haiek Euskal Herriarentzat, eta itzal oso luzea utzi zuten, oraindik ere presente daudenak askoren baitan. Memoria historikoa inoiz baino beharrezkoa den garaiotan, inoiz ez dago sobera atzera begiratzea, bizirik daudenen testigantzak jasotzea, eta egungo gizarteari gogoraraztea testuinguru haren ondorengo direla. Egun indartzen ari diren joera politikoak –eta nazioarte osoari begira jarrita– iragan mendekoak gogorarazten dituzte, eta askotan iraganean zer gertatu zen jakitea, batik bat norbere herrian, ezinbestekoa da heziketa horretan.

Amagoia Gurrutxaga kazetariak Zarautzen 36ko gerra garaian eta ondoren zer gertatu zen ikertu zuen sakon, eta Zarauzko postalak izeneko liburu aberatsa argitaratu zuen 2013an, Zarauzko Udalaren eta Euskal Memoria Fundazioaren elkarlanaren eskutik. Dozenaka herritarren testigantzak, dokumentu, argazki, egunkarietako artikulu, bateko zein bestekoen zerrendak izen-abizenekin... Lan mardula, Zarautz turismoaren postal hutsa baino gehiago izan dela erakusten duena.

1936eko uztailaren 17an, Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka, baina altxamenduak porrot egin zuenez, herrialdea bitan zatitu zen, 36ko gerrari hasiera emanez. Zarautzen irailaren 20an hasi zen ofizialki gudua, baina aurrez jada gudariak eta milizianoak antolatzen hasiak ziren, nahiz eta ez eduki armarik sobera. Erreketeak gerturatzen ari zirela eta, Orioko zubia suntsitu zuten dinamitaz, baita trenbideko zubia eraitsi ere. Herrira horren erraz sar ez zitezen suntsitsu zituzten, baina alferrik izan zen. Irailaren 20ko goizerako alarma piztuta zegoen herrian.

Alde egiteko eguna izan zen hura zarauztar askorentzat. Ahal zuten moduan antolatu ziren Zarautz uzteko: trenez, autobusez, autoz edota oinez. Batzuk Getariarantz edo Mutrikurantz hartu zuten bidea, Lapurdira eramango zituen itsasontzia hartzeko helburuarekin. Gurrutxagaren liburuan jasotzen denez, "arratsaldeko ordu bi eta erdietan, milizianoz beteriko tren oso luze bat abiatu zen Zarauztik Bilbo aldera. Hiru eta erdietan, are luzeago bat: hiru makina eta zeuden bagoi guztiak prestatu zituzten, ehunka pertsona eta behiak, zekorrak, ardiak bildu ziren tren berezi hartan".

Sentimendu kontrajarria

Herrian miliziano gutxi batzuk geratu ziren, eta horiek autoak erretzen hasi ziren, telefono eta telegrafo postuak zartarazi zituzten eskuko bonbekin eta udaletxeari su eman zioten; garaiko udaletxea Musika Plazan zegoen, egun Zarautz Kirol Elkartea dagoen eraikina dagoen tokian. Zarautzen geratzea erabaki zuten zarauztarren artean sentimendu kontrajarria zegoen; batzuk beldur ziren, beste batzuk pozez. Era batera edo bestera izan, gerra deklarazioari zapi zuriarekin erantzun zioten hainbat herritarrek.

Hiru autotan iritsi ziren falangistak, 19:30 aldera, eta parrokian otoitz egitera joan ziren zuzenean. Jarraian, udaletxeko areto nagusian bandera gorri-horia zabaldu zuten, eta Espainiaren handitasuna ohoratzen zuten oihuak egin zituzten. Ondoren, udaletxeko eta Otamendiko fatxadetan zeuden Errepublika Plaza zioten plakak mailukadaz bota zituzten, eta herritarrek harrera egin zieten herria hartu zuten lehen matxinoei. Iluntzean iritsi ziren gainerako erreketeak eta falangistak autobusetan. Aipatu bi plaka horiez gain, beste bi ere txikitu zituzten egun horretan bertan: Xabier Lizardiren omenezkoak ziren horiek. Karlistek jarri zituzten 1934an, idazlea hil ondorengo urtean; bata haren jaiotetxean zegoen, eta bestea, kalean.

Matxinoek herria hartu eta hurrengo egunean, irailaren 21ean, Narros jauregia Guardia Zibilaren komandantzia militarra bihurtu zuten, Antonio Perez Lazaro kapitainaren ardurapean. Udaletxea erreta zegoenez, Narrosera aldatu zuten udaletxea bera, eta Jose Cebollero komandanteak izendatu zituen behin-behineko udalbatza berriko kideak: Agapito Iturria izan zen alkate berria, Eduardo Esnal lehen alkateordea, Marcelino Manterola bigarren alkateordea, eta German Eizagirre, Modesto Piquer eta Juan de la Maza zinegotziak; azken hori, gainera, Falangeko lehen burua izan zen herrian. Bestalde, beste boteregune bat ere bazegoen: Zarauzko Gerra Batzorde Karlista.

Hiru urte geroago amaitu zen gerra, 1939ko apirilaren 1ean, eta Francisco Franco jeneralak bereganatu zituen estatuko aginpide guztiak, hiru hamarkada eta erdi iraun zuen erregimen lazgarriari hasiera emanez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide