Martin Murua: "Soinu berriak bilatzen saiatu naiz, bide emanez esperimentazioari"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025ko mai. 29a, 09:08

Momentuko sentsazioei jarraika eta geldiuneak errepestatuz argitaratu zuen Martin de Marte taldeak Nahiko ondo lana urtarrilean. Hainbat kontzertu emango dituzte udan.

Martin de Marte taldeko kidea da Martin Murua (Zarautz, 1992) musikaria. 2018an argitaratu zuen taldeak lehen diskoa, eta harrezkeroztik, sei lan sortu dituzte. Azkena, Nahiko ondo, urte hasieran atera zuten argitara, eta etxean eskaini berri dute azken kontzertua, Arraio irratiaren hemeretzigarren urteurrenean. Diskoan "gauza berriak" probatzen saiatu direla azaldu du Muruak. 

Zer moduz joan zen larunbateko kontzertua?

Oso ondo. Hiru kontzertu ziren guztira, eta bete egin zen aretoa. Dezenteko parranda egin genuen, eta primeran pasatu genuen. 

Migajas iraupen laburreko lanaren ondoren dator Nahiko ondo. Bata bestearen aurrekari izan al da?

Ez nuke esango. Iazko udan argitaratu genuen iraupen laburreko lan hori, baina urte eta erdi inguru lehenago grabatu genuen. Izan ere, tarte horretan bideoklipa grabatzea nahi nuen, eta taldea bera ere ez zegoen momentu onenean entseguak egiteko. Denbora asko pasatu da lan batetik bestera, eta ez nuke esango trantsizio bat izan denik. 

Urtarril amaieran argitaratu zenuten Nahiko ondo. Zer bilatu duzue lan horretan?

Niretzat beste edozein lan bezalakoa izan da, nire burua azaltzeko modu bat, azken finean. Barruan dut beti zerbait sortzeko nahia, musika egitekoa, eta behar horri erantzun dio azken diskoak. Aldi berean, nahi dut jendeak entzutea nik egiten dudan musika. 

Zergatik izenburu hori eta ez beste bat?

Kontzertuetan bazen lagun bat, abesti bat eta gero, erdi txantxetan, 'nahiko ondo, nahiko ondo...' esaten zuena. Horretaz gain, nire aitari abestiak erakusten nizkionean beti esaldi hori esaten zidan, hobetzeko marjina nuela adierazteko. Ez zidan inoiz esaten den-dena ondo zegoenik. Bi arrazoi horiengatik jarri diot izenburu hori diskoari, ni ere ez ahazteko beti zerbait hobetu daitekeela, eta, aldi berean, nire lana ondo dagoela sentitzeko. 

Beste diskoekin alderatuta, soinua desberdina da, ezta? 

Bai, bai. Indie eta pop estiloak uztartzen ditu, eta ukitu psikodelikoagoak ere baditu. Soinu aldetik borobilagoa da. Aurreko disko luzea rockeroagoa zen, baina egia esateko, antzekotasunak ere badituzte. Adibidez, bateriaren eta gitarren soinuak antzekoak dira, baita nire ahotsa ere. 

Gauza berriak probatu al dituzu lan honetan?

Bai, noski. Nahiko prozesu luzea izan da, albuma grabatzen urte eta erdi igaro baitugu, eta bidea aprobetxatu dugu gauzak probatzen joateko. Adibidez, bateria akustikoarekin eta elektronikoarekin soinu berriak bilatzen saiatu naiz, nahasketa desberdinen bitartez. Sintetizadore berriak ere topatzen ahalegindu naiz, eta koruekin ere jolastu dut, esperimentazioari bide emanez. 

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Egia esateko, besteak bezalakoa izan da. Melodia bat sortzen saiatzen naiz hasieran, eta gero sortzen ditut hitzak. Agian, desberdintasun bakarra izan da Aian bizi izandako bi urteetan sortu dudala lan hau, ardi artean eta lasaitasunean.

Presarik gabe hartu al duzu prozesu hori?

Pixka bat sentsazioen arabera egin dut lan, nahiz eta hasieran data konkretu bat nuen buruan. Izan ere, geldiuneak izan ditut prozesuan zehar, ez bainintzen denbora osoan modu berean sentitzen musika sortzeko. Horrelakoetan gelditzen jakin behar da, denbora pixka bat hartzen eta prozesuari arnasa ematen. 

Jendeak zer esan du diskoaren inguruan?

Beti esaten dute gauza txarrak ez direla esaten, baina orokorrean kritika onak jaso ditut, eta hori pozgarria da beti. Nire ustez, disko bat hazi bat ereitea bezalakoa da, eta fruitua da jasotzen duzun erantzun positibo hori. Adibidez, Tarragonako pertsona batek diskoa entzun eta katigatuta dagoela esatea niretzat ederra da. Horrek jarraitzeko gogoa ematen du. 

Nortzuk izan dituzu bidelagun prozesuan?

Babes handia eskaini dit nire neska-lagunak, prozesuan zehar asko lagundu baitit, baita gertuko lagunek ere. Bestalde, baditut beste hainbat pertsona ondoan abestiak argitaratu aurretik entzuten dituztenak, beraien iritzia emateko. Ekarpenak egiten dizkidate, eta hori ere eskertzekoa da. 

Lehen kontzertuak eskainita, nolako uda espero duzue? 

Data gutxi batzuk ditugu itxita. Kartela sare sozialetara igo genuenean jendeak esan zigun zero kilometroko bira izango zela gurea, eta hala da, hemen inguruan lotu ditugulako kontzertuak, Zarautzen eta Donostian. Oraingoz ez gara hemendik aterako, zoritxarrez ez dugulako lortu beste leku batzuetan hitzorduak ixtea. Agian gu ez gara nahikoa mugitu, edota besterik gabe, ez dugu zorterik izan.

Sortzaile baten burua beti ari omen da sortzen. Zure kasua al da?

Momentuz, entseguetan diskoko abestiak ari gara jotzen, baina baditut hainbat ideia etorkizunerako. Horretaz gain, aurrerago kaleratuko ditut berez disko honetarako sortutako hainbat abesti.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide