Zarautz Gukaren webguneak milioi bat bisitatik gora izan ditu 2024an ere

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 7a, 15:00

2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.063.665 bisita izan zituen Zarautzguka.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, hamabi albiste argitaratu ditu Zarautz Gukaren webgunean, eta atari digitalak 2.906 bisita izan ditu egunero. Aurten ere bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2024. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Zarautzguka.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Azkoitiko hedabideak 2024an ere, eta hainbat izan dira komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 4.243 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamabi albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean milioi bat bisitatik gora izan ditu Zarautz Gukaren webguneak: zehazki, 1.063.665 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Horrela, beste urtebetez milioitik gora bisitaren langaren gainetik jarraitu du. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 2.906 bisita izan ditu webguneak.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2024an ere: herritarrek Interneteko edukiak eskuko telefonotik kontsumitzen dituzte batez ere. 2023an kopuru hori %80tik gorakoa izan zen; 2024an, aldiz, %72koa.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak oso onak izan dira 2024an ere. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Azpeitia Guka, Azkoitia Guka, Zumaia Guka, Zarautz Guka, Orio Guka eta Guka– 9.942.528 bisita izan zituzten iaz, urtebete lehenago adina.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide