Erdi gaixorik, lorpena "asimilatzen" eta "oso pozik". Horrela dago Aner Peritz gaur, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalerako zortzigarren eta azken txartela eskuratu biharamunean. Arrasaten jokatu zuten atzo hirugarren eta azken finalaurrekoa, eta han izan zen zarauztarra; aurreko asteburuan etxeko saioan kantatu zuen Peritzek, eta finalean sartuko zen ala ez airean zegoen, atzoko emaitzen zain.
Azkenean, "muga-mugan" ibilita, finalerako zortzigarren eta azken txartela eskuratu du Zarauzkoak. Eta bereagatik pozik dago, baina baita atzo Arrasaten aritu zen Maider Arregigatik penaz ere: 511 puntu batu zituen Arregik, Peritzek baino bat gutxiago; Arrasateko saioan hirugarren sailkatu zen, eta bederatzigarren guztira, finalik gabe gelditu direnen zerendaburu, alegia. "Oso ondo egin zuen eta pena ematen dit, horrela, puntu batengatik, hura kanpoan gelditzea. Lagunak gara, eta mugan, bata edo bestea, ibili behar hori, hain bertsolari ona izanda bera ere...", dio Peritzek.
Finala irudikatzeko astirik ez du izan oraindik zarauztarrak. Badaki "saio handi-handi bat izango dela", baina "dimentsioak imajinatzen ere ez" da hasi oraindik: "Bi aste dauzkat kokatzeko, neure burua hor ikusteko eta finala zer izan daitekeen imajinatzen saiatzeko. Finalerako prestatzeko, finean. Oraingoz, pozik eta urduri jartzeko tarterik gabe nago". Finalean sartu ala ez erabakiko zuen saioaren aurreko astea bereziki luzea ez zaiola egin ere azaldu du: "Oso aste mugitua izan dut joandakoa, eta, egia esan, ez dut astirik izan ia horretan pentsatzen jartzeko".
Abenduaren 14an, 17:00etan, hasiko da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala Donostia Arenan. Txapelaren bila ariko diren zortzi bertsolarietatik hirurentzat–Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Peritz berarentzat– lehen finala izango da. Zarauztarra, baina, ez dago ziur horrek zenbateraino adierazten duen aldaketa bat: "Aldaketa batzuen erakusgarri bada, baina ez dut uste dena aldatu denik edo horrek dena aldatzen duenik ere. Hiru aulki bakarrik berrituko dira, bestela ere zortzi bakarrik kabitzen dira, eta uste dut kanpoan gelditu den jende askok ere gauza oso onak egin dituela, are aldaketaren parte handi bat direla, eta jarriko luketela beste ale oso berezi bat; finalean gaudenok jar genezakeena baino bereziagoa, igoal. Orduan, bai, aldaketa bat badago, baina kanpoan gelditu diren askok ere merezi lukete hor egotea. Horregatik da beti gazi-gozoa kontu hau".