Azaroaren 25a

Zarauztarrek ere aldarri sendoak egin dituzte indarkeria matxistaren aurka

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 25a, 21:45

Itaiak elkarretaratzea egin du Lege Zaharren Enparantzan, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelopean, eta Zarauzko Mugimendu Feministak jendetza bildu du Ez bazara konponbidea, arazoa zara manifestazioan.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, eta zarauztarrek erantzun bikaina eman diote egun gogoangarriaren harira herrian antolatu dituzten bi mobilizazioetan. Lehena, 19:00etan izan da, Urola Kostako Itaiak antolatuta, eta elkarretaratzea egin dute Lege Zaharren Enparantzan, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelopean. Dozenaka lagun elkartu dira, eta Eraso matxista borrokatu! edota Indarkeria matxistari aurre egin! bezalako aldarriak egin dituzte.

Ordu laurden geroago, Zarauzko Mugimendu Feministak deituta, jende andana batu da Belauntzaran plazan, manifestazioari hasiera emateko. Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Indarkeriarik gabeko gorputzen eta lurraldeen alde errebelatu! mezua zeraman pankartaren atzetik, herriari itzulia eman diote, Gora borroka feminista! oihukatuz. Kalez kale aritu ostean, Lege Zaharren Enparantza elkartu dira; hitzartzearen aurretik, performace erakustalditxo bat egin dute, non aurpegia estalita zuten hiruzpalau emakumek Beldurra eta Izua hitzak idatzi dituzten taula batean, bozgorailutik matraka etengabe bat ari zela. Bat-batean bozgorailua isilik geratu da eta taularen ifrentzua erakutsi dute: Ez gaituzue izutuko. Guk autodefentsa feminista.

Lehen lerroan

Elkarretaratzearen amaieran, Urola Kostako Itaiak argi eta garbi utzi du "borrokarako eguna" dela gaurkoa. Hori horrela, "matxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismorakin amaituko duen antolakuntza politikoa" aldarrikatu dute. Aurten, gutxienez bost emakume erail dituztela, eta iaz egunero 24 eraso salatu zirela -eta beste hainbeste isilian gelditu- Hego Euskal Herrian zehatu dute. Horren aurrean, Itaiak adierazi du eraso matxista orori erantzungo diela:"Erasotzaile guztiek aurrean izango gaituzte!" 

Oldarraldi "erreakzionarioa" parez pare dagoela ere gaineratu du, eta horrek "matxismoaren normalizazioa" dakarrela. "Talde eskuindarrek eta ultraeskuindarrek ez dute emakumeon zapalkuntzarekin amaitu nahi, zapalduta mantendu nahi gaituzte, menpekoak, otzanak, esanekoak. Beraiena emakumeon eta kolektibo zaurgarrien aurkako ideologia baztertzailea da", azpimarratu du. 

Zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde borrokan jarraituko duela azaldu du Itaiak. Horretarako, ez dute indarkeria matxistaren kudeaketara mugatu nahi, "indarkeria matxistarekin behin betiko amaitu" nahi dute.

"Arazoa zarete"

"Sistema zisheteropatriarkal kapitalistan emakumeok gizonen bizitzak sostengatzeko bizi garenez gero, ordea, zaila da esaten indarkeria non hasten den eta non amaitzen den". Horrela ekin dio Zarauzko Mugimendu Feministak manifestazioaren ondorengo hitzartzeari, eta nabarmen adierazi du salatu ohi dituzten eraso matxistak "izeberg-aren punta besterik ez" direla. Indarkeria egoera horien aurretik, "eskala txikiagoan ere", emakume guztien bizitzetan "indarkeria matxista presente" dagoela.

"Menderatzaile-menderatu dikotomiak, zapaltzaile-zapaldu izateak berak, ezinbestean zapaltzaileak zapalduen gorputzetan biolentzia eragitea dakar", Mugimendu Feministaren esanetan. Eta horretarako, "erantzunkizun kolektiboa nahitaezkoa" dela: "Erantzunkizun kolektiboaz hitz egiten dugunean zure ardurari buruz ari gara, gizon. Uste dugu geuk nahikoa erantzunkizun hartzen dugula". Aitzitik, hartzen dituzten ardurak ez dira balekoak, baizik eta pribilegioak direla dio Mugimendu Feministak, eta "pribilegiodunek soilik azpira" dezaketela beste subjektu bat.

Mugimenduaren arabera, arazoa "konponbidea ez dagoen tokian" dago. Hainbestetan geuregan jarri duten foku hori aldatu nahi dugu. Erasotuak izatea ez baita gure janzkeraren, jokabideen nahiz egindako gauzen ondorio. Zuek [gizonak] konponbidea ez zaretenez gero, arazoa zarete. Horren aurrean, feminismoak irakatsi digu borrokatzen; eman dizkigu tresnak; eskaini digu sare bat; lagundu digu pentsatzen, birpentsatzen, eta baita gure gorputzen gaineko erabakia edukitzen ere".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide