"Joan bazen ere, gure ondoan dagoela sentitzen dugu Ibon"

Mireia Galarza Bastida - Gorka Eizagirre 2024ko urr. 31a, 10:15

Ibon Imaz surf txapelketa herrikoia jokatu zuten asteburuan Zarauzko hondartzan. Imaz zenaren omenez, duela ia 30 urtetik du izen hori txapelketak, baina nor zen bera?

Ezagutzen ez zuenarentzat, nor zen Ibon Imaz?

Myrian Imaz: Nik anaia nuen, eta 15 urte nituela joan zen. Anaia moduan, niretzat zaintzailea zen, egia esateko. Bera joan baino pixka bat lehenago hasi nintzen ni kalean sozializatzen, eta lagun bezala orduan hasi nintzen ezagutzen. Dena dela, ez nuen denbora askorik izan eremu horretan nire anaia nolakoa zen ezagutzeko; hori Iulenek daki hobeto.

Iulen Elkoro: Ibon lagunen laguna zen, denena. Izan ere, kamaleoi bat bezalakoa zen, edozein lekutan eta edozeinekin ondo moldatzen zelako. Gainera, lagunak asko babesten zituen, eta beti egoten zen irribarretsu. Zirikatzailea ere bazen, eta beti egoten zen saltsan.

Nolakoa zen anaia bezala, Myrian?

M. I. : Lehen esan bezala, oso zaintzailea zen. Uretara joaten banintzen, beti esaten zidan zerbait, baita futbol partida bat banuen ere... Asko zaintzen ninduen.

Itsasoa bereziki atsegin zuen, gainera.

M. I. : Asko ikusten nuen uretan Ibon, baita Jexux anaia zaharra ere. Ibonen itsasoko oroitzapen politak ditut, eta etxean ditugun argazki askotan ere surfean ageri da.

Hala ere, itsasoaz gain, beste gauza pila bat ere gustatzen zitzaizkion: beste kirolak, lagunekin ateratzea, parranda...

I. E. : Gainera, denean ona zen. Psikomotrizitate ona zuen, eta oso lehiakorra zen, ni bezala. Niretzako alertan mantentzen ninduen lehiakidea izan zen uretan,  eta hortik kanpo, oso lagun handiak izan ginen. Uretatik ateratzean elkar besarkatu eta...

Zer-nolako oroitzapenak dituzue harekin?

I. E. : Nik uste dut umetan izan nuela berarekin lehen kontaktua, plaieroetan. Alboko zelaian ari ginen jolasten, eta kamisetak trukatu genituenean, uste dut berarekin aldatu nuela. Gerora, 10 urte ingurutik aurrera, surfean ezagutzen hasi nintzen. Artean, surf egiteko modua ez zen gaur egungoaren parekoa, taldeka banatuta bakoitzak bere lekua izaten zuelako surferako Zarauzko hondartzan. Ni, adibidez, Eguzkilore eremukoa nintzen, eta Ibon eta haren anaia Jexux Borgetokoak, baina, noizbehinka, moilan olatuak zeudenean, gerturatu egiten ziren. Orduan ere izan genuen harremana, baita txapelketa batzuetan ere.

Aspalditik egiten da surf txapelketa herrikoia Zarautzen, baina orain dela ia 30 urte hartu zuen Ibon Imazen izena, ezta?

I. E. : Bai, hala da. Garai horren bueltan hartu genuen guk txapelketa antolatzeko ardura, aurretik batzuek bagenuelako esperientzia pixka bat horretan. Artean oso jende ona ibiltzen zen txapelketan, baina guk zerbait herrikoiagoa nahi genuen, txapelketa alternatibo bat. Horregatik, saiatu ginen gure herriko jende xumeak parte har zezan bertan. Egia esan, jende askok eman zuen izena, eta festa ikaragarria izan genuen. 

Gaur egun ere, hitzordu garrantzitsua izaten jarraitzen du, ezta?

I. E. : Zalantzarik gabe, esango nuke urte guztia pasatzen dugula txapelketaren egunen zain. Gainera, 50 urte inguru izanda, urteko parranda ere bihurtzen da. 

M. I. : Oso polita izaten da, energia berezia arnasten delako asteburu horretan. Epairik gabeko gune bat izaten da, eta txapelketa bat izanda ere, topagune bat gehiago dela pentsatzen dut nik.

Beraz, txapelketaren esentzia Ibonen izaeraren parekoa da, herrikoia eta gertukoa.

M. I. : Bilakaera ere izan du txapelketak, baina naturala izan da. Ume gehiagok parte hartzen dute orain, emakumeek ere bai... Hala eta guztiz ere, esentziak bere horretan jarraitzen du, zalantzarik gabe. 

I. E. : Gainera, antolakuntza taldea une oro ari da pentsatzen zer egin daitekeen aurrerantzean; lan asko egiten dute. 

Ibon hemen egongo balitz, zer pentsatuko luke txapelketaren inguruan?

M. I. : Ziur harro egongo litzatekeela. Dena dela, nire ustez gure ondoan egoten da, joan bazen ere.

I. E. : Bai. Edozein txokotan dago gurekin, fisikoki ez bada ere. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide