Azaroaren 1a

Urriko azken gaua, gero eta beltzago

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 28a, 14:41

Iazko Gau Beltza Zarautzen. (Jalgi)

Santu Guztien bezperan garai bateko euskal usadioak berreskuratzeko ahalegina zabaltzen ari da azken urteetan, baita Urola Kostan ere. Aurten, Aizarnazabalen lehen aldiz antolatu dituzte ekintzak, eta Zarautzen, Orion, Aian, Zestoan eta Arroabean ere izango dituzte ospakizunak datorren ostegunean.

Halloween anglosaxoiari aurre egiteko eta toki gehienetan galduta ziren Santu Guztien bezperako euskal usadioak berreskuratzeko ahaleginean, urtetik urtera gero eta gehiago dira urriaren 31n Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzen duten herriak eta auzoak, baita Urola Kostan ere.

Datorren ostegunean, urriko azken egunean, gutxienez eskualdeko sei tokitan ospatuko dute Gau Beltza: Zarautzen, Orion, Aian, Aizarnazabalenn, Zestoan eta Arroabean. Horietako batzuetan urteak daramatzate Gau Beltza ospatzen, beste batzuetan duela gutxi hasi ziren tradizio hori berreskuratzeko lanean; eta Aizarnazabalen, aurten antolatu dute lehen aldiz.

Hauek dira, herriz herri, Gau Beltzerako eta horren bueltan antolatu dituzten ekintzak.

Aia

Aiako Guraso Elkarteak antolatuta, egitarau biribila izango dute aiarrek ostegunean Gau Beltza ospatzeko. Aurten, gainera, bada berritasunik; izan ere, Beldurrezko Etxean sartzeko txartelak banatuko dituzte, ordu zehatzekin.

Beldurrezko Etxerako Txartelak frontoian banatuko dituzte ipuin kontalariaren saioaren ostean. Herritar guztiei zuzendutako jarduera da, baina bi txandatan banatuko dute: LH6ra arteko haurrek, 21:00etatik 22:15era parte hartu ahalko dute, gehienez lauko taldeak osatuta; gainontzekoek, berriz, 22:30etik gauerdira arte, bakarka edo binaka.

Honako ekintzak prestatu dituzte Santu Guztien Egunaren bezperarako Aian:

  • 18:30. Kalejira misteriotsua, plazatik irtenda.
  • Ondoren, ipuin beldurgarrien kontakizuna, Dema plazan.
  • Amaitzeko, talo-jana, frontoian.
  • 21:00-22:15. Beldurrezko Etxea, LH6ra arteko haurrentzat.
  • 22:30-00.00. Beldurrezko Etxea, gainontzeko herritarrentzat.

Aizarnazabal

Europako beste hainbat tokitan bezala, Euskal Herrian ere jatorrian uda agurtzeko eta gerora hildako ahaideak gogoratzeko ospatzen zuten Gau Beltza edo Arimen Gaua. Hori gogoan hartuta, eta garai bateko ospakizunak eguneratuta, Aizarazabalen ere Gau Beltza edo Arimen Gaua berreskuratzea erabaki dute aurten.

Itzaldutako kalabazen berpiztea! da ostegunerako prestatu duten egitarauari jarri dioten izengoitia; Kalabazen Ibilbidearen bueltan, honako ekintzak prestatu dituzte:

  • 17:30. Aralarko Damaren dantza, udaletxe aurrean.
  • 18:00-19:30. Ginkana frontoian, eta ibilbidearen hasiera.
  • Ondoren, beldurrak sutara, eta gaztain eta txokolate jana.

"Etxeko trapu zahar eta ilunak hartuta" mozorrotzeko deia egin diete Arimen Gaueko ekintzetan parte hartu nahi duten herritarrei; eta festa girotzeko, herriko farolak itzaliko dituztela aurreratu dute.

Orio

Iaz bezala, aurten ere Gau Beltza elkarlanean antolatu dute Txurrumuskik, Harribil dantza taldeak, Zaragueta Herri Eskolak, Orioko Herri Ikastolak, Orioko Udalak eta beste eragile batzuek.

Santu Guztien Egunaren bezperarako honako ekintzak prestatu dituzte, "tradizioa jasotzeko eta berreskuratzeko":

  • 18:30. Harribil dantza taldearen saioa, Herriko Plazan.
  • 19:00. Haurrentzako tailerrak, Herriko Plazan.
  • 19:00. Beldurrezko ibilbidea Goiko Kalen barrena, LH3tik gorako haur eta gaztetxoentzat.
  • 20:00. Erromeria, Herriko Plazan.

Zestoa

Herrigunean zein Arroabean ospatuko dute aurten Arimen Gaua, bakoitzean bere egitarauarekin.

Iaz lehen aldiz egindakotik abiatuta, guraso talde batek aurten ere Gau Beltzekko ekintzak antlatu ditu Zestoan. Gainera, urriaren 31ko ospakizuna girotzeko, aurreko egunetan ere hainbat hitzordu izan dituzte, beldurrezko filma eta Gau Beltzerako mozorroak prestatzeko saioak, besteak beste. Hona hemen gaurtik ostegun gauera bitarteko egitaraua:

Bihar, asteartea

  • 16:45. Zapiak eta eskulanak Gaztelekuan, LH 1 eta 2ko ikasleentzat.
  • 17:30. Kontaidazu Ipuin Bat, liburutegian, HHko haurrentzat.

Urriak 31, osteguna

  • 17:00. Zapiak eta eskulanak LH3-ko ikasleentzat, Gaztelekuan.
  • 19:00. Hilerritik kalejira kandelekin.
    • Jarraian, ipuin kontaketa plazako arkupeetan, eta gaztaina erreak plazan.

Antolatzaileek etxeko arropa zaharrekin mozorrotuta joateko eskatu diete ostegunean ospakizunetan parte hartuko dutenei.

Arroabea

Arroabean ere antolatu dituzte Arimen Gaua ospatzeko ekintzak ostegunerako. Honako egitaraua ondu dute Sakulupe guraso elkarteak, Ezkaizto auzo elkarteak eta Arroabeko Hezkuntza Komunitateak:

  • 17:00. Ipuin kontaketa, Elkargunean.
  • 18:00. Bizkotxo lehiaketa, Elkargunean.
  • 18:30. Ibilaldia argi-zuziekin, plazaraino.
  • 18:45. Txokolate jana eta photocall-a.

Guraso elkartekoek arropa zaharrekin egindako mozorroak soinean parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Zarautz

Zarautzen izango dute Gau Beltzarekin zein biharamuneko Santu Guztien Egunarekin loturako eskualdeko egitarau beteena. Batetik, Jalgik herriko beste hainbat talde eta eragilerekin antolatutako kalejira eta emanaldia izango dituzte ostegun iluntze-gauean; eta bestetik, azaroaren 1etik 3ra, Arte eta Historia Museoak antolatutako bisita gidatuak.

Gau Beltzeko ospakizuna

Jalgi Dantza Taldeak, "aurreko bi urteetako saio arrakastatsuari segida emanez", hirugarren urtez ospatuko du Gau Beltzaren jaia, Santu Guztien Egunaren bezperako gauean, urriaren 31ko "gau berezian". Jalgiko kideez gain, aurtengo jaian beste hainbat talde ere ariko dira, hain zuzen ere, Alproja, Zarautz TRIK, Erraldoi Txikiak, Motxian-Etxebeltz bertsogunea eta Gurutxurtu aisialdi taldea.

Egun horretan Jalgiko dantzariak Imanol Urbieta musika eskolatik aterako dira Alprojako kideekin batera, 19:00etan. Lapurdi kaletik Zigordia kalera joango dira, eta, San Frantzisko kaletik barrena, Kale Nagusira sartuko dira Frontoi Txikian geldialdia egin ondoren. Handik, Musika Plazara joango dira. Ondoren, Lege Zaharren Enparantzara sartuko dira, festa amaierako ekitaldia egitera. Jalgiko eta Alprojako kideak iritsi aurretik, baina, Motxian-Etxebeltzeko kideek bertso batzuk kantatuko dituzte leku horretan. Bestalde, Zarautz TRIK eta Erraldoi Txikiak taldeetako kideak herriko kaleetan zehar ibiliko dira Lege Zaharren Enparantzara iritsi aurretik.

Denak plazan bilduta, amaiera ekitaldian dantzari, antzezle eta bertsolari guztiek parte hartuko dute. Gainera, Lege Zaharren Enparantzako saioa biribiltzeko, Zarautz TRIKek festa luzatuko du plazan 22:00ak arte, herritar denentzako irekia izango den erromeriarekin. Eta, ondoren, 22:00etatik aurrera, Santa Klaran, Gurutxurtu aisialdi taldeak hainbat jolas antolatuko ditu 10 urtetik aurrerakoentzat (helduak barne). Adin tarteen araberako ordutegiak antolatu dituzte Gurutxurtukoek: LH 5 eta 6koen txanda izango da 22:00etatik 22:30era; DHB 1 eta 2koena, 22:30etik 23:00etara; DBH 3 eta 4koena, 23:00etatik 23:30era; eta, azkenik, 23:30ean iritsiko zaie jolaserako txanda 16 urtetik gorakoei.

Jalgik herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Gau Beltzeko festan parte hartzera, bai ibilbidera mozorrotuta agertuz –etxetik hartutako edozein trapuk balio dezake, betiere aurpegia estalita–, bai 18:00etan Lege Zaharren Enparantzara hustutako kalabazak eramanez. Izan ere, asmoa plaza kalabaza hutsez betetzea dela azaldu dute Jalgiko kideek, eta horren azalpena txertatzen duen bideoa ere gehitu dute.

Bisita gidatuak Zarauzko hilerri zaharrenean

Zarauzko Arte eta Historia museoak bisita gidatu bereziak eskainiko ditu azaroaren 1ean, 2an eta 3an, Gau Beltzaren aitzakian. Santu Guztien Eguna da azaroaren 1a, eta horri lotuta, bizilagunek herriko hilerri zaharrena bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute hiru egunez. Era berean, Andra Mari Zeruratzea parroki-elizako monumentu multzoaren parte den kanpandorreko Erdi Aroko nekropolia ezagutuko dute.

Museoak zehaztu duenez, egun bakoitzean bisita bana egongo da, 16:30ean hasita. Halere, hilaren 2an, larunbatez, 12:30ean ere eskainiko dute. Ordubete inguruko iraupena izango du bakoitzak, eta euskaraz nahiz gazteleraz eskainiko dituzte. Parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea (2,10 euro), plazak mugatuak baitira. Horretarako, info@menosca.com helbidera mezua bidali behar da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide