Izeta VI.a: "Bi urte barru etorriko da berriz ere marka egiteko eguna"

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 24a, 10:00

Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'. (Mailo OIarzabal)

Txikituta, dena emanda eta hustuta bukatu zuen finala, baina markaren arantzatxoa albo batera utzita, pozik eta irribarrea ezpainetan ospatu zuen garaipena Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak zezen plazan bertan, sari banaketan eta ondoren.

Laugarren txapela jantzi duzu jarraian Euskal Pentatloian. Zer sentipen eragin dizu lorpen horrek?

Ilusioa. Laugarren txapela lortzea oso berezia izan da niretzako. Bi erreferente handi daude bi txapelekin [Joxe Mari Olasagasti eta Xabier Zaldua], eta laugarrena lortu duen bakarra naiz. Harro egotekoa da. Ez naiz oso gustura gelditu markarekin. Aizkorako lanak bukatu ditudanean, 30 minuturen azpitik egiteko denboretan nihoan. Baina korrika hasi naiz, aurreneko itzulian jada bareak heldu dit, eta ezin nuen pausoa nahi bezala luzatu. 4.40an hasi naiz korrika, gaizki... baina ahaztu egingo naiz horretaz. Laugarren txapelaz gozatzea nahi dut, hemendik bi urtera etorriko da berriz ere marka egiteko eguna.

Izan ere, esan duzu 30 minuturen langatik jaitsi arte jarraituko duzula parte hartzen Euskal Pentatloian.

Bai, hori da nire helburua. 30 minututik jaitsi arte borrokan segituko dut, hori lortu arte ez dut lagatzerik pentsatzen.

Nola bizi izan duzu finala? Ez zegoen jende asko, baina giroa bai, ezta?

Giro polita egon da, bai, beroa. Familiakoak, lagunak, bertakoak... Berezia da Euskal Pentatloia. Ea hemendik bi urtera itzultzen den.

Pentatloirik gabe, zer erronka jarriko diozu zeure buruari datorren urterako?

Bi aste barru aizkorako lehen mailako kanporaketa jokatu behar dut. Hurrengo urtean lehen maila horretan mantentzea da orain dudan helburu bakarra, aurtengoan azkena ez egitea, alegia, eta asmo horrekin lehiatuko naiz. Hurrengo urtean Vicente, Larrañaga, Txikia eta horrelako kirolari handiekin lehen mailan lehiatzea kristorena da niretzat. Horiei aurre egiten gozatuko dut, horixe da nire buruari jarri diodan helburua. Bi aste dauzkat kanporaketa ahalik eta ondoen prestatzeko, eta ea nola joaten zaidan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide