Kaktusmania izeneko erakusketa sortu dute Idoia Aldai aiarrak eta bertako bizilaguna den –izatez zarauztarra– Eithne Arruabarrenak. Ur margoekin eta zeramika piezekin osatu dute erakusketa, eta Aiako Kultur Etxean egon da ikusgai azken asteetan. Ikusgai bakarrik ez; izan ere, salgai jarri zituzten pieza guztiak, Izan Inurri elkartera bideratzeko bildutako dirua. Elkarte horrek minbiziari buruzko dibulgazioa, formakuntza eta akonpainamendua bultzatzen ditu.
Arrakastatsua izan da erakusketa sortzaileen hitzetan. Zeramikazko 25 bat ontzi eta beste 40 marrazki sortu eta "ia guztiak" saldu dituzte. "Harrera zoragarria izan du erakusketak. Segituan saldu ziren gauza ugari, eta eskaera asko ere izan ditugu", zehaztu du Arruabarrenak. Aldai ere pozik agertu da; hark dio "herriaren babesa eta goxotasuna" sentitu dituela. Guztira, 612 euro emango dizkiote Izan Inurri elkarteari –herritarren donazioak ere izan dira tartean–.
Halako zerbait egiten duten bigarren aldia da. Aurrez, Zarautzen egin zuten erakusketa bat, eta orduan 382 euro bildu zituzten Zarauzko minbiziaren aurkako elkartearentzat. Zentzu horretan, oraingoan dirua zein elkartetara bideratu erabakitzea erraza izan zen: "Segundo batean erabaki genuen", esan dute. "Minbiziak guztiok ukitu gaitu, batzuk besteak baino gehiago edo sakonago. Horrekin lana egiten duten herritarrak asko baloratzen ditut, eta eskertzen dut egiten duten lana", adierazi du Aldaik. Herritarrentzat ere bereziak dira halako egitasmoak. Sortzaileek iritzi diote edonori gustatzen zaiola edalontzi bat edo margolan bat erostea, baina jendearentzat erakargarriagoa dela lortutako diru guztia elkarte batentzat izango dela jakitean.
Erakusketaren abiapuntua kaktusak izan dira. Betitik izan ditu horiek gustuko Aldaik. Orain dela pare bat urte hasi zen aiarra kaktusak marrazten, baina erakusketa osatzearen ideia otsailetik dator: "Gure adiskidetasunagatik edo, pikatu egin nintzen pixka bat kaktusmaniarekin. Zeramika ikastaroetara joaten naiz, eta Idoiak deitu zidan esanez zeramika lanekin eta margolanekin erakusketa bat egingo al genuen. Baiezkoa eman nion segituan. Hori otsailaren bukaeran izan zen; beraz, denbora mugatua eduki dugu, baina denbora gutxi horretan elkarlanean jardun gara. Batek piezak sortu ditu, eta besteak margotu", azaldu du Arruabarrenak.
Hasitako bideari gustua hartu diote, eta proiektuari jarraipena emango al dioten galdetzean, baietz erantzun dute. Beste gai bati helduko diote, ordea.