Elaia Garcia Aizpurua: "Nire kezkak eta lasaitasun eza islatzeko balio dit literaturak"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 14a, 11:00

Azken urtean sortutako ipuinek nahiz olerkiek sari ugari eman dizkiote Garcia Aizpurua (Zarautz, 2006) gazteari. Oraingoz ez du ezer argitaratzeko presarik, baina idaztetik bizi nahiko lukeela dio.

Euskaltzaindiaren Resurrecion Maria Azkue sarietan, Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno eta herriko Salbatore Mitxelena sarietan aitortu dituzte zure lanak azken asteetan. Nola hartu dituzu?

Sorpresaz, nahiz eta aurkezten zarenean beti egiten duzun irabazi nahi duzulako. Hala ere, ez duzu espero denetan izango zarenik saritua. Horregatik, pozarekin batera, ezustekoa ere hartu dut.

Lehiaketa horietan guztietan poesian nahiz narrazioan jaso dituzu aitortzak, gainera. Bi generoak dituzu gustuko ala bata bestea baino nahiago duzu?

Biak ditut gustuko, ezingo nuke bat aukeratu. Kontua da kontatu nahi duzunaren arabera egokiagoa dela genero bat edo bestea. Dena den, beti sentitu izan dut ez nuela poesiarako balio. Aurten arlo horretan hainbeste sari jaso izanak lehen ez nuen konfiantza eman dit.

Euskaraz idazten al dituzu zure lan guztiak?

Bai. Ama hizkuntza dut euskara, eta, ondorioz, horixe zait erosoena eta naturalena helarazi nahi dudana idazteko, nahiz eta gazteleraz ere ongi moldatzen naizen.

Izan duzun arrakastaren ondoren, jo al duzu argitaletxeren batengana edota haiek jo al dute zugana zure idatziak argitaratzeko?

Ez, oraindik ez dut argitaletxe bakar batekin ere hitz egin. Ez naiz ahalegindu haiekin harremanetan jartzen eta nire bila ere ez dira etorri. Gainera, uste dut oraindik ez nagoela prest eta bide luzea dudala egiteko liburu oso bat argitaratu ahal izateko, asko dudalako ikasteko. Hemendik urte batzuetara akaso animatuko naiz argitaletxeengana jotzera, baina oraingoz ez dut asmorik.

Etorkizunera begira jarrita, literaturaren arlotik egin nahiko zenuke bidea, beraz? Ala beste asmoren bat duzu?

Euskal Filologia ikasiko dut, eta gustatuko litzaidake idaztetik bizi ahal izatea. Dena den, duela gutxi hartu dudan erabakia izan da, letrekin zerikusirik ez duen beste gradu bat egiteko asmoa nuelako, hasiera batean. Giza dietetika eta nutrizioa zen gradu hori, baina azken orduan aldatzea erabaki dut.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Amak asko irakurtzen du, eta osabak liburu denda batean egiten du lan. Horregatik, txikia nintzenean liburuak erostera joateko eta irakurtzeko ohitura handia genuen. Uste dut horrek piztu zidala idazteko gogoa. 10 bat urterekin osatu nuen nire lehenengo lana, Salbatore Mitxelena sarietara aurkezteko ipuin bat, eta, hortik aurrera, ohitura hartu nuen urtero zerbait idazteko.

Etxean literaturzaleak izanik, erakusten al dizkiezu zure lanak haien iritzia ezagutzeko?

Ez naiz nire idatziak asko erakustekoa, baina amak ia denak irakurtzen ditu eta beti egiten du iruzkinen bat. Gero, ordea, ez diet kasu handirik egiten haren gomendioei, saiatzen naizelako nire intuizioari segitzen eta ideia originalari ahalik eta leialena izaten. Euskarako irakasleei ere erakusten dizkiet, eta esan behar dut zorte handia izan dudala guztiekin. Aurtengoari, gainera, lan karga handia eman diot eta oso eskertuta nago, idatzi asko zuzendu dizkidalako eta beti sentitu dudalako oso gertu eta ni laguntzeko prest.

Horrez gain, iazko Urruzuno lehiaketan jasotako sariari esker egin ditudan bi lagunekin partekatu ditut nire lanak. Pozgarria izan da; zeren, ordura arte ez nuen irakurtzea eta idaztea gustuko zuen lagunik, eta orain badut sostengu hori. Horregatik, Urruzuno saria inflexio puntua izan da niretzat. Gainera, beste lehiaketetan ez bezala, abuztuan bost eguneko egonaldia egiteko aukera eskaintzen du eta asko ikasten dugu. Aurten berriro joango naiz.

Idazteko ohitura ez ezik, txikitatik irakurtzekoa ere baduzula aipatu duzu.

Lehen gehiago egiten nuen orain baino. Azken bi urteetan ikastetxean agindu dizkiguten liburuak irakurri ditut soilik. Hala ere, ikasturtea amaituta denbora libre gehiago izango dudanez, aprobetxatu nahi dut irakurri nahi ditudan hainbat libururi heltzeko.

Eta zein dira zerrenda horretan dauden liburuak?

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua irakurtzen hasi naiz jada, luze samarra da, baina amaitzean Patxi Zubizarretaren Zerria ere irakurri nahi dut. Horiez gain, baditut liburu gehiago irakurtzeke.

Lan sakonek erakartzen zaituzte, beraz. Simone de Beauvoir autore feminista garrantzitsuenetakoa da.

Uste dut idatzi ditudan lanetan ere antzeman daitekeela badudala gaiarekiko interesa. Bigarren sexua ez da narrazioa, saiakera da; baina iruditzen zait literatura bera tresna aproposa dela manifestuak egiteko. Ez nuke esango nire orain arteko lanak hala direnik, manifestuak edo kritikak, baina izan dira nire kezkak edo lasaitasun eza agertzeko bitartekoak eta uste dut nire adin bueltako neska asko identifikatuta senti daitezkeela.

Euskal literaturan gero eta gehiago dira emakume idazleen izenak. Zabaldu den bide horretan ikusten al duzu zure burua?

Pozgarria da ikustea zenbat emakume idazle dauden orain. Duela urte batzuk ukatu egiten ziguten literaturaren esparruan lekua izatea, eta gure aurretik egon direnei esker dugu orain guk ere bertan egoteko aukera. Horregatik, pentsatzen dut asko zor diegula emakume aitzindari horiei eta gustatuko litzaidake niri ere hor egotea noizbait, badagoelako tokia.

Zein dira zure erreferente literarioak?

Toti Martinez de Lezea, agian. Txikitan hark idatzitako Nur bildumako ale asko irakurri nituen, eta, gerora, La herbolera ere irakurri dut. Nolanahi ere, oso desberdinak dira nire estiloa eta harena.

Eta nolakoa da zure estiloa?

Inguruan ikusten dudana eta horrek nigan duen eragina dut oinarri idazteko, batez ere. Nire esperientzia pertsonalari lotuta, askotan, nire gertuko pertsonen ezaugarriren bat baliatzen dut, gainera, pertsonaiak eraikitzeko. Hala ere, ez dakit nola deskribatu nire estiloa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide