Arrakastatsua izan da Burgosko Aparejadores Rugby taldearekin egin duzun bigarren sasoia. Dena den, arantzatxoa ere geratu zaizue, azkenean, ezta?
Oso pozik gaude, sekulako denboraldia egin dugulako. Dena den, pena ere badugu ezin izan dugulako bete denon ametsa zena: hiru garaikurrak lortzea. Superkopa altxa genuen irailean eta Errege Kopa maiatza hasieran, baina ezin izan genuen errematatu ligako finala irabazita. Edonola ere, atzera begira jarrita, bikaina izan da egin dugun urtea, eta hurrengoan berriro egingo dugu ahalegina txapelketa guztiak irabazteko.
Gertu izan zenuten ligako garaipen hori ere, 11-0 aurreratu zinetelako markagailuan eta etxean jokatu zenutelako finala, gainera. Luzea egin al zitzaizuen neurketa?
Gure taldearentzat berria zen halako ekitaldi bat etxean hartzea, bazkide eta senitartekoen aurrean. Egia esan, final ikusgarria izan zen, oso ondo ekin genion partidari, eta estu hartu genuen VRAC. Tamalez, puntu bakar bategatik egin zigun ihes tituluak, azkenean. Oso talde ona du VRACek, eta guk baino final gehiago jokatu ditu.
Errege Kopan, berriz, kontrakoa gertatu zitzaizuen; zuek lortu zenuten markagailuko emaitzari buelta ematea. Gainera, zuk zeuk egin zenuen horretarako erabakigarria izan zen entseguetako bat aulkitik aterata.
Maila altuko bi talde aurrez aurre daudenean azken minutuetan erabakitzen da garailea, askotan. Horregatik, hasierako hamabostekoan zelairatu ez diren jokalariak ere garrantzitsuak izaten dira. Finaletara iristen diren taldeak oso orekatuak izan ohi dira, eta, ondorioz, aulkian dauden jokalarien maila ere oso ona izaten da. Zelairatutakoan topera ateratzen dira, gainera, eta balantza desoreka dezakete besteak nekatuta daudelako.
Guri hori gertatu zitzaigun, nolabait, Errege Kopako finalean. Ni izan nintzen aulkian hastea egokitu zitzaionetako bat, baina bigarren zati osoa jokatu nuen, eta taldeari indar gehigarri hori emateko gai izan nintzen, markagailuko emaitzari buelta eman ahal izateko eta partida irabazteko.
Denboraldi osoan aritu zara gisa horretara, hasierako hamabostekoan, batzuetan, aulkian, besteetan. Hala ere, beti izan duzu jokatzeko aukera. Gustura al zaude zure parte hartzearekin?
Bai. Azken finean, oso jokalari zerrenda luzea dugu, 35 bat gara taldean, baina hamabostek soilik joka dezakete hasieratik eta 23k partida osoan. Dena den, zauden tokian zaudela, taldea laguntzea da garrantzitsuena, izan zelaitik aulkitik edo kanpotik.
Bigarren denboraldia nola joan den ikusita, Burgosen jarraituko al duzu?
Errubian jokatzeaz gain, unibertsitateko ikasketak ere Burgosen ari naiz egiten, eta segitzea da asmoa, bai. Taldeak eman zidan horretarako aukera, eta arduradunak nirekin oso gustura daudenez, eta ni ere bai, bertan jarraituko dut.
Herriko taldea utzi zenuenean Burgosera joateko, halakorik espero al zenuen?
Egia esan, ez. Banekien handia izango zela jauzia, lehendik jarraitzen nuelako Lehenengo Maila eta oso joko azkarra delako bertakoa, baina ez nuen uste punta-puntan ibiliko ginenik. Gainera, ni fitxatu aurreko denboraldian zortzigarren sailkatu zen Burgosko taldea. Egia da Errege Kopako final bat jokatutakoa zela taldea duela ez hainbeste; ez nuen espero, ordea, lehenengo denboraldian sailkapenaren buruan aritzea eta bi final jokatzea, eta are gutxiago bigarren urterako lehenengo tituluak irabaztea.
Aurrez jokatutakoa zara maila handiko beste talde batean. Biarritzen harrobian aritu zinen bi urtez. Alde handia al dago oraindik Frantziako eta Espainiako ligetako taldeen artean?
Biarritzen 18 eta 23 urtez azpiko taldeetan aritu nintzen, eta oso ona da hango maila. Egia da, Frantziako lehen nahiz bigarren kategoriekin alderatuta, Espainiako liga gorena apalagoa dela, baina azken horretako maila ere hobetzen ari da. Taldeek asko hobetu dute, eta oso lan ona egiten ari dira harrobietan.
Zurea ligako talde indartsuenetakoa da egun, baina errugbiak ematen al du bizitzeko adina diru?
Jokatzen dugun bitartean ongi bizitzeko adina irabazten dugu. Ez dugu arazo ekonomiko handirik, baina egia da, aldi berean, gure soldatek ez dutela zerikusirik taldekako beste kirol batzuetan dituztenekin. Arlo horretan ere ari da hazten errugbia, baina asko falta zaio oraindik.
Kirol formakuntzako garaian, Biarritzekin ez ezik, Espainiako selekzioaren 18 eta 20 urtez azpiko taldeetan eta zazpiko errugbiko akademian aritu zinen. Ikusten al duzu selekzio nagusiaren deia jasotzeko aukerarik?
Posible da, bai, eta hala izatea gustatuko litzaidake, nire ametsetako bat ere badelako. Badakit lanean jarraituz gero eta Burgos bezalako talde batean postua irabaztea lortuz gero, iritsi daitekeela dei hori noizbait. 2027ko Munduko Txapelketa Australian izango da, eta polita litzateke bertan parte hartu ahal izatea. Horretarako, ordea, aipatutako deia jaso beharko nuke lehenik. Frantziako ligara ere itzuli nahiko nuke egunen batean, baina zailagoa iruditzen zait.
"Etxeko errugbi taldean erretiratu nahi dut"
Kirol ibilbide luzea du aurretik Zumetak oraindik, baina beti du presente herriko taldea: "Zarauzko klubetik atera naiz ni, eta etxeko taldeak eman didana ez dut beste inon jaso. Txikitan lagunekin hasi nintzenetik seniorretara iritsi arte asko izan dira bertan bizitako abenturak, eta garbi dut noizbait itzuli egingo naizela. Oraindik asko dut taldeari emateko eta hala egin nahi dut. Ez dut uste inongo zorrik kitatu behar dudanik, baina egia da jasotako guztia itzuli nahi diodala klubari, nolabait".
Horrez gain, errugbi jokalari zarauztarrak dio bere talde kutunarekin lortu nahi duen helbururik baduela: "Beti amestu dut Zarautzekin Lehenengo Mailara igotzearekin, eta egunen batean betetzea gustatuko litzaidake". Zentzu horretan, azken bi urteak kanpoan igaro baditu ere, etxeko taldearen nondik norakoak gertutik jarraitu ditu: "Online ikusi ditut partida gehientsuenak, eta aukera izan dudanean, Astiko harmailetatik. Sekulako denboraldia egin zuen taldeak iaz mailaz igotzeko play-off-era sailkatuta, eta aurtengoa ere azpimarratzekoa izan da".