"Aurreneko aldiz oztopo lasterketa bat ikusi nuenean, zera pentsatu nuen: zertan aritu naiz orain arte nire bizitzan? Hau da nik egin nahi dudana!". Libana Taboada (Zarautz, 1992) Orioko bizilagunak halaxe azaldu du OCR kirolarekiko hasieratik sentitu duen grina. Urtebete pasatu da ordutik, eta ez du denbora alferrik galdu: jada sailkatu da abuztuan Costa Rican egingo duten Munduko Txapelketarako. Eñaut Izetak (Aia, 2001) ere badu txartela. Elkarrekin entrenatzen dute Hernaniko (Gipuzkoa) gimnasio batean, eta oraindik nahiko ezezaguna den kirola zertan datzan azaldu diote Gukari.
"Korrika egiten da, normalean mendian, eta ibilbidean zehar hainbat oztopo egoten dira: saltatu beharreko hormak, puntu batetik bestera eraman beharreko pisuak nahiz suspentsioko oztopoak; zintzilik, eskaladarekin lotura estua daukan jarduera da hori", azaldu du Taboadak. "Ez da kirol ofiziala oraindik, eta beraz, dena da pribatua, bai liga, bai Munduko Txapelketa", gaineratu du. "Europako eta mundu mailako elkarteak lanean ari dira kiroltzat har dezaten, baina kirol berri samarra izaki, denbora pixka bat beharko da". Espainiako ligan ari dira parte hartzen biak, eta, guztira, zazpi proba puntuagarri dituela kontatu du Izetak: "OCR Series barruan, Bartzelonan jokatu berri da proba bat, aurrez Nafarroan ere izan da, baita Gipuzkoan bertan ere... Ekainean Andorran izango da, eta azkena, azaroan. Proba bakoitzeko postuaren arabera osatzen da sailkapena, bost proba onenak kontuan hartuta". Dena den, biek dituzte jada txartelak Munduko Txapelketarako, eta Izeta joatekoa da. Taboadak uko egingo dio aurtengo aukerari, haren planetan ez zegoelako halakorik. "Baina datorren urtean, sailkatzen banaiz behintzat, ez dut hutsik egingo", esan du argi.
Oraindik ezezaguna
Datorren denboraldian lehiatzen jarraitzeko asmoa dute biek. "Pauso bat aurrera ematea" gustatuko litzaioke Izetari ligan, "ea nora iristeko gai" den jakiteko. Taboadak ere argi du jarraituko duela eta berriz Munduko Txapelketara sailkatzea izango duela erronka. Izetak darama bietan denbora gehien oztopo lasterketak egiten: "Pilotan ibiltzen nintzenean, El conquistador del fin del mundo telebista saioan parte hartzeko prestatu nahi nuen, eta lagun batekin hasi nintzen Hernaniko gimnasio batera joaten orain pare bat urte; hala ezagutu nuen mundu hau. Harrapatu egin ninduen. Korrika egitea gustatzen zait, baita zintzilikatze kontu hori ere, eta pixkanaka mundu honetan sartu nintzen". Taboada ere kirolaria izan da betidanik; iaz Donostian proba bat ikusi zuen larunbat batez, eta hurrengo astelehenean Hernaniko gimnasioan zen hura ere.
"Proba bakoitza bakarra" dela azaldu dute, eta, beraz, zaila dela denborekin erreferentzia argiak edukitzea beste kirolarien inguruan. Hori bai, "onenek" probak ordubetez azpitik amaitzen dituztela diote gizonezkoetan; "emakumeok pixka bat gehiago behar dugu", esan du Taboadak. Dena den, gustuko du partaide guztientzat probak berberak izatea: "Oztopo batean nik edukiko dut abantaila baxua naizelako, eta beste batean, altuak edukiko du. Orekatua da oso", nabarmendu du. Izetarentzat, berriz, gakoa da lasterketa osoan zehar erritmoa eta indarra ondo banatzea, "oztopo zailenak bukaera aldean egoten direlako".
Oraindik kirol ezezaguna dela irizten diote biek, eta Izetak azaldu du batzuek crossfitarekin lotzen dutela, "nahiz eta ez daukan zerikusirik". Ondoren, bideoak ikusten dituztenean "harrituta" gelditzen direla dio, eta "polita" litzatekeela "pixkanaka indarra hartzen joatea, kirol polita delako, entretenigarria".