Mila Zubizarreta: "Sentitzen dudanaren arabera sortzen dut nire artelana"

Julene Sorarrain 2024ko eka. 4a, 10:00

Iaz, Zarauzko Emakume Sortzaileen Azokan aurkeztu zituen bere margolanak lehendabiziko aldiz, eta aurten Emakumeen Etxean inauguratu du bere lehen erakusketa.

Mila Zubizarretak (Aizarnazabal, 1961) bere lehen erakusketa aurkeztu du Zarauzko Emakumeen Etxean. Natura eta abstrakzioa abiapuntutzat hartuta, guztira zortzi artelanek osatzen dute mostra; pintura akrilikoekin egindako lanak dira, tamaina askotako mihiseetan aurkeztuak. Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 16ra arte, Emakumeen Etxean.

Zure artelanak aurretik Roimi arropa dendako erakusleihoan erakutsi izan dituzu. Nola iritsi zara Emakumeen Etxera, eta nolakoa izan da erakusketa inauguratu arteko prozesua?

Aurreko urtean lehenbiziko aldiz egin zuten Zarauzko Emakume Sortzaileen Azoka, eta nire lana kalera ateratzeko eta jendeak ezagutzeko momentu polita zela pentsatu nuen. Normalean artelanak nire dendan izaten ditut salgai. Azokaren eguna igaro ondoren, esperientzia polita izan zen sentipenarekin gelditu nintzen. Eta orain dela egun batzuk, Gloria Vazquez Parekidetasuneko arduradunak deitu ninduen, Emakumeen Etxean erakusketa bat egiteko proposamenarekin. Leku ederra dela uste dut, ateak irekitzen joateko eta nire lana ezagutarazteko aproposa.

Nola hartu zituen jendeak zure margolanak iazko azokan?

Oso ondo. Egia esan, jende ezagun asko igaro zen, baina ez zekiten margotzen nuela. Sorpresa handiarekin hartu zuten. Lan batzuk saldu nituen, eta oso gustura geratu nintzen harrerarekin.

Zure margolan batzuetan kolore paleta antzekoa erabiltzen duzula nabari daiteke: tonu moreak eta arrosak… Harremanik ba al dago Emakumeen Etxearen eta zure lanaren artean?

Sentitzen dudanaren arabera sortzen dut nire artelana. Autodidakta naiz; orain dela sei urte hasi nintzen margotzen. Momentu batzuetan kolore batzuk gehiago erabiltzen ditut beste batzuetan baino. Eta egia da harmonia gustatzen zaidala, edozein lekutan. Hori horrela, obrak Emakumeen Etxera ekarri behar nituenean, segituan jakin nuen zeintzuk ekarri behar nituen. Dena den, baditut beste kolore batzuekin egindako lanak ere. Agian badute lotura bat Emakumeen Etxeak eta nire lanek, baina ez dut nahita egiten, sentitzen dudanaren arabera baizik.

Natura ere elementu nabaria da zure lanean: loreak, paisaiak, zuhaitzak… Nolako harremana duzu naturarekin?

Asko maite dut natura. Egia da modu abstraktuan margotzen ditudala elementuak, baina hiru formatu daude nire margolanetan: zuhaitzak, loreak eta abstrakzioak.

Nola sortzen da zure margotzeko prozesua?

Dena nire burutik sortzen dut, imajinaziotik. Koadroak ez ditut argazki batetik abiatzen; nire buruari egiten diot kasu. Nire gorputzean zerbait egin behar dudala sentitzen dut. Orokorrean, asteburuetan margotzen dut. Astean zehar lanpeturik ibiltzen naiz, eta ez dut astirik izaten. Lan abstraktu bat egin nahi badut, ez naiz loreetan pentsatzen jartzen. Egia da, era berean, loreak ez ditudala ikusten ditugun bezala margotzen; beti nabari da lorea dela, baina ez da argazki bat ateratzea bezala. Nire estiloa ez da figuratiboa. Egia da margo bakoitzak esanahi handia duela, eta denbora askoan begiratzen jardun behar izaten da esanahi hori ulertzeko. Adibidez, Opalescencia lanarekin, dendara joaten direnek ordu eta erdi igaro izan dute margolanaren aurrean. Bakoitzak bere interpretazioa egiten du, eta gauza ezberdinak ikus ditzakete margolanaren barruan.

Etorkizunera begira, beste erakusketa bat egin nahiko al zenuke?

Momentu honetan erakusketa honetan daukat arreta jarrita, eta oso gustura nago. Nire egunerokoarekin jarraitzen dut, eta beste proiektu bat ateratzen bada, gustura helduko diot horri. Momentuz ez dut beste ezer pentsatuta, baina egia da zabalik nagoela gauza askotara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide