Xoxote mendirako igoera ikusgai bihar, 'Urrutira joan gabe' saioaren hirugarren atalean

Erredakzioa 2024ko ots. 20a, 19:00

Bihar, asteazkena, 21:00etan ikusi ahal izango da saioaren hirugarren atala Erlo Guka Telebistan, eta Mireia Galarza kazetariak Xoxoteko gailurrera maldan gorako bidea egingo du Domusa Teknik Team taldeko Ibai Angulo mendi korrikalari azpeitiarrarekin. Duela bi aste hasi zen Urrutira joan gabe saioaren hirugarren denboraldia; Aizarnan eta Oikian egin daitezkeen ibilbideak erakutsi ditu azken bi asteetan Mireia Galarza kazetariak, hurrenez hurren. 

Erlo Guka Telebistak bihar 21:00etan emango du Urrutira joan gabe saioaren hirugarren saioa, eta aurreko astean ez bezala, Mireia Galarza kazetariak malda gogor bati egin biharko dio aurre. Domusa Teknik Team taldeko Ibai Angulo mendi korrikalari azpeitiarrak eta biek Azpeitiko plazatik Xoxoteko puntaraino egingo dute bidea.

Urola Kosta eskualdean egin daitezkeen ibilaldiak proposatzea xede duen telebista saioa duela bi aste jarri zen martxan. Aizarnan hasi zuen Erlo Guka Telebistak hirugarren denboraldiko bidea, Mikel Irure Zestoako Agiro mendi klubeko kidearekin. Joan den astean, berriz, Oikiako saioa eskaini zuen telebistak, eta Arantxa Ugartek lagunduta Oikia inguruan egin daitekeen ibilbide arin bat erakutsi zuen.

Guztira, saioaren sei atal eskainiko ditu UKTk hirugarren denboraldian; biharkoaz gain, beste hiru saio gelditzen dira eskualdeko txoko nahiz bazterrek dituzten istorioak ezagutzeko. Saioa telebista bidez jarraitu ezin dutenek UKTren hedabide guztietan ikusi ahal izango dute osorik ostegunetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide