Aurkeztu dute aurtengo Euskal Astearen egitaraua, eta horretaz arduratu dira Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Irune Urbieta Kultura zinegotzia eta Leire Arana Jaien eta Ekitaldien zinegotzia. Gaur hasiko da Euskal Astea, hain zuzen, Bertsolari Gazteen 47. Lizardi Sariaren lehen kanporaketekin. Bihar eta etzi, aldiz, bigarren kanporaketa eta finala izango dira, hurrenez hurren. Gainera, berrikuntza moduan, Urbietak azaldu du aurtengo sarrera doakoa izango dela finalean, eta gonbidapenak egunean bertan eskainiko dituztela ordubete lehenago Modeloko leihatilan.
Egun handia baino astebete lehenago, irailaren 2an, zehazki, Euskararen aldeko XXVII. Lasterketa izango da AEK-k antolatuta, eta ondoren XXXVII. Bazkari Herrikoia ere egingo dute, EHEk antolatuta. Aurten ere ez dira faltako Helduen nahiz Gazteen Binakako Dantza Txapelketak, Aurresku Txapelketa eta Trikitilari Gazteen Txapelketa. Irailaren 5ean, asteartean, izango da herriko taldeen jaialdia Lege Zaharren enparantzan: Zatoz Irulegira. Euria eginez gero, Modelo aretoan egingo dute hori ere.
Egun handia, larunbatean
Euskal Jai egunei dagokionez, haurrena irailaren 3an ospatuko dute, igandearekin. Bertan dantzarien bilkura eta emanaldia izango da eguerdian Lege Zaharren enparantzan, eta arratsaldean dantzaldia, kalejirak zein puzgarriak Iñurritzan.
Irailaren 9an izango da aurten Euskal Jai Eguna, larunbata. Horren harira, Xabier Txurrukak argi utzi nahi izan du: "Etxekook badakigu zer den egun hori, baina kanpotik datozenei garbi utzi nahi diegu festa giroaz gozatzera datozenak bakarrik onartuko ditugula hemen. Beste gauza batzuetara datozenak ez daitezela etorri herrira".
Euskal Jai Eguneko egitarauari dagokionez, aurten ez da aparteko berrikuntzarik izango: Goiztarrak, Alprojaren antzerkia, erromeria, Larrain dantza, trikitilariak, tunturroak... Hori bai, aurten Montessori gunea jarriko dute Iñurritzan, jolas mitologikoekin batera.
Aurtengoa azalduta, begirada hurrengo urteko Euskal Astean jarri du Txurrukak. Izan ere, bere hitzetan, hurrengo urtean 100 urte beteko dira Zarautzen Euskal Jaiak ospatzen hasi zirenetik, eta mendeurrena "ondo landu" nahi dutela adierazi du Txurrukak. Horretarako, herriko taldeekin harremanetan jarriko dela adierazi du alkateak. "Euskal Astea handia da berez; guk zerbait berezia egin nahi dugu", gaineratu du.