Itsasoari begira bizi da Zarautz, eta, beraz, ur ekintzak eta kirolak ohikoak dira zarauztarren artean. Gaur egun surfean ikus daitezke hainbat eta hainbat herritar, baina, aurretik, arrauna izan zen herriko kirol nagusietako bat. Arrauna bale-ehizatik dator, eta zarauztarrek asko dakite arrantza modalitate horretaz, XIX. mende osoan zehar euskal uretan ehizatu zituzten hiru baleetatik bi zarauztarrek hil baitzituzten. Bale-ehiza horretatik sortu ziren estropadak, XVIII. mendean, eta idatziek adierazten dutenez, Gipuzkoako lehen estropada Zarautzek egin zuen, Getariaren aurka, 1761ean.
1983. urtea zen, eta Xanti Sanchezek Pello Argoterekin eta Iosu Aizpuruarekin topo egin zuen. Arrauna hizpide hartuta, Zarautz bezalako herri batek arraun elkarte bat ez izatea harrigarria zela eta, sortze prozesuari ekitea erabaki zuten. Bilera bat antolatu zuten, eta jendearen erantzuna "izugarria" izan zen; izan ere laguntzeko eta arraunean egiteko interesa zuen herritar ugari joan zen bilera hartara, Sanchezek elkartearen 25. urteurrenaren harira argitaratutako liburuan dioenez.
Lehenbiziko bi urteetan kluba egonkortzen eta mutilak entrenatzen aritu ziren, eta 1986an egin zuten lehenengo denboraldia traineruetan. Handik bost urtera, 1991n, berriz, Kontxako Banderara sailkatzea lortu zuen Zarautzek.
2003tik aurrera, urterik onenak
2003an, TKE Liga sortu berritan, han sartzea lortu zuen Zarauzko taldeak, eta mailari eustea lortu ez bazuen ere, elkartearen garai onenen hasiera izan zen hura: 2005ean KAE Ligan bigarren egin zuen, berriz TKEra igotzea lortuz; 2006an, berriz, Euskadiko Trainerilla Txapelketa irabazita hasi zuen denboraldia taldeak, traineruetan seigarren postuan amaitu zuen liga eta Kontxan laugarren egin zuen –euskal trainerurik onena izan zen–; 2007an ligan bosgarren izan zen, Zumaiako Bandera irabazi zuen eta Kontxan laugarren postua eskuratu zuen; 2008an, berriz, liga bosgarren amaitu arren, Kontxan sartzerik ez zuen lortu taldeak, baina denboraldia bikain bukatu zuten El Corte Ingles Banderan bigarren postua lortuta. Emaitza horiez gain, bateletan eta trainerilletan ere emaitza bikainak lortu zituen elkarteak urte hartan: ontzi bietan Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabazi zituzten kirolariek.
&Ziklo haren amaiera 2009. urtean hasi zen, maila pixka bat jaitsiz; ligan zortzigarren postuan sailkatu zen Zarautz. Denboraldi bukaera iristean, entrenatzaileak eta hainbat arraunlarik elkartea utzi zuten, eta 2010ean maila galdu zuen Zarautzek. Harrezkero, KAE 1 mailan aritu zen, baina 2013an denboraldia 11. postuan amaituta, berriro galdu zuen maila. Hurrengo urtean KAE 2 liga irabazi zuen, zortzi bandera lortuta zilarrezko mailarako txartela eskuratuz.
Emakumeak, 2013an
2013an sortu zuten emakumeen lehen trainerua. Talde hura, etxeko arraunlariez gain, Tolosako emakumeek osatu zuten, eta Gipuzkoako Ligan seigarren postua eskuratu zuten haiek. 2014an Getariako Arraun Elkartearekin batera aritu ziren, eta Gipuzkoako Liga bosgarren amaitu zuten. Hurrengo urteetan ere elkarrekin jarraitu zuten Zarautzek eta Getariak, eta emaitza aipagarriak lortu zituzten: 2015ean bi bandera eskuratu zituzten, eta 2016an, berriz, Kontxako Banderan debuta egin zuten, bosgarren sailkatuz.
Urte luzez traineru propiorik gabe aritu ondoren, 2021ean berriro uretaratu zuten Enbata, harrobiko neskak kanpoko klubetatik itzuli eta jende berria etorri ondoren.
Harrobi falta
Gaur egungo egoera "gogorra" dela aitortu dute elkarteko kideek, gizonen taldea osatzea gero eta zailagoa egiten zaielako: "Eusko Label mailan ibili ondoren, ume gehiago espero genituen, baina ez dugu lortu ume eta gazte jendea erakartzea. Egia da gero eta ume gutxiago daudela gizartean, baina... Gero eta gutxiago animatzen direla ikusirik, gero eta zailagoa da kateari eustea. Gainera, badugu goi mailan aritzera oso gazterik iritsi zen belaunaldi bat, eta maila horretan aritzetik maila apalagoetara jaistea zaila izan da eramateko edo ez ditu asetu jardunak edo...", azaldu du Gaizka Garmendia ZAEko patroiak eta batzordekideak. Emakumeetan, aldiz, lehenbiziko deialdia egin zutenean, 25 lagun prestu agertu zirela gogoratu dute, nahiz eta haietatik hogeik ez zekiten arraun egiten. "Hiru urtez jarraian gabiltza uretan, eta urtez urte maila hobetzen ari dira. Hala ere, emakumeek beti lehenago uzten dute arrauna, ikasketak direla, lana dela... Ea taldea mantentzen dugun, jarraipena ematekoa aukera izango baikenuke".
Arrauna kirol desberdina da: ordu askoko jarduna eta esfortzu handia eskatzen ditu. Hiruzpalau orduko saioak egiten dira gutxienez, arraunean ez dago ordubeteko saiorik: txalupa uretara eraman, arraunean egin, ondoren trainerua jaso, desplazamenduak... Eguraldiak ere asko baldintzatzen duen kirola da, eta negua "oso luzea" egiten dela aitortu dute ZAEko kideek. Klubak, gainera, Aian du egoitza, eta horrek are denbora gehiago eskatzen die desplazamendu kontuetarako. "Hori handicap handia da, Zarauzko umeek ez dutelako herrian arrauna ikusteko aukerarik. Beste arrazoietako bat da Zarautzek eskaintzen duen kirol aukera handia. Hori ona da alde batetik, aukera ugari dituztelako umeek, baina zenbait kirolentzat zailagoa da lana egitea, guretzat adibidez", adierazi du Jon Artola ZAEko lehendakariak.
Taldeak osatzeko arazo horiek harrobi faltak eragindakoak direla jakinda, horri buelta ematera ari dira bideratzen saiakera guztiak. Arraun munduan bi lerro daude nagusiki, ZAEkoen arabera; fitxaketetan oinarritzen dena edo harrobia baliatzen duena. Zarauzko Arraun Elkartearen lerroa, baina, harrobiarena da. "Traineru batek harrobiarekin ondo funtzionatzeko, urteetako lana egin behar da. Horretarako gakoa umeak dira, baina une honetan hori da, hain zuzen ere, falta dena... Azken 3-4 urteetan hutsunea dago umeei dagokienez, eta beraz, trainerua uretan mantentzeko lain daukagu oraingoz. Hurrengo urteetara begira, gazteak erakartzea da gure xedea", azaldu du Artolak.
Horretarako, abuztuan Zarauzko Estropadak jokatzea garrantzitsua da ZAErentzat, umeek eta gazteek arrauna bertatik bertara ikusteko aukera izaten dutelako. Ikusgarritasun hori lortzeko beste hainbat trikimailu erabiltzen dituztela ere adierazi dute elkarteko kideek: Eskola Kirola egitasmoan sartuta daude, ikasleak egoitzara gonbidatzen dituzte saio desberdinak egitera, kukaña denboraldia antolatzen dute uda garaian...
ZAEk gaur egun ez du talde sendo bat eskaintzeko baliabiderik, baina badu arma sekretu bat: giro ona. "Kirola oso jarduera lotua da, baina bueltan asko ematen du: lagunartea, adibidez. Taldearen barruan egon arte ezin da ikusi zenbaterainoko lagunartea eskaintzen duen, baina arrauna bizitzera animatzen denari asko gustatzen zaio". Hain zuzen ere, Zarauzko elkarteak horretan badu talde sendoa.
Txiki eta Makazaga gogoan
40 urteko ibilbideak askorako eman du, eta hainbat eta hainbat pertsona igaro dira urte horietan guztietan klubetik. Pisu garrantzitsua izan duten herritarrak ugari izan diren arren, lerro hauetan ezin dira guztiak aipatu. Batzuek sona edota oihartzun handia izan dute, Juan Mari Larrañaga Txikik adibidez, eta beste batzuek, aldiz, atzeko lan isila egin dute, Joxe Makazagak kasu. Biek ala biek zein beste askok egin dute Zarauzko Arraun Elkartea.
Nahiz eta Orioko traineruan lortu zituen emaitza garrantzitsuenak, Larrañagak Zarautzen errotu zituen arraun munduan lortzera iritsi zen guztiaren sustraiak. Izan ere, Zarautzek Txiki patroi zela irabazi zuen aurreneko bandera, 1985ean, kadete mailan. "Kluba sortu berria zen, eta elkarteak oraindik ez zuen trainerurik. Txikik, baina, Gipuzkoako batel txapelketako lau kategoriatan parte hartu zuen patroi gisa; infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan. Hiru mailatan irabazi zituzten banderak, eta laugarrengoan, berriz, bigarren postuan sailkatu ziren. Ikaragarria izan zen!", azaldu du Gaizka Garmendia ZAEko batzordekideak.
Ikasteko asko zuen arren, garbi ikusi zuten ordurako harribitxi bat zela Txiki. "Zarauzko taldean hasita, esperientzia hartzen joan zen poliki-poliki", azaldu du Joseba Ostolaza arraunlari ohi eta Txikiren lagunak. Garapen handia egin zuen Txikik urte haietan, eta 1998an, Orioko taldean zela, jokatutako txapelketa guztiak irabazi zituen: guztira, hamalau estropada, tartean Liga, Kontxa eta Espainiako txapelketak. Zein zen haren sekretua? Gorpuzkera txikia zuen, indartsua zen eta bizkorra ere bai: "55 kilo eskas pisatzen zituen, eta 1,60 metrora ez zen iritsiko, baina zituen ezaugarriak ez sinestekoak ziren", esan du Jon Peñagarikano arraunlari ohiak eta lagun minak.
Patroi gisa ikaragarria bazen, denak ados daude pertsona eta lagun bezala are hobea zela esaterakoan: "Taldea egiten zuen. Horretan oso ona zen, eta hori funtsezkoa zen eta da emaitza onak lortzeko". Hala sakondu du Ostolazak: "Gu baino zerbait zaharragoa zen, eta berak hartzen zuen beti autoa, edozein afari, bazkari edo festa egin behar genuela. Garai hartan izarra zen Txiki; telebistak ez zuen arraun txapelketarik ematen orduan, baina, hala ere, mundu guztiak ezagutzen zuen joaten ginen herrira joaten ginela. Eskerrak ez zegoen gaur egungo telebistarik!". Zarauztik Oriorako bidea egin arren, hark Zarautz barruan zeramala esan du ZAEko batzordekide Garmendiak. "Eta hori nabaritu egiten genuen, topo egiten genuen estropada guztietan gertutasuna erakusten zigulako eta animoak ematen zizkigulako".
Peñagarikanok gogoan du oraindik Legution Txikirekin izandako pasadizoa: "Ura edan eta edan ari zen, eta nik ez nuen ulertzen zergatik edaten zuen horrenbeste... 'Zer egiten dek?' esan nion nik, eta haren erantzuna: 'Pisua eman behar diat'. Ura edaten amaitu zuenean, pisatu egin zen, eta noski, irabazi egin zuen. Bazkaltzera joan ginen ondoren, eta zer eskatuko bazkaritarako, eta zopa! Zerbait beroa behar zuela eta... Ikaragarrizko jipoiak ematen zizkion urdailari. Eta asko sufritzen zuen".
Duela 25 urte, 1998ko urriaren 24ean hil zen Txiki auto istripu baten ondorioz, baina bere oroitzapenek, balentriek eta izaerak bizirik diraute.
Makazaga, "autentikoa"
Joxe Makazaga zenak, berriz, ezkutuko lan ugari egin zuen Zarauzko Elkartean. Klubeko arlo guztietatik igarota, elkarteari zeukan guztia eman zion: "Garai batean, zuzendaritzan egon zen pertsona bakarra ere izan zen!", azaldu dute elkarteko kideek.
Orain autoz joaten dira gazteak ZAEk Aian duen egoitzara, eta urruti gelditzen dela eta kexatu egiten diren arren, Makazagaren garaian hiru batel hartu eta Getariara eramateko atoia behar izaten zela gogoratu dute taldeko kideek. "Bi garraiobide zeuden orduan; bata, furgoneta, klubekoa zena, eta bestea, Joxeren autoa. Han joaten ziren arraunlari denak autoan sartuta... Orain ezinezkoa litzateke horrela ibiltzea", dio Garmendiak.
Lana egiteko grina bezainbestekoa zuen Makazagak umorea, eta beti txisteak kontatzen aritzen zela gogoratu dute ZAEko ordezkariek. Txisteak bakarrik ez, ordea, pasadizoak eta bertsoak ere bai, baina bazuen bereziki gustukoa zuen eta "harro" kontatzen zuen txiste bat. Umea zela, Zarauzko Ikurriña txapelketarako balizak jartzen laguntzera joaten zen aitarekin, baina hori egin aurretik, goizean goiz, txibiak arrantzatzera joaten ziren biak. Txibiak harrapatzen zituzten lehenik, estropadarako balizak jartzen zituzten gero, eta lehorreratzean, arraindegira joaten ziren txibiak saltzera. Balizak jartzeagatik, bazkaria ordaintzen zien Zarauzko Udalak, eta bazkari horretan, beraiek arrantzatutako eta saldutako txibiak jaten zituzten. "Bere barre bereizgarri harekin kontatzen zuen pasadizoa", esan du Garmendiak. Makazagak kontatzen zuen beste txiste bat ere ekarri du gogora: "Arraunlari bati isuna jarri zioten gaizki aparkatzeagatik, eta Makazagak isuna eskatu zion hari, konponduko zuela esanez. Udaltzainburuarengana joan zen kentzeko eskatzera, eta isuna kendu zionean, zera esan zion Makazagak: 'Aizak! Hi, gainera, elkarteko bazkidea haiz, eta urteko kuota ordaintzeko daukak oraindik!'. Isuna kendu, eta hala ere, kuota eskatu zion hark... Autentikoa zen".
Gaur egun ZAEk dituen instalazioak egokiak direla uste du Artolak, garai batekoekin alderatuta batez ere. Izan ere, haren hitzetan, hasi zirenean instalazio "oso prekarioak" zituzten. Gaur egun dituzten azpiegiturak Makazagaren lanaren fruitu direla azaldu du hark. "Nola egin genun beste kontu bat da, ordea. Izan ere, gauza asko ikasi genituen Joxerekin, gauza onak eta ez hain onak ere bai", esan du barrez taldeko lehendakariak.
Makazagaren oroitzapen onak dituzte taldeko kide denek, hori argi dago: "Dagoen lekutik elkartera begiratzen ari bada, gustura egongo da. Izan ere, ez zuen seme-alaba arraunlaririk izan, baina orain bi bilobak emakumeen traineruan ikusteak poztuko luke Joxe", adierazi du Peñagarikanok.