Datuen babesari buruzko tailer trinkoa eskainiko du UKUEk enpresentzat

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 22a, 13:23

Ikastaroaren helburua da datuen babesari dagokionean legeek eta ordenamendu juridikoak arautzen duena ezagutaraztea enpresa-arduradunei. Prestakuntzarekin batera aholkularitza ere eskainiko zaie enpresei.

Datuak babesteko legeen arabera, enpresa guztiek ezarri behar dituzte pertsonen eskubideak, datuen segurtasuna eta pertsonen informazioa bermatzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak. Gaia konplexua dela uste du Urola Kostako Udal Elkarteak eta eta tailer praktikoa antolatu du eskualdeko enpresentzat, datuen babesari dagokionean legeek eta ordenamendu juridikoak arautzen duena ezagutarazteko; gainera, prestakuntzarekin batera aholkularitza ere eskainiko zaie enpresei.

Taldekako prestakuntza uztailaren 13an eta 18an izango da, udal elkartearen egoitzan, 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, lantegian parte hartzen duen enpresa bakoitzak bi orduko tutoretza saio bat izango du. Hala, tailerra amaitutakoan enpresek datuak babesteko euren segurtasun sistema egokituta izango dute.

Tailerra doakoa izango da eta parte hartu nahi duten enpresek uztailaren 7ra bitartean izango dute izena emateko epea zabalik, horretarako formularioa bete beharko dute. Parte-hartzaile kopurua mugatua denez, izen-emate hurrenkera errespetatuko dute eskabideak onartzeko. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide