Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Eraikuntza enpresa bat baino, udalak aterpe eta soluzio eskaintzaile izan behar du"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 26a, 09:00

Zarauzko alkategai Itziar Murua eta Gipuzkoako ahaldungai Maddalen Iriarte protagonista izan ziren herenegun, EH Bilduk malekoian egin zuen ekitaldian.

Zarauzko EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen asteazken arratsaldean malekoian, Galtxagorri elkartearen parean, maiatzaren 28eko udal eta foru hauteskundeen atarian. Koalizioko hautes zerrendako kide Imanol Epelde eta Itziar Iruretagoienak ireki zuten ekitaldia, irakurraldi musikatu batekin. Jarraian, Itziar Murua alkategaiak hartu zuen saioaren gidaritza eta protagonismoa.

Gobernatzeko beste eredu bat proposatzen duela EH Bilduk nabarmendu zuen Muruak. "Eraikuntza enpresa bat baino, udalak aterpe, babes, itxaropen iturri eta soluzio eskaintzaile izan behar du", zehaztu zuen. Herriaren eta herritarren "komunitate" izaerari eman zion balioa, eta jendea entzuten eta jendearekin hitz egiten dakien alkatea izan nahi duela zehaztu zuen. Horren adibide gisa, asteotan auzoz auzo aritu direla programa aurkezten azaldu zuen, eta, besteak beste, azpimarra berezia egin zion etxebizitza arazoari.

Ekitaldian bailarako EH Bilduko alkategaien babesa izan zuen Muruak; han izan ziren Iñaki Ostolaza (Zumaia), Anuska Esnal (Orio), Haritz Alberdi (Getaria) eta Aitor Arregi (Aia). Zarauzko alkategaiak herriko zerrendako lehen hamarren presentzia eskatu zuen oholtza gainean, baita foru bozetarako aurkeztu diren bailarako ordezkariak ere.

Saioa biribiltzeko, Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldungaiak hartu zuen hitza, eta argi eta garbi esan zuen bi aukera baino ez daudela igandean: "EAJ edo EH Bildu. Bizkarrera begiratzen dutenak edo aurrera begiratzen dugunok". Azken txanpan sartuta, 100 metroko lasterketarekin alderatu zituen azken egunak, eta "oso inportantea da nola bukatzen den, azken metro horietan ere". Amaitzeko, herritarrei Itziar Muruarentzako eta EH Bilduretzat botoa eskatu zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide