Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Bigarren Etxebizitza Planaren oinarria izango da Irita-Amillubi Plana”

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 14a, 09:00

Zarauzko EAJ udal taldeko kideak, ostiraleko agerraldian. (Aritz Mutiozabal)

Osteguneko ezohiko bilkuran behin-behineko onespena jaso zuen planak. Guztira, 295 etxebizitza eraikiko dituzte; 230 Iritan eta 65 Amillubin, alegia. Gisa honetan, Zarauzko EAJk 500 etxebizitzen sustapena aurreikusi du datorren agintaldirako.

Ostegun arratsaldean egin zuten 2019-2023 agintaldiko azken udalbatzarra, eta, bertan, Irita-Amillubi Plana onartu zuten behin-behinean, Udal Gobernuko kide diren EAJren eta PSE-EEren babesarekin. EH Bildu planaren aurka agertu zen, eta Podemos Equo Berdeak udal taldeko ordezkaria, berriz, abstenitu egin zen.

Ezohiko bilkuraren biharamunean, eta hauteskunde kanpainaren lehen egunarekin bat, EAJko udal taldeko kideek agerraldia egin zuten udalbatzar aretoan gaiari buruzko azalpenak emateko. “Hilabete batzuk atzera begiratu behar dugu bozketa honen garrantzia hobeto ulertzeko”, adierazi zuen Xabier Txurruka  jeltzaleen hautagaiak eta egungo Zarauzko Alkateak. Gogora ekarri zuen urtarrilaren 26ko udalbatzarrean hasierako onespena eman ziotela Irita-Amillubi eremuei dagokien Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari, eta horri esker, garatu dutela plana eta ahalbidetu ahal izan dituztela hainbat proiektu.

Irita-Amillubi Planean bideratuko diren proiektuen artean, honako hauek nabarmendu zituen: Irita eremuan, Itxasmendi eta autobidearen ordainlekuaren arteko gunean, erregimen sozialeko 130 etxebizitza inguru eta 100 zuzkidura bizileku-apartamentu sustatuko dituzte; Iritako hezegunearen azalera 16.500 metro koadro inguru zabaltzea ahalbidetuko dute; Haurreskola parean, Iñurritza
errekaren hormigoizko horma zaharra bota eta ertzen birnaturalizazioarekin jarraitzeko aukera zabalduko dute; Amillubin, egun udal brigadaren eraikina dagoen partzelan, autobus geltoki berria eraikik dute eta, tren geltokiarekin lotuta egongo den bus geltoki berri honek, sotoan aparkaleku publikoko bi soto izango ditu; eta, azkenik, Amillubin, sestra gainean, 20 etxebizitza tasatu eta salmenta libreko 45 etxebizitza inguru egitea aurreikusi dute.

Txurrukak aditzera eman duenez, Amillubiko 45 etxebizitza libre horiek jasango dute, hein handi batean, eremu guztiaren urbanizazio karga, autobus geltoki berria eta brigadaren pabiloi berria eraikitzea barne. "Etxebizitza hauek egiten dira promozio honen bideragarritasuna bermatzeko, gauzagarria izan dadin". zehaztu du alkateak.

Orotara, 295 etxebizitza eraikiko dituzte Irita-Amillubin, eta "horietatik %85a babestutako etxebizitzak" izango direla azpimarratu du Txurrukak:"Datorren agintaldirako landu dugun Bigarren Etxebizitza Planaren oinarria izango da Irita-Amillubi Plana”.


500 etxebizitzen sustapena

Aurreko hauteskunde kanpainan, EAJk iragarri zuen 2019-2023ko agintaldian 350 etxebizitza babestu sustatzeko bidea jarriko zuela martxan. Agintaldia bukatzera doan honetan, nabarmendu dute guztira babestutako 375 etxebizitza esleitu dituztela Zarautzen, batzuk babes ofizialekoak –alokairuan eta jabetzan– eta besteak tasatuak.

Egindako bideari jarraipena eman nahi diote datorren agintaldian, eta hori horrela, babes maila ezberdinetako 500 etxebizitzen sustapenak bultzatuko dituztela: “Salberdinen, Lanpardon eta Amillubin, 321 etxebizitza babes ofizialekoak eta zuzkidura apartamentuak izango dira, eta 179 etxebizitza tasatuak, jabetzan”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide