Udal eta foru hauteskundeak 2023

EH Bilduk aurreneko ekitaldia egin du maiatzaren 28ko udal hauteskundeen harira

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 17a, 13:01

Zerrendakide guztiak bilduta eta herritar askoren aurrean egin zuen agerraldia koalizioak atzo eguerdian Torre Luzea parkean.

Zarauzko EH Bilduk ekitaldi jendetsua egin zuen atzo eguerdian Torre Luzea parkean. Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrendako kide guztiekin egin zuen agerraldia koalizioak, eta hitzartzeak ere izan ziren.

Saioaren lehen partean Ion Arozena zinegotziak hartu zuen hitza, eta haren ondotik koalizioaren zerrendan bosgarren tokian aurkeztuko den Eider Gurrutxagak. Bizipen pertsonaletatik abiatuta mintzatu ziren biak. Arozenak, esaterako, azaldu zuen duela lau urte onartu zuela EH Bilduren zinegotzia izateko proposamena, eta lau urte hauetako esperientzia hitz bakarrean definitzekotan, hitz hori "aberasgarria" izango litzatekeela esan zuen:"Udaletxean egoteak alderdien arteko eta pertsonen arteko harremanak nolakoak diren ezagutzeko aukera ematen du, eta aukera eman dit ikasteko zer izan behar dugun eta zer ez jakiteko. Argi ikusi dugu zer izan behar ez dugun, eta nola ez dugun jokatu behar. Eta gero eta argiago dut herriak zer gobernantza mota eduki behar lukeen", esan zuen.

Adierazpen horrekin lotuta, zuzenean Xabier Txurruka alkatearen jarrera kritikatu zuen Arozenak. "Besteoi gainetik begiratu eta agintzen digun pertsona dela erakutsi du hasiera-hasieratik, eta ez soilik oposizioko kideoi; alderdikideei ere egiten diela ikusi dugu". Txurrukak "gauzak aztertu gabe" erabakiak hartzen dituela ere kritikatu zuen, eta gobernantza ereduarekin lotu zuen: "Guk herriarentzat egiten dugu lan. Bada garaia udal barruan zein kanpoan elkarlanean aritzekoa, proiektuak alderdiekin eta herriarekin partekatuta, iritziak jasota eta benetan onak izango diren proiektu onetan bilakatuta. Zuek, zarauztarrok, ez duzue merezi goitik begiratzen dizuen gobernu bat, zuekin elkarlanean aritzen den gobernu bat baizik. Horregatik, maiatzaren 28an herri bezala pentsatu, eta egin dezagun Itziar Murua alkate", esan zuen.

EH Bilduk eskaintzen duena

Eider Gurrutxagak kontatu zuen berari gustatzen zaiola herria egunerokoan bizitzea, ikuspegi kritiko batetik ulertzea, eta "ahal bada", hortik berrasmatzea: "Zoritxarrez, azken garaiotan gure herria turistei eta aberatsei saltzen ari zaie, eta herrigintza ordez, hormigoia da herri honen kudeaketa ereduaren erdigunean jarrita duena udalak".

Kudeaketa eredu horren ondorioak "herriko gazte, emakume, euskaldun, eta herrigunean bizi ez den herritar bezala, egunero bizi ditut nire azalean", gaineratu zuen. Ondorio horiek zerrendatu zituen: "Besteak beste, gazteok gero eta zailtasun handiagoak izatea herri honetan bizitzeko; herritarren beharrei eta ahotsei entzungor egitea; udatiarrentzat pentsatutako udako kultur eskaintza egotea; landagunean bizi garen herritarron bizi kaliatea aintzat hartua ez izatea; espazio publikoan egiten diren obrak herritarrentzako eta batez ere gazteontzako topaguneak murrizten aritzea etengabe; eta herri mugimenduei oztopoak eta trabak jartzea beraien jardun politikoa egin ahal izateko". Zerrenda "mugagabea" dela gaineratu zuen.

"Agintaldi honetan etorkizuneko Zarauzko oinarriak erabaki behar ditugu, bestela hemendik urte batzuetara atzeraezinezkoak izango diren egoera batzuetan aurkituko gara gu denok", azpimarratu zuen. "Gure belaunaldiak behar du herritarrak erdigunean izango dituen udal gobernu bat. Gazteok Zarautz euskaldun, feminista, sozialista, antiarrazista eta ekologista nahi dugu, eta maiatzaren 28an erabakiko dugu Muruaren estiloz gobernatutako udala nahi dugun, ala Txurrukari ezagutzen diogun moduarekin jarraitu nahi dugun".

Inguruko udaletan EH Bildu egiten ari dena eredugarri

Itziar Murua alkategaiak hartu zuen hitza azkenik, eta aurrena eskerrak eman zizkien azken lau urteetan zinegotzi aritu diren guztiei, baita inguruan izan duen lantaldeari ere.

Ondoren, EAJren kudeaketa kritikatu zuen, esanez garaiak aldatzen ari direla eta beste arazo batzuk daudela herrian azken urteetan, eta horrek eskatzen duela bestelako soluzio batzuk ematea, "baina EAJren gobernua galdera zaharrei erantzuten ari da, eta ez egungo arazoak konpontzen". Etxebizitzaren arazoa aipatu zuen Muruak, azpimarratuz azken urteetan eraiki diren "etxe pilek" ez dutela arazoa soluzionatu, "herritar askok ezin dituztelako ordaindu ez etxebizitza libreak, ez alokairuak, ez babestutako etxeak".

Mugikortasunaz mintzatu zen, EH Bilduk "oinezkoentzat eta bizikletentzat atsegina den Zarautz bat" nahi duela esanez, eta ez udalak onartu duen mugikortasun plana; baita Nafarroa kalean Zarauzko Udalak erabili duen "sormenik gabeko sistema zaharkitua" ere, esanez udalak ez dituela "aztertu ere egin" beste aukerak; eta haur parkeak "inolako anbiziorik gabe" berritu dituztela esan zuen. "Inertziatik gobernatzen ari da EAJ, aspaldiko logiketatik, eta herritar askorengandik urrun: mugimendu feministatik urrun, gazteengandik urrun...".

Horren aurrean, inguruko herrietako EH Bilduren udal gobernuak goraipatu zituen. "EH Bilduk XXI. mendeko politikekin gobernatzen duela ikusten dut hemen ondoan ditugun herrietan, Orion, Zumaian, Getarian. Herri horietan ongizateak hobera egiten duela ikusten dut, udalak entzun egiten dituela herritarrak, gehien behar dutenei gehiago eskaintzen zaiela, ez dutela inor ahazten eta guztien elkarbizitza eta ongizatea dutela helburu", nabarmendu zuen. "Ni ispilu horretan ikusten naiz Zarautzen, ea lortzen dugun", gaineratu zuen. Horretarako talde bikaina osatu dutela esan zuen Muruak, eta zerrendakideak banan-banan izendatu zituen, eta denak elkartu ziren agertokian.

Honakoek osatzen dute zerrenda:

 

    1. Itziar Murua Uria.
    2. Ion Arozena Eizagirre.
    3. Ainara Landa Argote.
    4. Ander Lucas Aranceta.
    5. Eider Gurrutxaga Larrañaga.
    6. Mikel Agirre Etxaniz.
    7. Ainhize Larramendi Larrarte.
    8. Esther Agirre Ruiz.
    9. Jexus Goikoetxea Balentziaga.
    10. Bartolo Iribar Sorazu.
    11. Eider Illarramendi Azkue.
    12. Imanol Epelde Pagola.
    13. Garazi Olaizola Irureta.
    14. Iker Lizarriturri Martiarena.
    15. Ane Ur tzelai Aranbarri.
    16. Xuban Zumeta Irureta.
    17. Itziar Iruretagoiena Agirrezabalaga.
    18. Salvador (Salba) Bergara Ercilla.
    19. Amaia Arruti Aguirre.
    20. Perdiñanda (Perdi) Paredes Manot.
    21. Maria del Pilar Mujika Zumeta.
  • Ordezkoak:
    1. Jabi Etxa buru Elu.
    2. Goizane Arana Arexolaleiba.
    3. Andoni Man tzi zidor Eizmendi.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide