Kataluniako Tokiko Prentsa Elkartearen kongresuan parte hartu dute UKTko zenbait ordezkarik

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 20a, 16:22

Tokikomeko hedabideetako ordezkariak Bartzelonan egindako kongresuan. (Tokikom)

Tokikomeko hainbat komunikabidetako ordezkariak Bartzelonan izan dira egunotan, ACPC Kataluniako Tokiko Prentsa Elkarteak gonbidatuta. ACPCk 40 urte bete ditu aurten, eta urtemugaren harira egindako kongresuan izan dira, besteak beste, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko toki hedabideen elkartetako ordezkariak. UKTren zuzendari nagusi Gorka Zabaletak Tokikom plataformaren inguruko solasaldia eskaini du. 

Kataluniako Tokiko Prentsa Elkarteak (ACPC) 40 urte bete ditu aurten, eta urtemugaren bueltan, hainbat txokotako tokiko hedabideek parte hartu duten Dia de la Premsa Comarcal kongresua egin dute asteburuan Bartzelonan. Bertan izan dira Tokikom Euskal Herriko toki komunikabideen bateraguneko ordezkariak, eta, tartean, Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) Gorka Zabaleta, Julene Frantzesena eta Leire Larrañaga. 

Ostiralean hasi zen Dia de la Premsa Comarcal kongresua, eta bi egunez askotariko hitzaldiak eta mahai-inguruak egin dituzte egitasmoaren barruan. Besteak beste, Euskal Herriko, Kataluniako, Mallorcako, Menorcako eta Valentziako hedabideetako ordezkariek parte hartu dute jardunaldietan, eta tokian tokiko esperientziak gainerako hedabideetako ordezkariekin partekatzeko aukera izan dute. Esaterako, Tokikomeko toki hedabideen webguneak –Tokikom plataformak– eskaintzen dituen aukerak izan dituzte hizpide kongresuan. Gorka Zabaleta UKTren zuzendari nagusiak eskaini zuen Tokikom plataformaren inguruko solasaldia ostiralean.  

Euskaltzaleen Topaguneak eta hainbat tokiko hedabidek –tartean Urola Komunikazio Taldea osatzen duten hedabideek– duela 10 urte sortu zuten Tokikom toki komunikabideen bateragunea. Hasieran tokiko komunikabideak taldekatzeko marka gisa sortu bazen ere, gaur egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom Komunikazio Taldea, eta, guztira, 76 hedabide kudeatzen dituzte: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Hain zuzen, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan eta Euskal Herri osoko 307 udalerritara iristen dira.

Gorka Zabaleta UKTren zuzendari nagusia Tokikom plataformaz hitzaldia eskaintzen. (Julene Frantzesena)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide