Indarkeria matxistaren aurkako aldarria kalera ateratzeko eguna da azaroaren 25a. Egun horretan ez ezik, gainerakoetan ere indarkeriak zeharkatzen ditu emakumeen nahiz sexu eta genero disidenteak diren pertsonen egunerokoak. Gaiaz erreportajea egin du Urolako Komunikazio Taldeak, besteak beste, mugimendu feministako kideekin, indarkeria matxista pairatu duten emakume batzuekin nahiz indarkeriaren aurkako protokoloa sortu duten Saiaz mankomunitateko ordezkariarekin hitz eginda.
Zarauzko Bilgune Feministako kideak dira Ekhine Eizagirre eta Eider Gurrutxaga. Haien hitzetan, mugimendu feministak "lan izugarria" egin du indarkeria matxistaren bueltan teorizatzen, eta gainerako urteetan egin bezala, indarkeriaren ertz guztiak agerian uztea izango da aurtengo azaroaren 25erako eskuen artean duten erronketako bat. Indarkeria matxista bere osotasunean bistaratu nahi baldin badute ere, azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekintzetan, urtez urte gai zehatz bat izaten da ardatza. "Pandemia garaian, etxeko indarkeria hartu genuen gaitzat; aurrez justizia patriarkala nahiz haurrenganako indarkeria landu genituen; polizia indarkeria ere bai beste urte batean... Aurtengo aldarrikapenak orain ari gara lantzen, baina ziztaden bueltan sortu den babesgabetasuna, beldurra eta alarma salatu nahi ditugu", esan du Gurrutxagak.
Bere osotasunean bakarrik ez, forma berritan ere ekarri du indarkeria, Eizagirreren esanetan
Hain zuzen ere, indarkeriaren aspektu sinbolikoaren, zuzenaren eta egiturazkoaren "adierazle eztabaidaezinda" da ziztadena, Eizagirreren hitzetan. Indarkeria forma horien ezaugarriak aletu ditu hark: "Aspektu sinbolikoa komunikabideetan, sare sozialetan eta abarretan dagoen emakumeen erreferentzia falta da; izan ere, esanguratsua da gizartean emakumeen eta gizonen zer irudi transmititzen diren eta horrek nola mugatzen gaituen. Zuzeneko indarkeria da pertsona batek besteari egiten diona: izan daiteke zerbait fisikoa, izan daiteke begirada batekin egiten dena... Eta egiturazko indarkeria, berriz, gizarte antolaketari lotuta egiten dena da; hau da, gizarte antolaketa ekonomiko-politikoari, botereari, lotuta egiten dena. Nabarmena da nork duen boterea, zer botere harreman dauden gizartean eta horiek nola sortzen eta mantentzen duten indarkeria matxista".
"Izebergaren analogia aproposa da indarkeriaren funtzionamendua ulertzeko"
Bilguneko bi kideen ustez, izebergaren analogia aproposa da indarkeriaren funtzionamendua ulertzeko; izan ere, horrek age rian uzten du gizartean naturaltzat hartzen diren jokabideek nola eusten dituzten eraso esplizituagoak. "Naturaltzat eta normaltzat hartuta dauzkagu hainbat egoera edo eraso mota, eta ez gara identifikatzeko gai askotan. Zerbait esplizitua ger tatzen baldin bada, horren azpian naturaltzat ditugun eta iku sezinak diren edo hautemateko gai ez garen hainbat indarkeria mota badirela esan nahi du. Horregatik, garrantzia dauka indarkeria matxista bere osotasunean lantzeak eta dimentsio zabal hori agerira ateratzeak".
Indarkeriaren dimentsioa mahaigaineratuta, Gurrutxagak izen-abizenak jarri dizkio ziztaden aferari. "Indarkeria zuzena, sinbolikoa eta egiturazkoa azaltzen dute ziztadek. Egiturazkoa da gizonak horretarako antolatu egin direlako, ez direlako izan kasu isolatuak; indarkeria zuzena da gizon batek emakume bati indarkeria fisikoki egin diolako; eta sinbolikoa da, emakumearenganako kontrola erakutsi eta gizartean beldurra nahiz alarma sorrarazi dituelako. Indarkeria bere osotasunean ekarri dute ziztadek".
Eizagirreren ustez, forma berrietan ere ekarri du indarkeria ziztaden aferak, baina indarkeria "etengabe" moldatu arren, haren arabera, ez da kasualitatea erasotutako pertsona guztiak eta beldurra sentitu dutenak emakumeak izatea: "Emakumeen gaineko kontrol adierazpen bat da, botere harremana mahai gainean jartzeko eta indartzeko saiakera bat".
Nolanahi ere, ziztada bidezko erasoen inguruko "irakurketa egokiak" egin direla uste du: "Adibidez, gizonei esan zaie egoten ez baldin badakite, ez etortzeko". Horrez gain, mugimendu feministak egoera gizonei interpelazio zuzena egiteko eta fokua haiengan jartzeko baliatu duela azaldu du: "Nahikoa argi ikusi eta sentitu dugu gizonak antolatu egin direla ziztadak egiteko. Badakigu oro har badagoela nolabaiteko korporatibismo moduko zerbait, baina ziztaden kontua hain izan da esplizitua... Beldurgarria ere izan da".
Gizartean, orokorrean, ziztadak eraso bezala irakurri baldin badira ere, "despistatzeko saiakerak" ere egin direla iruditzen zaie Bilgune Feministako bi kideei. Diskurtsoa "alarma soziala" piztera desbideratu dela uste dute: "Instituzioetan eta komunikabideetan indarkeriari ematen zaion trataera oso arriskutsua da, eta azkenean, kontrako efektua lor daiteke. Zalantzan jarri da ziztadak, bere horretan, indarkeria matxista ote diren, eta horrekin agerian geratzen da gizartearen pentsatzeko era zeinen sinplea den. Ez gara indarkeria matxista ikuspegi zabalago batetik aztertzeko gai". Eta ez indarkeriaren formari lotuta soilik, baita eragiten dien subjektuei dagokionez ere; identitate eta genero disidenteak diren pertsonei, alegia. Hala azaldu dute: "Indarkeria matxista emakumeekin lotzeko joera daukagu, eta gu geu sar gaitezke momentu batzuetan hori egiten dutenen zakuan. Subjektu anitzei eragiten die, ordea, indarkeriak, eta errealitate guztiei erantzun behar diegu".
Sistema judiziala eta salaketen soka
Erabateko babesik gabe, baina adostasun handiarekin onartu zuten indarkeria matxistari aurre egin nahi dion Berdintasun Legea joan zen martxoan Eusko Legebiltzarrean. Orduko hartan, emakumeenganako diskriminazioari eta indarkeriari erakundeek ematen dioten erantzuna hobetzeko beharraz nahiz erreparazioaz jardun zuten hizketan agintariek. Gurrutxagaren ustez, legearen norabidea "ona" da, baina "hutsuneak" ere badituela aipatu du. Dena den, legea bera "oso garatuta" dagoen arren, "justizia patriarkalaren bueltan antolatutako" sistema instituzionalak eta legearen garapenak talka egiten dutela esan du: "Antolaketa patriarkala eta kapitalista da, eta hortik dator lege hori".
Kontrara, eredu punitibista ordezkatuko lukeen justizia ereduaz hitz egin du Eizagirrek: "Feminismoak urteak daramatza justizia eredua auzitan jartzen eta justizia feminista aldarrikatzen, eta horrek justiziaren beste ikuspegi bat izatea esan nahi du". Patriarkatua epaile bat dela zioen eta Argentinan 2020an egin zuten performance bat ekarri du gogora hark, esaldia "oso adierazgarria" delakoan dagoelako. Izan ere, patriarkatua epailea baldin bada, legeak asmo onez egin arren, horiek aurrean horma bat izango dutela uste du. "Horrek ez du esan nahi pauso bat aurrera edo beste bat atzera ezin duzunik eman, baina goitik behera irauli behar dena sistema judiziala bera da. Berdintasuna aldarrikatu egiten da; esaten dugu mendebaldeko feminismoaren hastapenetan emakumeen eskubideak aldarrikatu egiten zirela, gerora ere aldarrikatu da berdintasuna, baina feminismoaren arlotik pauso bat haratago eman nahi dugu orain. Ez dugu berdintasun soilean sinesten, eta irauli egin behar dugu gizonen eta emakumeen genero sistema eta desberdinkeria sozialak zein botere harremanak mantetzen dituen gizarten antolaketa hau. Hori, baina, ez da berdintasunerako lege batzuekin soilik lortzen".
Indarkeriaren sokak ez du etenik salaketa jarri eta gero ere. Eizagirrek dioenez, prozesu "oso bortitza" da salatzearena: "Salaketa jartzen duten pertsonek aurre egin behar izaten diete txutxu-mutxuei, eta gainera, zalantzan jartzen da erasotuaren hitza. Badira beti errepikatzen diren faktore batzuk, eta zer esanik ez epaitegietan gertatzen denaz; izan ere, ez dute bermatzen prozesua goxotasunez egitea. Babesa eta goxotasuna epaitegietako errealitatetik hain daude urruti... Horrek berak bakarrik zer pentsatua eman beharko luke".
Hark esan duenez, erasotua artatu behar duen pertsonak indarkeria matxistarekin "kontzientziatuta" egon behar du: "Jakin egin behar du parean daukan pertsona nola artatu, hura nola entzun, haren beharrak erdigunera ekartzen asmatu behar du... Gaur egun, halakorik ez da inondik inora bermatzen, ez da lehentasuna, eta gauza horiei ez zaie garrantzirik ematen".
Herri egituretako instituzioek badute gaiaz zer esana edo zer egina Gurrutxagaren aburuz, horiek baitira herri komunitatearekin zuzeneko harremana duten erakundeak. Baina sistema judiziala bezalaxe, udalak ere "gizarte egitura kapitalistaren eta patriarkalen barruan" daudela uste du. Adibide bat jarri du hori azaltzeko, Zarautzen gertatutako azken erasoaren ondotik, hango udalari proposamen zerrenda bat helarazi ziotela kontatuta: "Indarkeriaren prebentziorako Zarautzek proposamen integral bat behar duela aipatu genien ordezkariei, eta uste dugu hori baliagarria dela Urola Kostako beste herrientzat ere". Zarauzko Udalari helarazitako proposamenean zerrendatutako puntuak aletu ditu: "Ostalariekin lanketa bateratu bat egin beharko litzatekeela jaso genuen, haiei formazioa eta kontzientziaziorako tresnak eskainiz. Beharrezkoa ikusten dugu ikastetxeetan autodefentsaz hitz egitea ere. Bestalde, udalak mugimendu feministaren lana errazteko askoz gehiago egin dezakeela uste dugu; izan ere, beste herri askotan mugimendu feministaren hitzari eta beharrei garrantzia ematen diete eta baliabideak eskura jartzen dizkiote. Horren falta sumatzen dugu, adibidez, Zarautzen. Gainera, genero disidenteak diren pertsonei lotutako lanketaren bat egin beharko luketeelakoan gaude. Halaber, gizonen maskulinitate eredu berriak lantzeko espazioak, guneak, kontzientziazio saioak... ere egin beharko lituzkete".
Euskal Herri feminista, ortzimugan
Zarauzko Bilgune Feministak Euskal Herriko gainerako asanblada feministekin bat egiten du Bizitzak Erdigunera plataforman. Zaintza jasangarriaren gogoeta prozesua ari dira gauzatzen uneotan, eta hura ere izan dute hizpide: "Euskal Herriko zaintza sistema komunitarioak nolakoa izan beharko lukeen irudikatu nahian ari gara, gaur egungo zaintza sisteman dagoen esplotazio eredua eta zaintzaren kate globalak kontuan hartuta; izan ere, gaur egungo gizarte egitura patriarkala eta kapitalista sostengatzen duten faktore esanguratsuak dira zaintza lanak. Feminismo dekolonialetik egin diren aldarrikapenek eta interpelazioek barrura begira jarri gaituzte, eta horiei buelta bat ematen eta horiek birpentsatzen ari gara".
Ultraeskuina batean eta bestean izaten ari den gorakada hizpide hartuta, feminismoak "bazterreko pertsona oro" barnebiltzen duela adierazi dute Bilgune Feministako bi kideek, eta horregatik, mugimendu antifaxistarekin duten lotura lehen lerrora ekartzearen garrantzian jarri dute arreta. Begirada azken urteetara eramanda, COVID-19a tarteko ezarri zuten etxeratze agindua iritsi aurretik ikusitako irudia ekarri dute gogora biek ala biek: "Etxeratze aginduaren bezperako Martxoaren 8an kaleak gainezka ikusi genituen. Orduz geroztik ez da egin orduko baldintza berdintsuetan izan den Martxoaren 8rik. Baina badator berriz ere data hori, eta ea berriz ere orduko pultsuari eusten diogun. Hain zuzen ere, kontzientziak astintzea eta egunerokoan Euskal Herri feminista eraikitzea dira gure erronkak".
Uste dute feminismoari aitortza egin beharra dagoela. Hala azaldu dute: "Askotariko feminismoak daude gurean, baina ezinbestean, feminismoari aitortza egin behar zaio, urteetako borrokagatik eta lanagatik. Horren adibide da indarkeria matxistaz kontzientziatzeko egindako lana". Bestalde, emakumeei eta genero disidenteei ahalduntzeko tresnak eskaintzearen garrantziaz ohartarazi dute, baita bestelako harreman eredu batzuk sustatzeko beharraz ere. "Horretan jarraituko dugu. Beharrezkoa iruditzen zaigu egindako lanari balioa ematea eta mugimendu feministari merezitako aitortza egitea. Kanpotik ez bada etortzen aitortza hori, geuk egingo diogu geure buruari".