"Gure borondatearen kontra, urtez urte geure egindako etxetik kanporatuak izateko, eta alternatibarik ezean, Zarauzten gaztetxerik gabe geratzeko arriskua ikusten genuen". Eta horrelakorik ezin zutela "onartu" adierazi dute. Apirilean jakinarazi zuten prentsaurrean Zarauzko Udalak pabiloi bat eskuratu zuela Hegoalde eremuan, gaztetxea han birkokatzeko. Hain justu ere, joan den astean aurkeztu zuen Xabier Txurruka alkateak Putzuzulori lagapenean utziko dion pabiloi berria.
Putzuzuloko kideek azpimarratu dute "hasieratik exijitzen" zutena jasotzea lortu dutela lagapen agirian. "Batetik, eraikinaren erabilera eta kudeaketa Putzuzuloko asanbladaren esku geratuko da, eta bestetik, Putzuzuloko asanbladaren jardunak ez du menpekotasunik izango udalarekiko. Gainera, garrantzitsua zen lagapen agirian jasota gelditzea etorkizun batean ere gaztetxe bat bermatzeko baldintzak, eta hala izan da".
Lagapen agiriak 20 urteko iraupena izango du, beste hamar urte luzatzeko aukerarekin. Era berean, Putzuzuloko kideek jakin badakite etorkizun batean Hegoalde eremuak obrak egingo direla, eta, hori horrela, "lortu" dute udalak konpromisoa hartzea, eraikin berria eraitsiko balitz, gaztetxea beste nonbait birkokatzeko, egungo baldintza berdinetan.
"Ez da udal baten meritua"
Gaztetxeen "desegonkortasun egoera orokorra" jarri dute mahai gainean, eta argi dute "antolakuntza eta borroka" direla halako espazioak mantentzeko eta zabaltzeko giltza bakarra. "Hori ez da udalaren edo alkate baten balizko borondatearen eta merituaren fruitua; ezin da ahaztu urte luze hauetan guztietan EAJ buru izan duten hainbat eta hainbat herritan jazarri, hustu eta eraitsi duten gaztetxeen zerrenda luzea, Zarautzen barne".
Hitzarmena hamabost urteotan Putzuzulo eraiki duten guztien "lanaren ondorioa" dela zehaztu dute: "Asanbladaren eta inguruko guztien lanak eta babesak, etenik gabe geure indarrak antolatuta izateak, bermatu digu zalantzaz eta oztopoz betetako bide hau honaino ekartzea. Halaxe izango da gaztetxe berrian ere".
Bide luzea dutela aurretik diote, eta lehen pauso modura, "lan gogorra" egin beharko dutela "espazio berria" egokitzeko. Horretarako, aurki egingo dituzte auzolanerako deialdiak. Azkenik, babes eta elkartasun osoa helarazi diete beraien egoera berean egon diren gaztetxe eta espazio guztiei.