Jarri da martxan atzera kontua. Hamar egun baino ez dira geratzen irailaren 9rako, Euskal Jai Egunerako. Hitzordu nagusira iritsi bitartean, urtero bezala, euskal kulturaz gozatzeko hamaika aukera izango da Euskal Astearen barruan. Zarauzko Udaleko Jaiak eta Ekitaldiak eta Kultura departamentuek antolatu dute herriko hainbat kultur eragileren laguntzarekin, eta gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrean.
Kultura zinegotzi Irune Urbieta arduratu da egitarauaren nondik norakoak azaltzeaz. Lizardi Saria bertsolari gazteen sariketaren kanporaketekin –atzo izan zen lehena eta gaur bigarrena– abiatu dela Euskal Astea nabarmendu du, eta igandeko Haurren Euskal Jai Egunarekin herria jada festa giroan murgilduko dela. Aurten formatua aldatu egin du Jalgik, eta orain arteko Alkate Txikien ongietorririk ez dute egingo. Gainerakoan, datorren astean zehar euskal dantza txapelketak, Basarri lehiaketako sari banaketa, herriko taldeen jaialdia, trikitilarien txapelketa eta Euskaraz Bizi Eguna izango dira, besteak beste.
Bi ikuskizun ere antolatu dituzte Modelo aretoan: batetik, Maixux Zugarramurdi eta Ansa Ahizpen Artantxuriketan, irailaren 5erako, ostegunerako; eta bestetik, Proyecto Larruaren Baserri dantza emanaldia, irailaren 7an, larunbatean. Bi saioetarako sarrerak astelehen honetatik aurrera jarriko dituzte salgai Sanz Enea kultur etxean: lehen ikuskizunak sei euro balio du eta bigarrenak, berriz, zortzi euro.
Zuazobideri esker onez
Aurtengo Euskal Jai Egunean "merezitako omenaldia" egingo diote urte luzean karrozak egiten aritu den Joxe Mari Zuazobideri. Halaxe azaldu du Jaiak eta Ekitaldietako zinegotzi Ixidor Larrañagak, eta, bide batez, herritarrak bertaratzera animatu ditu. Ekitaldia 13:00-13:30 inguruan egingo dute, III. Orga Lehiaketaren barruan. Oroigarri bat emango diote, esker hitzak izango dira eta aurreratu ez duten sorpresaren bat ere egongo dela adierazi dute.
Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du "ilusio handiz" prestatu dutela omenaldia: "80ko hamarkadatik, urtero-urtero abuztuan tailerrean jarduten zuen karrozak egiten, ondoren hemen [Kale Nagusian] bizpahiru orduz erakusteko. Hori, bada meritua. Azken hamarkadan karrozak ezagutu ditugunok beregatik izan da, hark mantendu izan du ohitura. Horrenbestekoa da egin beharreko lana, ondo omentzeko eta esker onak emateko arrazoiak baditugu udal bezala".
Bestalde, alkateak gogora ekarri du aurten astelehenean ospatuko dela Euskal Jai Eguna, eta "badirudi hasiera batean etxekoak egongo garela". Edonola ere, "guztiei luzatu nahi diegu eguneko jai zoragarri honetan parte hartzera, herrikoiei nahiz kanpotarrei". Horrekin batera, eskaera bat egin die guztiei: "Zaindu ditzagun usadioko janzkerak, zaindu dezagun maite dugun hori!".