Orokorrean, zein dira triatleta batek zaindu beharreko minimoak?
Triatloi bat egin aurretik, mediku azterketa bat egitea funtsezkoa iruditzen zait, gorputzaren egoera ahalik eta era zehatzenean ezagutzeko. Halakoetan, bihotzetik etor daitekeen bat bateko heriotzari zaio beldurrik handiena, eta egiten diren azterketek ez dute orain artean hori ekiditeko eraginkortasunik erakutsi; dena den, halako azterketa batekin kirolari bakoitzak nahikoa informazio izango luke, probarako planifikazioa behar bezala egiteko.
Mediku baten ikuspegitik, zein dira osasunaren arloan triatloiak prestatzen dituztenek egiten dituzten hutsik nabarmenenak?
Batez ere, gainentrenamendua da akatsik ohikoena. Iraupen luzeko kiroletan aritzen diren askok egiten dute: entrenamendu ordu gehiago sartzeak errendimendua hobetzen duela uste izaten da, eta ez da beti horrela. Entrenamendu batek bi zati ditu: jarduera eta atsedena, eta biak dira beharrezkoak.
Zoritxarrez ohikoa den beste akatsa da proba baino egun batzuk lehenago gaixotasunen bat izan (gastroenteritis, katarroak…) eta, hala ere, lehiatzera ateratzea.
Zure espezialitatearen ikuspegitik, nola eragiten dio gorputzari triatloiari emanda bizitzeak?
Beste ezer esan aurretik, kirola egitea gorputzarentzat ona dela nabarmendu nahi dut. Gero, entrenamenduen intentsitatea handitu ahala, gorputzean gertatu daitezkeen aldaketak ere handiagoak dira.