Udal eta Foru Hauteskundeak

Kronika: Hurbiltasunak eta distantziak Zarauzko alkategaien artean

Dorleta Agiriano Lai 2019ko mai. 24a, 09:30

Zarauzko lau alkategaik hartu zuten parte Modeloko mahai inguruan. (Dorleta Agiriano Lai)

Udal hauteskundeen atarian, asteazkenean eztabaidarako mahai-ingurua egin zuten Ana de Benito (Ahal Dugu-EquoBerdeak), Gloria Vazquez (PSE-EE), Itziar Murua (EH Bildu) eta Xabier Txurruka (EAJ) Zarauzko alkategaiek. Onintza Lete HITZAko kazetariak gidatu zuen saioa. Hamaika gai mahaira atera zituzten; hala nola, etxebizitza, enplegua edota turismoa.

Asteazkenean izan zen Urola Kostako tokiko hedabideek udal hauteskundeetarako eskualdean aurkeztu diren zerrendaburuekin antolatu dituzten eztabaiden azken saioa, Zarauzko Modelo aretoan. Zarauzko lau alkategaik hartu zuten parte mahai inguruan; hain zuzen, Ana de Benitok (Ahal Dugu-EquoBerdeak), Gloria Vazquezek (PSE-EE), Itziar Muruak (EH Bildu) eta Xabier Txurrukak (EAJ). Alfonso Santibañez (PP) ez zen eztabaidan izan. Hala, hamaika gairen inguruko ikuspegiak eta datorren agintaldiari begira alderdi bakoitzak landu dituen proposamen zehatzak aurkeztu zituzten lau hautagaiek.

Amaitzear den agintaldiaren balorazioa eginez eman zioten hasiera saioari. Azken lau urteetan EAJk eta PSE-EEk osatu dute Zarauzko Udal Gobernua, eta Txurrukak adierazi zuen jeltzaleek agintaldi hasieran "emandako hitza" bete egin dutela: "Bide horri bultzada ematea dut amets". Muruaren arabera, EH Bilduk "oposizio eraikitzailea" egin du udalean. "Udalaren proiektu nagusia obrak izan direla dirudi", azaldu zuen: "Guk ez dugu horrela ulertzen udaletik egin beharreko lana. Guretzat lehentasuna pertsonak dira". De Benitok ere esan zuen "jendea eta ingurumena" direla "lehentasunak". Jarraian, turismoa, etxebizitza, politika sozialak, enplegua eta abar izan zituzten hizpide.

Txanpon berdinaren aurpegi desberdinak

Zarautzen bizi kalitatea "ona" dela azpimarratu zuen hasieran Muruak. Dena den, zerrendaburuei Zarauzko immigrazio tasa baxuaren (%8) inguruan galdetzean, datuek agerian utzi zituzten Zarautzen bizitzeko eta "integratzeko" egon daitezkeen zailtasunak, ez soilik etorkinen kasuan. Lau alkategaiek bat egin zuten fenomeno horren eta herriko bizimodu garestiaren arteko lotura egitean, eta etxebizitzen alokairu garestia aipatu zuten gehienbat. Hala, herri berdinean agertu daitezkeen errealitate edota "mundu desberdinei" egin zien erreferentzia EH Bilduko hautagaiak.

Etxebizitza politika izan zuten mintzagai, eta lau ordezkariek jarri zuten jopuntua etxe hutsen merkaturatzean eta alokairuan. "Alokairu sozialerako" edota babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraikitzea ere beren proposamenetan jaso zuten laurek; hala nola, Aldapetako babes ofizialeko etxeak Txurrukak, kooperatiba bidez eraikitako alokairu sozialerako etxeak De Benitok, edota etxebizitza sozialen parkea Muruak. Bestalde, Zarauzko Udalak Salberdinen etxebizitzak egiteko martxan jarritako planak Putzuzulo Gaztetxearen eraistea barnebiltzen du. Proiektuaren etorkizunaren inguruan galdetzean, hitz egiteko prestutasuna zutela adierazi zuten lau zerrendaburuek, nahiz eta inork ez zuen proiektua espazio berri batean birkokatzeko bermerik eman.

Pertsona etxegabeei gauez aterpea ematen zien etxea, Neguetxe, ez irekitzea erabaki zuen pasa den neguan Udal Gobernuak. Erabakiak hautsak harrotu zituen herrian, eta atzoko mahai inguruan ere Neguetxe irekita mantentzeko "borondate falta" salatu zuten Muruak eta De Benitok. Horren aurrean, "baztertze egoeran dauden pertsonen integrazio osoa" sustatuko duen proiektu bat abiatzeko asmoa erakutsi zuen Vazquezek, beste toki batean, data zehaztu ez bazuen ere. "Bestalde, "baztertze egoeran" dauden pertsonek "gizarteratzeko" izan dezaketen tresna indartsuenetako bat enplegua dela esan zuten Txurrukak, De Benitok zein Vazquezek; alkatearen hitzetan, "gizarte kohesioa" ahalbidetzen duen elementua baita. Dena den, De Benitok azpimarratu zuen lanpostua bere horretan ez dela "berme bat": "Enpleguak duina behar du izan".

Orekak eta desorekak

Hala, "lanpostuak sortzeko apustua" aipatu zuen Txurrukak: "Aberastasuna modu justuan banatzeko, lehenengo aberastasuna sortu behar dugu". "Hiru sektoreen arteko oreka" bilatzeko beharraz aritu ziren laurak, eta "ekonomia dibertsifikatzeko beharra" azpimarratu zuen Vazquezek. Dena den, "industriaren aldeko apustua" nabarmendu zuen jeltzaleak. Ildo horretatik, enpresa berrien sorrera zein garapena bultzatu behar direla esan zuten Muruak eta Txurrukak, eta baita Lanbide Heziketa zentroen eta enpresen arteko harremana ere. Bestalde, udalak lehiaketara ateratzen dituen obretan, "segurtasuna bermatzeko", lanen gauzatze epea ez dutela zehaztuko esan zuen Txurrukak. De Benitok "merkataritza txikia babesteko neurriak" proposatu zituen.

Turismoari dagokionez, "turismo jasangarriaren" aldeko apustua egin zuten lau zerrendaburuek, 2018-2021 urteei begira aho batez onartutako udal plan estrategikoan jaso duten bezala. Guztiek adierazi zuten turismoak herrian ekarpena egiten duela, "maila ekonomikoan zein sozialean". Muruak esan zuen "urte guztira" zabaldu beharko litzatekeela jardun turistikoa, eta Vazquezek, "eskaintza zabaltzeko" asmoa agertu zuen. Dena den, EH Bilduko, PSE-EEko eta Ahal Dugu-EquoBerdeakeko ordezkariek apartamentu turistikoak arautzeko zein ingurumena zaintzeko beharra izan zuten gogoan. Bestalde, hizkuntza ere izan zuten mintzagai; turismoak eta euskarak eskutik joan behar dutela esan zuten Muruak eta Txurrukak, baina horren aurrean, Vazquezek ñabardura bat egin zuen: "Batzuetan ematen du ez dela hitz bat ere entzun nahi euskara ez den hizkuntza batean".

Azpiegiturak topagune

Kultur azpiegiturak sortzeko, hedatzeko zein garatzeko asmoa azaldu zuten lau alkategaiek. Esaterako, Santa Klara komentua aipatu zuten Muruak eta Txurrukak; Amallubi kultur eta kirol azpiegitura modura egokitzeko proiektu berria azaldu zuen De Benitok, eta Hegoalde kalearen inguruan osatutako proposamen kulturala Vazquezek. Horrez gain, udaletik Emakumeen Etxea eraikitzeko proiektua martxan jarri dute dagoeneko, baina kokatu duten tokiaren inguruko zalantza plazaratu zuten Ahal Dugu-Equoberdeakeko zein EH Bilduko zerrendaburuek. Dena den, proiektua definitzerako orduan "Zarauzko emakumeek izan duten parte hartzea" goraipatu zuen Vazquezek. Emakume Etxeak "autonomia" izan beharko lukeela esan zuen De Benitok; eta Zarauzko mugimendu feministarekin udalak ehundu beharko lukeen elkarlana galdegin zuten berak eta Muruak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide