Martxoak 8, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna

"Zarautzek ahaztu nahi ez dituen emakumeen istorio ahaztuak" ekarriko dituzte ostegunean

Zarauzko Hitza 2019ko mar. 4a, 14:30

Ostegunean emango dute 'Liliak' dokumentala. (Dorleta Agiriano Lai)

Martxoaren 7an estreinatuko dute Maria Feijook zuzendutako Liliak dokumentala, Modelo aretoan. "Zarautz XX. mendean nola izan den eta nola aldatu den kontatzen du lanak, emakumeen ikuspuntutik, eta emakumeak protagonista izanda". Batez ere, herriko zazpi emakumeren testigantzek egituratu dute kontaketa.

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela eta, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak hainbat egitasmo antolatu ditu martxoaren 7rako, osteguna. Horien artean, Maria Feijook zuzendutako Liliak dokumentala emango dute 19:00etan, euskaraz, Modelo aretoan. Sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.

Feijooren ikus-entzunezko lanak "Zarautzek ahaztu nahi ez dituen emakumeen istorio ahaztuak" bildu ditu. Duela urte batzuk immigrazioari buruzko liburu batzuk osatu zituen zarauztarrak, 60 hamarkadan Zarautzera etorri ziren pertsona desberdinak ardatz hartuta: "liburu horiek egiteko azterketa lanetan ari nintzela, ohartu nintzen Zarautzen kale bakar batek zeramala emakume baten izena, hain zuzen ere, Maria Etxetxiki kaleak. Monumentu guztiak ere gizonei eskainitakoak ziren".

Bestalde, bigarren ondorio bat ere atera zuen Feijook: "liburuak osatzeko pertsona heldu asko elkarrizketatu nituen, eta ikusi nuen emakume helduak informazio iturri agortezin bat direla: asko dute kontatzeko". "Garai oso gogorrak" bizitako emakumeak ezagutu zituen: "beren jakintza eta ezagutza guztia eremu intimoetan soilik transmititzen zuten. Hedabideetan gizonezkoek idazten zuten, kronika ofizialak eta agiriak gizonezkoek idazten zituzten, politikan gizonezkoak ziren protagonista, eta abar luze bat. Gizonezkoak ziren idazten zutenak eta historian protagonista zirenak". Emakumeak "baztertuak" izan direla iritzita, "zerbait" egin behar zuela sentitu zuela adierazi du Feijook.

Zazpi testigantza nagusi

Gaur egun, "gure bizitza osoa pantaila bidez ematen eta igortzen dugu, denbora errealean. Etengabe kontatzen dugu zer ari garen egiten". Dena den, duela hamarkada batzuk, egoera bestelakoa zen, eta emakume batzuek ez zutela beren kontakizunak egiteko aukerarik izan uste du Feijook. Beraz, ariketa horri heldu nahi izan dio: "dokumentalean 70 urtetik gorako emakumeak ageri dira. Belaunaldi horiek dira mende hasieran Zarautz nolakoa zen kontatu dezaketen bakarrak".

Liliak osatzeko "emakume askorekin" hitz egin duen arren, Zarauzko zazpi emakumeren testigantzak dira protagonista. Hamarkada desberdinak ordezkatzen dituzten testigantza horien bidez, XX. mendea egituratzen eta deskribatzen du dokumentalak, ardatz gisa Zarautz hartuta: "Zarautz XX. mendean nola izan den eta nola aldatu den kontatzen du lanak, emakumeen ikuspuntutik, eta emakumeak protagonista izanda".

Feijooren arabera, dokumentalean mintzatzen diren emakumeek "gauza asko" egin dituzte, "baina egindako gauza baliotsu horiei garrantzirik eman gabe". "Nire ustez, horrek islatzen du belaunaldi horietako emakumeen izaera", gehitu du zuzendari eta gidoilariak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide