Astebete baino gutxiago falta da Martxoaren 8rako. Aurtengoa berezia izango da, eta zeresana ematen ari da. Izan ere, planto egitera deitu du mugimendu feministak, eta bat egin du erabaki horrekin euskal gehiengo sindikalak. Hala, martxoaren 8an lanuzteak egingo dituzte emakumeek 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara, eta bestelako lanik ez egiteko gonbita ere jaso dute. Esaterako, zaintza lanak eta etxeko lanak.
Greba lau ardatzetan banatu dute: kontsumoan, zaintzan, lanean eta hezkuntzan. Lan arloan emakumeek jasaten duten prekarietatea eta ordaindu gabeko lanetan emakumeek duten ardura ikusarazi nahi da horrela. Hala ere, lau arlo horiek gutxi gorabeherako gida bezala jarri dituzte. Izan ere, «ez dago formula bakarra martxoaren 8an protesta egiteko». Hori nabarmendu du Ainhize Muniozguren Zarauzko mugimendu feministako kideak. «Bakoitzak bere modura ulertzen du planto feminista, eta modu guztiak dira ongietorriak».
Zaintzari dagokionez, esaterako, aukera pila bat ezagutu dituzte emakumeen ahotik. «Batzuk zaintza lanik ez dute egingo arratsalde partean. Amona batek esan digu, berriz, egunero bilobentzat egiten duen bazkaria ez duela egingo egun horretan». Emakumeen asmoak bideo batean jasotzen ibili dira azken egunotan Zarautzen, eta Muniozgurenek jakinarazi du laster egongo dela bideoa herritarren eskura.
Dagoeneko irabazi dena
Jakiteko dago aurtengo planteamenduak zer emaitza emango dituen, eta zenbateko eragina izango duen gizartean eta ekonomian. Baina badago gauza bat argi Muniozgurenentzat: «hausnartzea bera bada egun horren helburu bat», eta hori jada lortu da. «Emakume batek, beharbada, ezingo du lanuzterik egin egun horretan. Eta agian etxeko lanak ere ezingo ditu delegatu eta berak egin beharko ditu. Baina egoera horretaz konturatzeko balio badio, horretaz pentsatzen badu, hori garrantzitsua da guretzat», azaldu du. Izan ere, «gaur egun ez zaio baliorik ematen ordaindu gabeko lanari», eta argi dago hori ehuneko handi batean emakumeen gain dagoela. «Emakume batek gustura zain ditzake bere seme-alabak edo familikoak, noski baietz, baina berdin-berdin ari da lan bat egiten, aitortua ez dena».
Horregatik, garrantzitsua da gaiaz hausnartzea, eztabaidatzea, eta egun horretan antolatzeko arazoak topatzea, adibidez. Gainera, «kaosa eragitea ere bada egun horretako helburuetako bat». Hau da, gizarteak ikustea zer gertatzen den egun batez emakumeek planto egiten badute. Izan ere, «martxoaren 8a garrantzitsua da, baina martxoaren 9tik aurrerako egun guztiak, garrantzitsuagoak» gauzak aldatzen has daitezen.
Gizonen tokia
«Martxoaren 8an emakumea izango da protagonista». Horregatik, lanuzteak emakumeek soilik egingo dituzte, eta goizeko mobilizazioak ere emakumeentzat izango dira. Arratsaldean, berriz, gizonezkoek parte hartu ahal izango dute, «betiere protagonismoa emakumeei utzita».
Egun horretan emakumeen protestak gehiago babestu nahi badituzte, zaintza lanetan parte hartu dezakete, adibidez. Izan ere, Urola Kosta eskualdean hainbat protesta ekitaldi izango dira egunean zehar.