Gaur zortzi hasiko da literaturaren jaialdia, ispilua gaitzat hartuta eta Literaturia gure isla lelopean, eta atzo Literaturiako guneetako batean, Garoa liburu dendan, aurkeztu zuten egitaraua. Duela bi aste Donostian egin zuten aurkezpena, eta bertan aurreratu zituzten maiatzaren 25etik 28ra bitartean izango diren askotariko ekitaldiak zeintzuk izango diren. Horien artean, asko estreinaldiak izango dira. Horietako bat da Sakaponetara, memoriaren ispiluarekin ekitaldi berezia.
Amagoia Gurrutxaga kazetariak sortu du, datorren astean aurkezteko duen Zarauzko gutunak. 36ko gerra lanean oinarrituta. "Urte askotako ikerketa lana" izan den lan horretako testigantza batzuk hautatu ditu Zarauzko bizilagunak, eta proposamen bat egin du sakaponatara jokatzeko. "Arkume, ahari, ardi, ahuntz eta akerren belauneko hezur bat da sakapona, lotailu lana egiten duena, giltza dena. Berez orkatilekoa dela diote zientzialariek, baina nik lizentzia hartu dut belaunekoa dela esateko, hala esan diogulako etxean betidanik". Sakaponek "izugarrizko jokoa" eman diote Gurrutxagari 36ko gerrarekin lotzeko, eta hortik sortu du ekitaldia.
Askotariko lagunek hartuko dute parte ekitaldi berezi horretan: Ainhoa Alberdik, Iraia Eliasek, Josu Landak, Iñigo Aranbarrik, Jose Luis Otamendik, Imanol Epeldek, Mirari Irurtzunek, Lorea Agirrek, Ainara Lasak eta Gurrutxaga berak, besteak beste. Sakaponetara jolastu bitartean, memoriaz, elkarbizitzaz eta beste hainbat gaien inguruko hausnarketa bat egingo dute partaideek.
Manolo Urbieta eta Txillardegi
Hori eta beste hainbat ekitaldi Modelon izango dira, Ana Galarragak jakinarazi zuenez. Garoan, ohi bezala, liburu aurkezpenak egingo dituzte larunbatean egun osoz. Aldi berean, bi guneotan Txillardegiren inguruko erakusketa bana atonduko dituzte: bata, Garoan, Txillardegiren lan mahaia, eta bestetik, Txillardegi, modernitatearen isla Modelon.
Hirugarren gunea Musika plaza izango da. Bertan izango da aurtengo berritasuna:Jon Braunen tipia. "Aurten apustua egin nahi dugu haur eta gazte literatura sustatzeko. Orduan hasi ginen pentsatzen azoka Musika plazan izaten dela, kioskoa, musika, haurrak...Eta konturatu ginen hori Manolo Urbieta zela", adierazi zuen Yoseba Peñak. Musikariari omenaldia egite aldera, kioskoa Jon Braunen tipia bilakatuko dute. "Lekua goxotu, liburuak ekarri eta hainbat ekitaldi ospatuko ditugu bertan".
"Izarrak eta etxeko jendea" izango dira gonbidatuak: Pello Añorga, Jokin Mitxelena, Dorleta Kortazar, Peña bera eta Ibai Ferrera, besteak beste. Azken horrek gazteentzat irakurketa kluba gidatzen du Sanz Enean, eta bertako partaideek antzerkia eskainiko dute, besteak beste. Horrez gain, aurreko urteetan bezala, Literaturiako "indargune handienetariko bat" ere hartuko du gune horrek: azoka bera.
5 urtez Larrabetzun ospatu ondoren, aurten laugarren urtez Zarautzen izango da Literaturia. Lan taldeak "lan andana" egin duela aitortu zuen Nekane Iribar Kultura zinegotziak, eta horrenbestez, eskerrak eman zizkien ordezkariei. "Badakigu zenbat lan egin duten, izugarrizko pasio eta ilusioarekin, eta espero dugu hori bera herritarrei ere transmititzea".