Bederatzi urteko etenaldiaren ondoren, Leize taldea berriro elkartu zen 2006an. «Itzuli ginenetik beti ari zizkaizkigun eskatzen Devorando las calles gure lehen diskoa zuzenean jotzeko, bai jarraitzaileek bai jaialdietako antolatzaileek», jakitera eman du Leizeko abeslaria eta gitarrista Felix Lasak. Iaz, Cuando te muerden azken diskoaren aurkezpen birarekin bukatu zuten, eta aurten debuteko diskoak 30 urte betetzen zituela eta, «bira berri bat egin eta diskoa goitik behera jotzera animatu gara. Taldekideok elkarri burua berotu genion, eta martxan jarri gara».
Igande honetan, apirilean 1ean, abiatuko dute bira Valentziako Rock City aretoan. Dagoeneko hainbat emanaldi dituzte itxita ondorengo asteetarako: apirilaren 7an, Oviedon joko dute; apirilaren 8an, Leonen; maiatzaren 13an, Torrelavegan; maiatzaren 19an, Valladoliden; eta maiatzaren 20an, Salamancan. Aurreratu dute aurrera begira ere beste hainbat kontzertu eskainiko dituztela; tartean, Euskal Herrian ere bai. «Guretzat oso pozagarria izango litzateke Zarautzen jotzea, eta hori horrela izan dadin ahaleginduko gara», nabarmendu du Lasak. Guztira, 14 bat kontzertu eskaintzeko asmoa dute bira horren barruan.
Diskoaz haratago
Devorando las calles diskoa bederatzi abestiz osatuta dago –Absurdo, Soñador, Ultimo instante, La Rueda, Beso frio, Muros, Sangre de barrio, Devorando las calles eta Principes del placer–, eta horiek guztiak joko dituzte kontzertuotan. Diskoak, ordea, 55 minutu inguru irauten du, eta horretara mugatuz gero, emanaldia «motz» geratuko litzatekeela dio Leizeko kideak. «Kontzertua ordu eta erdira luzatu nahi dugunez, gure betiko klasikoak ere joko ditugu. Izan ere, horiek jotzen ez baditugu, jarraitzaileek eurek joko gaituzte gu», aditzera eman du erdi txantxetan.
Lasak onartu du ez zaiela zaila egin abesti zaharrak gogoratzea eta eguneratzea, «horietako zenbait kontzertuetan jotzen jarraitu baitugu». Ahotsarekin, aitzitik, beldur pixka bat bazuela onartu du. «Abestiak beste tonu batean grabatu genituen, eta pentsatzen nuen eztarria gehiago behartu beharko nuela. Baina ez da horrela izan. Nahiko ongi moldatu naiz».
Errepertorioa prestatzeko prozesuan, bateria-jole aldaketa izan dute. Andoni Regueiro beste proiektu batean murgildu da, eta taldea uztea erabaki du. Haren hutsunea Ibi Sagarnak bete du, Barricada eta Estigia taldeetan aritutakoak. «Elkar ezagutzen genuen, eta pentsatu nuen ongi egokituko zela taldera. Bi hilabete daramatza gurekin entseatzen, eta oso gustura gaude berekin».
Leize taldea 80ko hamarkadaren hasieran sortu zuten Zestoan, eta laukotearen lehenengo etapak 1997ra arte iraun zuen. Ondoren, 2006an, taldea berriro martxan jarri zutenean, Zarauzko Abendaño industrialdeko lokal batean hasi ziren entseatzen. Duela lauzpabost hilabetetatik, ordea, Vista Alegreko entsegu lokaletan dabiltza, eta bertan eman diote forma hastear duten birari. «Urduritasuna» eta «ilusioa», bi sentipenak «nahasirik» dituzte Leizeko taldekideek.
Biniloan argitara
Birarekin batera, Devorando las calles diskoa berriz argitaratu dute biniloan. Orain arte CDan kaleratu izan dute, eta «bira egiteko eskatzen zuen jendeak biniloan nahi zuela ere eskatzen zuenez, 500 ale argitaratzea erabaki dugu», azaldu du Lasak. Diskoa 20 euroan jarri dute salgai; intertesa dutenek www.laagenciatienda.es webgunean egin dezakete eskaera, eta maiatzetik aurrera kontzertuetan ere erosteko aukera izango da, baldin eta alerik geratzen bada.
Oroitzapenak oroitzapen, eta revival ororen gainetik, aurrera begira jarrita dago Leize taldeko abeslari eta gitarrista. Etorkizuneko proiektuetara, hain zuzen ere. «Nik jada hurrengo diskoa egiteko gogoz nago. Abesti berriak sortzen hasita nago...». Aurreratu duenez, uda pasa ondoren grabazio estudiora sartu eta lan berria grabatzen hasteko asmoa dute. Laukotearen hamaikagarren diskoa izango litzateke, eta datorren urtean argitaratu nahiko lukete, taldearen 35. urteurrenean.