Herri galdeketa

Dozenaka herritar elkartu dira Zarahitzen lehen topaketa irekian

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 27a, 13:07

Zarahitzen lehen topaketa irekia. (Zarahitz)

Hemendik aurrera egin beharreko bidea, bide horretan agertuko diren lanak eta guztia antolatzeko lan taldeak zehazten hasi ziren larunbata.

Eskualdeko beste zenbait herrirekin batera azpeitiarren lekuko jaso ostean, 2017ko udaberrian Zarautzen estatus politikoaren inguruko herri galdeketa antolatzea da Zarahitzen asmoa. Horretarako, larunbatean, lehen topaketa irekia egin zuten Aritzbatalde kiroldegian. Bertan, galdeketa bitartean egiteko dagoen bidea, bide horretan agertuko diren lanak eta guztia antolatzeko lan taldeak zehazten eta antolatzen hasi ziren. Zarahitzeko ordezkariek lehen topaketaren “oso balorazio positiboa” egin dute, eta “aurrean erronka potoloa bezain zirraragarria” dutela nabarmendu dute.  Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete topaketara bertaratutako guztiei eta “guztia aurrera ateratzeko ahaleginak biderkatu beharko” dituztela nabarmendu dute.

Goizane Arana eta Mitxel Gorrotxategi aritu ziren aurkezle lanetan, eta azaldu zutenez, hiru fase aurreikusten dituzte 2017ko udaberrian herri galdeketa egin arte.

Lehen fasea, Badator olatua lelopean egingo dute, eta bere helburua herri galdeketa egin ahal izateko sinadurak lortzea da. Bigarren fasea, Zu zara olatua, martxoa eta maiatza bitartean luzatuko da. Sinadura bilketarako jarritako helburua betez gero, herri galdeketa antolatuko dute Zarautzen, eta horretarako giroa lantzeko, hainbat ekitaldi egingo dituztela aurreikusi dute. Hirugarren eta azken fasea Herri galdeketa izango da, eta galdeketa eta horren inguruko guztia bideratu beharko dute. Besteak beste, herritarrek bozka dezaten kanpaina egingo dute, begiraleak lortuko dituzte eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jai eguna izan dadin lana egingo dute.

Hiru faseak azaldu ondoren, egingo den galderari buruzko hausnarketa eta eztabaida irekia egin zuten kiroldegian elkartutakoek. Burujabetza, estatua edota independentzia kontzeptuei buruz aritu ondoren galdeketa egin zuten; nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? edo nahi al duzu euskal estatu independente bateko herritar izan? aukeratu behar izan zuten herritarrek. Guztira, hurrenez hurren, 59 eta 17 bozka izan zituen galdera bakoitzak.

Aurrera jarraitzeko lan taldeak

Zarahitzen talde eragilea edo koordinazio taldea izango da ardatza. Hala ere, horren inguruan, beste hainbat lan talde arituko da lanean. Esate baterako, ekitaldiez arduratuko den taldea, harremanen ardura izango duena, komunikazio taldea, arlo juridikoaren gorabehera guztie arduratuko dena, edota ekonomia taldea. Batzarrera bertaratutakoak 20 lagun inguruko taldeetan banatu ziren, eta bakoitzetik pasa ziren lan taldeetako arduradunak eta ordezkariak talde bakoitzaren informazioa emanez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide