Aurkariari begietara begiratu bazion ere, Ulacia Grupok ezin izan zuen EBA ligako lider Igualatorio Cantabria Estelaren aurka. Aritzbatalden jokatuta zuten partida igandean, eta 68-75eko emaitzarekin galdu zuten.
Lan eta esfortzu handiko norgehiagoka izan zela azaldu du ZAStek. Etxekoak indartsu ekin zioten partidari, baina jakitun ligako talde indartsuenetako baten aurka neurtzen zituela indarrak, eta garaipena lortzeko gogotik egin beharko zutela lan. Izan ere, Estelak eskarmentudun jendea du: ACB mailan aritutako Tomas Hampl pibota edota Rafa Pueyo entrenatzailea, eta Urrezko LEB Ligan esperientziadun Pablo Sanchez.
Lehen laurdenean parez pare aritu ziren (16-18), baina bigarren eta laugarren laurdenetan jasotako kontrako bi partzialek eragin zuten porrota. Hirugarren laurdenean, aldeak murrizteko gai izan ziren, eta bi puntura ere jarri ziren (45-47). Kantabriako taldeak, ordea, bere jokoa erakutsi zuen, eta garaipena eskuratu zuen.
Larunbatean izango dute hurrengo jardunaldia, 20:30ean, Valladoliden. Universidad de Vallladolid taldearen aurka jokatuko dute, eta garaipenaren bideari berriro heltzen saiatuko dira zarauztarrak.