Martxoan esleituko dituzte Aldapetako etxebizitzak

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 16a, 16:58

Aldapetak etorkizunean izango duen itxuraren fotomuntaketa. (Zarauzko Udala)

Etxebizitza bat eskuratu nahi dutenek Etxebiden eman beharko dute izena aurrez.

Aldapetako 30 etxe tasatuen esleipenak martxoan egingo dituzte eta interesa dutenek Etxebiden izena eman beharko dute aurrez. Eusko Jaurlaritzak esleipen prozesua arautuko duen agindua azaroan onartuko du eta urbanizazioaren behin betiko planoak zein 30 etxebizitza tasatuen prezioak laster argitaratuko dituzte.

Beste babes ofizialeko 20 etxeak alokairuan jarriko dira eta horiek eraikina bukatzean esleituko dituzte. Esleipen prozesuan parte hartzeko beharrezkoa izango da Etxebiden izena emanda egotea, hain zuzen ere, Jaurlaritzak agindua onartu aurretik. Udalak oraindik ere izena eman ez dutenei alta "ahalik eta azkarren" emateko jakinarazi die, izen ematea ez delako berehalakoa izaten.

Jaurlaritzak agindua onartu ondoren, izena eman dutenei informazioa bidaliko die eta horiek bi aste izango dituzte esleipenean parte hartzeko interesa dutela baieztatzeko. Jakinarazi dute egun Zarautzen  etxebizitza tasatu bat jabetzan eskuratzeko zerrendan 692 lagun daudela izena emanda.

Interesa dutenekin behin betiko zerrenda osatuko dute eta hilabetez jarriko dute jendaurrean. Behin epe hori amaituta eta egon daitezken alegazioak aztertuta, behin betiko zerrenda osatuko da eta zozketa egingo dute, notario baten aurrean. Zozketa hori internet bidez jarraitzeko aukera izango da.

"Proiektua desblokeatzeko"

Zarauzko Udalak eta Visesak lankidetza hitzarmena ekainean sinatu zuten, "2009tik geratuta zegoen Aldapetako etxebizitza babestuen sustapena" Eusko Jaurlaritzako entitate publikoak egin dezan. Sustapena publikoa izan dadin eta partzelan babes ofizialeko etxe gehiago egin ahal izateko, Udal Gobernuak aurreko agintaldiko proiektua aldatzea erabaki zuen. "Visesak arretaz aztertu zuen aurreko proiektua, planteatutako sustapena ekonomikoki ez zela bideragarria ondorioztatuz", gogoratu du Xabier Txurruka alkate eta Hirigintzako arduradunak. "Agintaldi hasi bezain pronto, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen Aldapetako aurreko proiektua aztertzeko eta bideragarritasunik ez zuela eta onena aldatzea zela jakinarazi ziguten". 

Hitzarmena sinatu zutenean, Txurrukak gaineratu zuen 15 urtean Zarautzen ez zela babes ofizialeko etxerik sustatu, eta horrenbestez, "erakundeen arteko harreman estua ezinbestekoa" izan dela proiektua aurrera eramateko. "Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Departamentuarekin izandako harremana ezin hobea izan da eta agintaldi hasieratik  lanean ari gara 2016-2019 Udal Etxebizitza Planean zehazten ditugun helburuak betetzen hasteko. Horren adibide garbia da uztailean partzelaren salerosketa eskritura publikoa sinatu izana".

Jakinarazi dute behin betiko sustapena martxan dela, entitate publikoak aldaketak egin dituela Plan Berezian—uztailean behin behinean onartu zituzten eta behin betikoz iraileko osoko bilkuran onartu— eta Jaurlaritzak ekainean egin zuela Aldapetan eraikitzekoak diren 30 tasatu etaa 20 babes ofizialeko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa.
Dagoeneko aurkeztu dio udalari obra egiteko lizentzia eskatzeko oinarrizko proiektua, etxebizitzen exekuzio proiektuak osatu eta Aldapetako erekuaren urbanizazio proiektua egokitzen duten bitartean. Udalak, bere aldetik, Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentuak aztertu eta onartzeko konpromisoa hartu du.

Bizilagunekin bilera, astelehenean

Aldapetako urbanizazio proiektuaren barruan, Vista Alegreko irisgarritasuna hobetzeko bi igogailu eta Santa Ana egoitzako instalazioak handitu ere egingo dituzte, etxebizitzez gain. Mugikortasun Astea dela aitzaki hartuta, alkateak astelehenean Visesa eta udala egokitzen ari diren proiektuaren berri emango die Vista Alegreko bizilagunei. Auzo elkartean izango da bilera, 19:00etan.

Sustapenaren zein bestelako informazioa eskuratu nahi dutenek Zarautz Lur erakunde publikoarekin harremanetan jari daitezke, bulegora (Salegi kalea, 14) joanda zein 943-005129 telefonora deituta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide