Zarauzko Udalak eta Visesak hitzarmena sinatu dute Aldapetako proiektua sustatzeko

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 3a, 17:54

Visesako Marcos Muro eta Xabier Txurruka alkatea, Aldapetako orubean.

Zarautz Lur erakunde publikoak 2.467.627,39 euroan salduko dio lursaila Eusko Jaurlaritzako entitate publikoari, bertan 50 etxebizitza babestu sustatu ditzan.

Xabier Txurruka alkatearen arabera, "egun pozgarria" da gaurkoa Zarauzko Udalarentzat. "Agintaldia hasi genuenetik lan asko egin dugu Udal Gobernutik, eta pentsatzen dugu une hau giltzarri dela datozen urteetan gauzatu nahi dugun proiektu honi bultzada emateko". Hain zuzen, gaur sinatu dute udalak, Zarautz Lurrek eta Eusko Jaurlaritzako Visesa entitate publikoak Aldapetako proiektua bultzatzeko lankidetza hitzarmena. 

Horren ondoren, Aldapetako partzelan bertan egin dute agerraldia Txurrukak eta Visesako zuzendari nagusi Marcos Murok hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko. "Ofizialki, gaurko sinadurarekin baiezta dezakegu Visesa izango dela orube honetan 50 etxebizitza eraikiko dituen sustatzaile publikoa", zehaztu du alkateak. Publiko hitza nabarmendu nahi izan du: "Partzela honetan proiektua gauzatuko duen entitatea publikoa izatea nahi izan dugu, Eusko Jaurlaritzaren eskutik eta bere berme guztiekin".

Murok bat egin du Txurrukarekin; harentzat ere “egun pozgarria” da gaurkoa. “Hitzarmen honekin azkenean lortu dugu proiektua bideratzea, 50 familiari etxebizitzak eskaintzeko, Santa Ana Fundazioari azpiegitura bat emateko eta Vista Alegreko irisgarritasuna bermatzeko”.

Akordio horren bidez, Visesak Aldapetako partzela eskuratuko du, etxebizitzak eraikitzeko. Zarautz Lur erakunde publikoak 2.467.627,39 euroan salduko dio lursaila.

Hitzarmena sinatuta eta Plan Orokorraren aldaketa onartu ondoren, Plan Berezia idatziko dute. Era berean, eraikuntza- eta urbanizazio- proiektuak idazten ari direla jakinarazi du Txurrukak. "2016an zehar proiektuak prestatu eta onartu nahi ditugu, 2017rako Visesak lehiaketa egin dezan, esleitzeko eraikuntza eta urbanizazio proiektuak, urte horretan bertan obrekin hasteko", zehaztu du Txurrukak. "Dena ongi bidean, 2019an etxebizitzak ematea da helburua".

Etxebizitzak, igogailua eta ekipamendua

Aurreko proiektua aztertu ondoren, ez zela bideragarria ohartu zen egungo Udal Gobernua. "Urbanizazio eta eraikuntza kostuek egiten zuten bideraezina", nabarmendu du Txurrukak. Visesako teknikarien laguntzarekin, proposamen berri bat landu dute. Besteak beste, eraikina trinkotu eta horren okupazioa murriztu dute, "Eraginkortasun energetikoaren aldetik eta lurzoruaren okupazioari dagokionez, onurak besterik ez ditu ekarriko horrek", dio.

50 etxe egingo dituzte Aldapetan: 30 tasatu eta 20 babes ofizialeko. Babes ofizialeko etxebizitzak udalak erosiko ditu, alokairuan emateko. Horietatik bi izan ezik. Bi etxebizitza horiek N-634 saihesbidearen proiektuaren ondorioz desjabetutako familiei emango zaizkie.

Tasatuak, berriz, salmentan jarriko dituzte. Horietatik 26 hiru logelakoak izango dira eta beste lau bi logelakoak. Eusko Jaurlaritzaren dekretuan oinarrituko dira prezioak zehazteko. 175.000-200.000 euro inguruan balioko dute, etxearen azaleraren arabera. 66-90 metro koadro bitarteko etxeak izango direla aurreratu du Murok.

Eraikinak 10 solairu izango ditu eta bi ezkaratz, babes ofizialeko etxeetara heltzeko bat eta tasatuetara sartzeko bestea. Etxebizitza bakoitzak bere garajea eta trastelekua izango du.

Etxebizitzak egiteaz gain, hainbat onura ekarriko dizkio sustapen horrek inguruari, alkateak adierazi duenez. Batetik, Vista Alegrerako igogailua eraikiko dute proiektu horren barruan. Bi zati izango ditu: batetik, San Inazio kaletik etxebizitzen eraikina egongo den plazara, eta bestetik, plazatik Sarakatua dorrearen behe mailara.

Horrekin batera, Zarauzko Udalak zenbait lokal bereganatuko ditu ekipamendurako. Eraikineko behe eta lehen solairuko 300 metro koadro Santa Ana Fundazioari emango dizkio, harena zen partzela ordaintzeko. Beste hainbeste metroko beste lokal bat helburu sozialetara bideratuko du erakundeak.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide