Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ordezkariek astelehenean (otsailak 1) erabakiko dute Azpeitiko Lapatx zabortegiaren etorkizuna. Hau da, Lapatxen Gipuzkoako hondakin guztiak jasotzen jarraitu edo mankomunitateko udalerrientzako bakarrik irekita izatea. Astelehenean 19:00etan dute batzarra. Hori da gaur gaur ohar bidez mankomunitatetik jakinarazi dutena: "Batzarrean bereziki Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Lapatxeko zabortegiaz egin duen eskaerari erantzuna emango zaio".
Urola Erdiko Mankomunitatea Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Zestoa, Beizama, Aizarnazabal eta Bidania-Goiatz udalerrietako ordezkariek osatuta dago.
Iazko azaroaren 3an Mankomunitateko Batzarrak erabaki zuen 2016ko otsailaren 3tik aurrera Gipuzkoako gainerako herrietako zaborra jasotzeari uko egitea. Mankomunitatearen oharraren arabera, "mankomunitateko teknikoen txostenek ziotelako horrela jarraituz gero Urola Erdiko Mankomunitateko udalerriek ezingo zutela euren zaborra bertan bota".
GHK erakundeak erabaki hori bertan behera uzteko eskatu du.
Bestalde, Azkoitiko Udalak Urola Erdiko Mankomunitateari helegitea jartzea erabaki du, Mankomunitateko Batzarrak adostu duelako Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko diru laguntza jasotzea. Azken udalbatzarrean onartu zuten hori.