Antton Gomez: "Kalean gaude, ez gaituzte kartzeleratu, baina ez gaude libre"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko otsailaren 2a

Antton Gomez. (Aiora Larrañaga/Hitza)

ANTTON GOMEZ - ANV-ko idazkari nagusi ohia

35 auzipetuetatik inor ez da kartzelara joango, akordio batera iritsi zinetelako. Nola hartu zenuten berria?

Akordioaren berriak ezustean harrapatu gintuen, ez genuen horrelakorik espero-eta. Akordioak ahalbidetu du inor kartzelara ez joatea; hala ere, kondenatuta bagaude, nire kasuan esaterako urte eta erdiko kartzela zigorra eta kargu politikoa betetzeko beste hainbesteko inabilitazioa ditut. Akordioa kartzeleratzea eteteko da, baina aurrekari penalak izango ditugu urte eta erdian, horrek dakarzkin lotura guztiekin. Adibidez, herri harresi batean parte hartzeagatik edo alkoholemia kontrol batean positiboa emateagatik, hilabeteko kartzela zigorra ezartzen badidate, kartzelara joango nintzateke zuzenean. Kalean gaude, baina ez gaude libre. Ez gaituzte absolbitu.

Denoi eragin dizue akordioak.

Bai, akordio global bat izan da, eta baldintzetako bat auzipetu guztiok ados egotea eta akordioa onartzea zen. Pertsona batek ez bazuen onartzen, epaiketak aurrera egingo zuen, eta hori presio bat zen auzipetuontzat, oso denbora gutxian hartu behar genituelako erabakiak.

Komentatu duzu ezustean harrapatu zintuztela akordioak. Nola joan zen epaiketa?

Buztan luzeko epaiketa izan da. Dimentsio handia zuen makro-sumario bat zen, eta kontuan hartu behar da duela zortzi urte hasi zela. Hiru erakunde ginen, Batasuna, EAE-ANV eta EHAK, denera 35 auzipetu. Oso epaiketa konplexua zen, ANVri zegokion zatiak bakarrik, esaterako 18 mila orri zituen. Akordioa ulertzeko, auziaren ibilbidea kontuan hartu behar da. Baltasar Garzonek abiatu zuen auzia, eta handituz eta korapilatuz joan zen gero. Nik uste dut, konplexutasun horrek akordio batera iristea ahalbidetu duela. Izan ere, AVTk eta Dignidad y Justicia herri akusazioek aurreikusten zuten auzipetu askok absolbituta ateratzeko aukera geneukala.

Urte gogorra izan al da?

Bai, oso gogorra izan da. Epaiketaren martxa ere ez da normala izan. Epaiketak hasi behar zuen egunean hainbat abokaturen aurkako makro-operazio bat abiatu zuten, eta auzipetu batzuen abokatuak atxilotu zituzten. Ezustekoa eta tentsio unea izan zen, eta urtebete atzeratu zen prozesua.

Epaiketa iazko azaroan hasi zen.

Bai, eta oso neketsua izan zen. Ez da dena jarraian egiten, aste baten bi saio egin daitezke, etxera itzuli, eta hurrengo astean berriz ere Madrilan joan behar da egun baterako edo birako. Ez dira egun zehatzak izaten, eta gertatu liteke epaiketara joan eta arazo teknikoengatik saioa bertan behera geratzea. Gainera, epaiketa dimentsio handikoa zen eta horren inguruko azpiegitura ere oso konplexua: 35 auzipetu, zazpi abokatu eta hiru epaile eta fiskala. Abokatu horietako batek egun berean beste epaiketaren bat bazuen, eta berak defendatzen zuen pertsona kartzelan bazegoen, epaiketa horrek lehentasuna zuen gainontzekoen aurretik, beraz gure epaiketaren eguna bertan behera geratzen zen.

Zortzi urtez auzipetuta egon gara, eta urte eta erdian epaiketaren zain, hori ere zigorra da. Horrez gain, abokatuen gastuak, Madrilera joan-etorriak, eta han gaua pasatzea norberak ordaindu behar ditu, kostu ekonomiko handia da.

Kartzelara joango ez zarela jakinda, etorkizuna ikusteko modua aldatu al zaizu?

Epaiketa politiko batean murgilduta zaudenean, hainbat urtetarako kartzeleratua izateko aukera handia duzula pentsatzen duzu; 10 urteko kartzela zigorra eskatzen ziguten, eta gutxiago izanda ere asko izan zitekeen. Horregatik, norberaren bizitza pertsonala ere, horren arabera antolatzen da, guztiz baldintzatzen du eguneroko martxa. Alde horretatik, zigor bat betetzen egon gara. Horregatik, kartzelara joango ez zarela jakinda, ikuspegia asko aldatzen da.

Uste duzu akordioak bide bat irekiko duela aurrerantzean?

Hori izan da epaiketan auzipetuta zeuden Sortuko hainbat lagunek egin dute irakurketa, baina gu ez gaude ados. Nire ustez epaiketa honek ezaugarri oso bereziak zituen: tamaina eta konplexutasuna, eta hainbat lagun absolbituta ateratzeko aukera. Niri esaterako, Batasunaren aginduz mitinak, prentsaurrekoak eta manifestazioak antolatzea leporatzen zidaten. Orain dela gutxi aldaketa bat egon da arautegian, eta horren arabera, talde armatuaren kide izatearen akusazioa izan arren, guk egindako ekintzek ondorio larririk izan ez zutenez, biktimarik sortu ez genuenez alegia, bi gradu jaisten zen zigorra.

Gainera, epaiketak luzapen bidegabeak izenekoak izan zituenez, eta horrek epaiketa asko luzatu zuenez, epaia ematerakoan kontan hartzen dute auzipetuak bizitza hankaz gora duela igaro duen denbora; horrek ere jaitsi egiten du zigorra. Beraz, herri akusazioak ikusi zuen faktore horiek denek zigorrak asko jaistea ekarriko zutela, eta jende bat absolbituta ateratzeko aukera zegoela; beraz, nahiago izan zuten akordio batera iritsi.

Beraz, orain arteko joerak aldatzerik ez duzu aurreikusten?

Ezingo nuke esan, nik uste dut akordioetara iristea posible izango dela epaiketa honen antzekoak diren kasuetan. Gainontzekoetan aldaketaren bat gertatzeko, salbuespen egoeran aldaketa bat eman beharko litzatekeela uste dut, eta momentuz salbuespen egoerak jarraitu egiten du. Gu epaiketan deklaratzen ari ginen bitartean esaterako, 24 lagunen aurkako beste sumario bat irekitzen ari ziren, gure epaiketarekin erlazioa zuena. Horregatik, salbuespen legedia dagoen bitartean, ezin daiteke esan egoera hobetuko denik.

Azken urteetako aldaketa politikoek, salbuespen egoera desagertzea ahalbidetuko dutela uste al duzu?

Aurrena benetako aldaketa politikoa gertatu behar du. Gure kasuan akordioari esker 35 preso politiko gutxiago egotea lortu dugu. Dena dela, oraindik ehun lagunetik gora daude makro-sumarioen zain jarduera politikoa egiteagatik, eta desiragarria izango litzateke egoera hori bideratzeko urratsak egitea, eta kartzelak usten hastea. Dena dela, salbuespen egoera mantentzen den bitartean arriskua hor egongo da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide