Mankomunitatea sendotzea da Uemaren aurtengo helburuetako bat

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko urtarrilaren 26a

Uemako hainbat ordezkarik —tartean, Zarauzkoa, Zestoakoa eta Beizamakoa— agerraldia egin zuten larunbatean batzarraren ondoren. Erdian, Josu Labaka lehendakaria. (A. Ventas Aldabaldetreku).

2016a Uema sendotzeko giltzarria izango da. Hala jakinarazi zuen Josu Labaka Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak larunbatean egindako agerraldian. Zarautzen egin zuen egun horretan Uemak batzar nagusia, eta bertan bildu ziren mankomunitatea osatzen duten 73 udaletako ordezkariak. Hainbat erabaki hartu zituzten, tartean 2016ko lan ildoak zehaztu zituzten, aho batez.

Helburu nagusietako bat udalerri euskaldunen lurgunea osatzea eta saretzea izango da, eta horretarako udalerri gehiago gehitzeko asmoa dute. Zentzu horretan, Ea (Bizkaia) sartzea erabaki dute, aurrez herri horretako udalbatzak hala onartuta. «Uemara udal berriak gehitu edo lehen zeuden batzuk aterako ote ziren zalantzekin hasi genuen agintaldia», aitortu zuen. «Hein handi batean zalantza horiek gainditzea lortu da; kasu batzuk bide onetik bideratu dira. Beste batzuk, Lesakak esaterako, ateratzeko erabakia hartu zuen eta gaur gauzatu da irteera». Lesakak (Nafarroa) utzitako «hutsunea» egun berean beste batek bete zuen, ordea, Eak.

Horrekin batera, Labakak aurreratu zuen 2016 bukaerarako 80 udaletik gorak osatu dezaketela mankomunitatea. «Zenbait udalekin harremanetan gaude, eta batzuk interesa agertu dute Ueman sartzeko. Hala, ekaineko batzarrean beste hainbat sartuko dira mankomunitatean».

25 urte beteko ditu aurten Uemak —Aizarnazabalen eratu zuten— eta urtea mankomunitatea erakunde gisa sendotzeko baliatuko dute. Horretarako, urte osoan zehar hainbat ekimen antolatu dituzte. Horien artean, bat nabarmendu zuen: maiatzaren 28an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna. Leitzan (Nafarroa) ospatuko dute. «Eskualdetik harago, nazio mailako ospakizun bat izatea nahi dugu. Udalerri euskaldun guztiei irekitako egun bat, ez Ueman soilik zentratutako dena. Ueman ez dauden udalerri horiek ere badirelako euskararen arnasguneak eta horiek ere bildu nahi ditugulako egun horretan», zehaztu zuen.

Euskalduntzea

Udalerrien «erabateko euskalduntzea» du Uemak helburu, eta udaletatik abiatuta, administrazio publikoak euskalduntzeko lanean jarraituko du. «Administrazio publikoek eredu izan behar dute; zerbitzuak euskaraz emateko betebeharra dugu legez. Hortan Uema eredu da, eta horretan jarraitu behar dugu». Herrira salto egiteko beharra ere ikusi du: «Herritarrak ahalduntzeko saiakeran, hainbat tailer eta kanpaina abiatu ditugu, eta emaitza onak ari dira ematen. Euskararen erabilera sustatzeko oso garrantzitsuak dira dinamika hauek».

Izan ere, udalerri euskaldunen inguruan egin diren azterketek erabileraren eta ezagutzaren inguruan «atzerakada» bat egon dela erakutsi dute, Labakaren esanetan. «Joera hori gelditu eta irauli nahi dugu, arnasguneetan euskarak nagusi izaten jarrai dezan».

Zentzu horretan, udalerri euskaldunak «arnasgune diren heinean behar bezala zaintzeko» beharra ikusi dute, eta udalerri euskaldunak «areago erdalduntzeko arriskuari» aurrea hartzeko  Eragin Lingustikoa Ebaluatzeko tresnari arreta berezia jarriko diote.

UEUrekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean sortu zuten tresna hori, udaletako askotariko egitasmoek hizkuntzarengan izan dezaketen eragina kontuan hartuta horiek lantzeko helburuarekin.

25. urteurrena, maiatzean

Urte berezia izango da aurtengoa Uemarentzat;  25 urte beteko ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. «Duela 25 urte Aizarnazabalen 17 udalerrik sortu zuten mankomunitate hori, eta  beste hainbat eta hainbat udalerrik jarraitu dute helburu horrekin. Gaur, 25 urte beranduago, Uema da Hego Euskal Herriko lau herrialdetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra eta handiena», gaineratu zuen Labakak. «Euskararen inguruan lan egiten duen mankomunitate indartsua da, egindako lanak eredu bat jartzen du mahai gainean, batez ere, udalen euskalduntzean egin duen ekarpenak».

Uemako lehendakariak nabarmendu zuen bere garaian apustu hori egin zutenek «ilusio handiz» egin zutela, eta 25 urte ondoren Uemak gaurkotasuna izaten jarraitzen duela, «funtzio garrantzitsua» betetzen duela, «euskararen arnasguneak euskaldunek eta bere hizkuntzak duten altxor bat direlako».

Era berean,  gehitu zuen Uemak euskararen normalizazioan ekarpen «garrantzitsuak» egiteko  aukerak dituela, eta hori dela, hain justu, egin nahi dutena. «Uemak biltzen dituen udal guztiak zein udalerri horietan euskara indartzeko prest dauden eragileekin bide on bat egiteko aukera dugu, eta horretan saiatuko gara», adierazi zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide