Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Urola Kostako HITZA-k

Urola Kostako Hitza 2015eko abenduaren 22a

Bikain ziurtagiriak banatu zituzten atzo, abenduak 21, eta han izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Confebaskeko presidente Ramon Larrañaga.

Bikain Eusko Jaurlaritzak duen ziurtagiria da, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu. Ziurtagiria eskuratzeko aurrez ebaluazio bat pasatu behar da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa
Urola Kostako HITZA-k goi mailako puntuazioa jaso zuen egindako kanpo ebaluazioan eta hori aitortzen duen urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen atzo.

Guztira 65 ziurtagiri banatu dituzte aurten eta aurreko urteekin alderatuta sekulako jauzia izan da, orain arteko urteko media 28 ziurtagirikoa baitzen.

Azpeitiko Uztarria-k urrezko ziurtagiria jaso du, eta Antzibar SAU eraikuntza enpresak zilarrezkoa.

Orioko Karkara-k ere urrezkoa jaso du, eta Zumaiako Baleike-k ere urrezko ziurtagiria jaso du. Zumaiarekin lotuta, Gerozerlan Otezuri zentroak zilarrezkoa eskuratu du. Zestoako San Juan Fundazioak, berriz, urrezkoa jaso du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide